Juantxo EGAÑA
BEHATXULOTIK

Errepublikako aire indarren buru izan zen Gasteiztarra

Gasteizen jaioa, Ignacio Hidalgo de Cisneros (1896-1966) familia karlistakoa zen eta 1936ko gerran Errepublikako Aire Indarren buru izan zen pilotu bat izan zen. Afrikako Gerran, ziape gasezko bonbak botaz, riftarren posizioak bonbardatu zituen airetik. Goian ageri den argazkia garai horretakoa da. Urte batzuk geroago, «zitalkeriatzat» jo zituen bonbardaketa horiek eta damututa agertu zen. 1930eko abenduaren 15ean, Madrilgo Cuatro Vientos aerodromoko erasoan parte hartu zuen Errepublika aldarrikatzeko ahaleginean. Besteak beste, errege jauregia airetik bonbardatzea zen bere helburuetako bat, baina ez zuten halakorik egin. Saiakera horren ondoren, lehenik Portugalera erbesteratu zen eta gero Frantziara. 1931n Errepublika aldarrikatu ondoren itzuli zen. Harremana izan zuen –kasu batzuetan laguntasuna– Antoine de Saint-Exupery, Rafael Alberti, Teresa Leon, Federico Garcia Lorca, Pablo Neruda, Ernest Hemingway, Eleanor Roosevelt, Robert Capa, John Dos Pasos eta Andre Malrauxekin, besteak beste. 36ko gerran eta errepublikar hegazkingintzako buruzagi postutik, 1937an, Erroma, Italia faxistako hiriburua, bonbardatzea proposatu zion Negrinen gobernuari, baina azkenean baztertu egin zuten plana. 1938an Alderdi Komunistan afiliatu zen eta Ebroko batailaren ondoren Stalinekin hegazkinak, tankeak eta armak erosteko negoziazioetan parte hartu zuen. 1939ko martxoan erbesteratu zen beste buruzagi komunista batzuekin batera. Alderdi Komunistako batzorde zentraleko kidea, Parisen, Varsovian, Moskun eta Bukaresten erbesteratuta egon zen, eta 1966an hil zen. 1994an, Gasteizko hilerrian utzi zituzten haren gorpuzkiak.