Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
Elkarrizketa
Fernando Etxeberria
Aranzadi ikastolaren lehen zuzendaria

«Espero dut egunen batean euskaraz bizitzea normala izatea»

Ezkurrako seme hau memoria kondentsatua, ondare nazionala, altxorra da. Bergarako ikastolaren sorreran, ehunka andereño eta maisuren lanpostuen alde egindako ekarpena errepasatu dugu.

0604_gaur8_etxeberria1
0604_gaur8_etxeberria1 (Iñigo URIZ | FOKU)

Plazera da Fernando Etxeberria Mariezkurrenarekin (Ezkurra, 1942) aritzea. Jakintza eta esperientzia handikoa da, irakaskuntzan, herrigintzaren jardunean, asko bizitakoa eta asko emandakoa. Domingotar izandakoa, Bergaran hasi zen irakasle eta joan den astean 50. urteurrena ospatu zuen Aranzadi Ikastolaren lehen zuzendaria izan zen. Herritik sortu eta herriaren taupadarekin hazi da ikastola, baina baita domingotarren bultzadarekin ere. Errege Seminarioko errektore eta han kokatu zen UNEDeko idazkari izan zen. Urteetan kartzelaz kartzela euskal presoen ikasketak laguntzen, ehunka maisu eta andereñoren lanpostuak legeztatzen jardun du, eta horretaz guztiaz aritu gara berarekin.

Domingotarra izan zinen, eta zure lehen irakasle lana Bergaran hasi zen.

Bai, Salamancan amaitu nituen ikasketak eta Bergarako Lan Institutura bidali ninduten irakasle.

Bergarako Errege Seminarioaren eraikinak mendeetako historia luze eta merituzkoa du. Zein izan zen zuk ezagutu zenuen eraikin honen erabileraren azken etapa?

1880an, Estatuaren jabetzakoa zen eta hutsik zegoen eraikina Gasteizko Gotzaindegiari laga zitzaion domingotar komunitate batek irakaskuntza ertaineko eskolak eta beste katedra batzuk eman zitzan, Estatuak beste erabilera batzuetarako erabiltzea egoki ikusten ez zuen bitartean.

Eta domingotarrak eraikinean finkatu ziren.

Lehen etapan Bigarren Hezkuntza mantendu zen (1880-1930), eta bigarren etapan Industria modalitateko Lan Batxilergoko Institutu izan zen (1959-1972). Bi etapetan barnetegia mantendu zuen.

Lan Institutuko errektore izendatu zintuzten, eta 1971-72 ikasturtearen amaieran itxi zenituen ateak. Zergatik?

1971n, Madrilgo Gobernuak herrian irakaskuntza ertaineko ikastetxe publiko bat sortzeko hartutako erabakiaren ondoren, domingotarrek ikastetxe teknikoa itxi eta, Seminarioko errektore gisa, eraikinaren geroari eta irtenbide posibleei buruzko azterlan bat egiteaz arduratu nintzen. Proposatu nuen lehenengo gauza eraikina herriarentzat izan behar zela izan zen: eraikinaren zati bat gizarte ekintzarako eta beste bat ikastolarako eta Haur Santuaren ikastetxerako –legeztatua zegoen eta OHOko eskolak ematen zituen–. Herriko elkarte adierazgarrienei aurkeztu nien, Bergarako Kultur Ekintzari (Promoción Cultural Vergaresa) eta Alkartu-Nairi.

Zein izan zen domingotarren azterketa eta proiektua?

Azterketaren arabera, ikastetxe ofizial berri hori nahikoa zen Bergarako ikasleentzat, eta are hobeto publikoa, mistoa eta doakoa bazen. Proiektuan planteatzen zen, Errege Seminarioaren eraikina hutsik eta erabilgarri geratuz gero, herrian zeuden eta bitarteko eta eraikin prekarioak zituzten irabazi asmorik gabeko behar sozial eta kulturalei arreta eskaintzea.

Zein ziren hartzaile posibleak?

Hamalau elkarte: Aranzadi ikastola, Gureak tailerra, Juan Mari Errastik eta Juan Carlos Barrenak zuzendutako Elbarri-Lan tailerra urritu fisikoentzat, Jubilatuen Kluba, Kabinete Psikopedagogikoa, Gazte Kluba, Alargunen Kluba, Zientzia Museoa, Ikusmena Berreskuratzeko Zentroa, Aspace, Odol Emaileak, Udal Liburutegia, Haurtzaindegia eta, gero, UNED. Esan behar da, bestalde, domingotarren parte-hartzea ezinbestekoa izan zela. Izan ere, haiek irakaskuntza eskaintzeko emandako eraikina erabiltzeari uzten bazioten, pentsatzekoa zen Estatuaren eskuetara itzultzea.

Esan didazunez, proiektua lehenengo aurkeztu zenuen Bergarako Kultur Ekintzan.

Bai. Elkarte hau 1967an jaio zen herrian hezkuntza eta kultura arloan zeuden beharrizan ugariei erantzuteko, eta egia esan, behar batzuk arindu zituzten.

Eta zein izan zen harrera lehen harreman horretan?

Etsigarria izan zen, gehienek, atsekabe historikoarekin, eraikina unibertsitateko fakultate posible baterako gordetzea nahiago zutelako, zientzia kimikoen balizko fakultate baterako. Eta errealitatea zen oraindik ez zegoela Euskal Herriko Unibertsitaterik, eta Euskadin Zuzenbide Fakultatea baino ez zegoela, Valladolideko Unibertsitatearen mende.

Bigarren urratsa Alkartu-Nairi aurkeztea izan zen.

Elkarte hori 1970ean sortu zen, eta 29 elkarte eta ermandadek osatzen zuten (kulturalak, gastronomikoak, kirolekoak, jolaserakoak...). Asko eman zion Bergarari. Ekintza bateratu eta solidarioa egiten saiatzen zen, herriaren behar asistentzial eta sozialei aurre egiteko. Eta guztiak, aho batez, proiektuarekin identifikatuta sentitu ziren.

Noiz joan zinen udaletxera?

Hirugarren urrats honetan, Alkartu-Naiko kideek lagunduta joan nintzen. Luis Lascurain alkate frankista haserre zegoen lehenago kontsultatua izan ez zelako, eta zeharo iraingarri, hizkera garratza erabiliz, domingotarrek herritik martxa egitea eskatu zuen. Guk Bergaratik alde egitea eskatu zuen, deserriratzea, horixe planteatzera iritsi zen. Gogoan dut bertan zeuden bi kidek, Jose Luis Elkorok eta Juanjo Arrietak, aurre egin ziotela eta aurpegira bota ziotela herri osoaren onerako aurkeztutako proiektu baten aurrean izan zuen jarrera lotsagarria. Hurrengo egunean Errege Seminarioan aurkeztu zen barkamena eskatuz eta udal eskoletarako gutxienez oso premiazkoak ziren bi gela eskatuz. Egia esan, eraikina Udalak kontrolatzea nahi zuen. Hala ere, ikastolekiko zuen begikotasun politiko eskasa ezagututa, nik erantzun nion edozer erabaki aurretik Donostiako Gotzaindegiaren eta nire domingotar nagusiaren adostasuna behar nuela. Oso argi neukan alkateak nahi zuena ez nuela inolaz ere onartuko.

Egoera horrekin, zein izan ziren hurrengo urratsak?

Elkarrizketa bat izan nuen Jacinto Argaya Gipuzkoako orduko gotzainarekin, nafarrak ginen biak, eta nire domingotar nagusiarekin, eta bata eta bestearen babesa erabatekoa izan zen gure proiektua aurrera eramateko.

Joan den astean Aranzadi Ikastolak berrogeita hamargarren urteurrena ospatu du. Hitz egingo didazu bere jatorriaz?

Diktadura frankistaren testuinguru hartan euskara ofizialki debekatua, jazarria eta irakaskuntzatik baztertua zegoen. Ikastolako edozein proiektu legez kanpokoa zen eta klandestinitatean bakarrik zen posible.

Ikastola Bergaran, beste leku batzuetan bezala, klandestinitatean jaio zen?

1933an bazegoen eskola txiki bat, Ariznoako Euzko-Ikastola, Maria Ojanguren andereño aitzindariaren inguruan. Esperientzia horrek iraun zuen Bergara frankistek 1936an hartu zuten arte, eta Maria bi urtez erbestera bidali zuten arte. Gero, 60ko hamarkadan, frankismo betean, pertsona talde batek, adore eta arriskuarekin, ikastola baten antzeko zerbait sustatu zuen. Lehenik, bi ikastetxe pribaturen inguruan (San Martin Agirre eta Koldo Elizalde), Parrokiaren laguntzarekin, euskaraz irakasten zuten. Ondoren, bi ikastetxe horiek bat egin zuten Haur Santuaren ikastetxe elebidunean. Azkenik, Errege Seminarioan amaitu eta 1975ean legeztatu zen, Aranzadi Ikastola izenarekin.

Atzera eginez, konta iezadazu nolakoa izan zen Errege Seminarioan sartu izana.

Ikastolako zenbait gurasorekin adiskidetasuna nuenez (Vinicio Berasategi eta Martin Arana, besteak beste), Haur Santuaren ikastetxeko titularrarekin, Jose Amilibiarekin, harremanetan jarri ginenean, eraikina prestatuta eskaini genien, beharrezko ikasgelekin. Baina bazen lege arazo bat, domingotarrek, eraikinaren gozamendunak izanik, eskolako eginkizunak zituzten; ezin ziren desagertu, eraikina nolabait erabiltzen jarraitu ahal izateko. Legezkotasun hori betetzeko, familiako gurasoek ikastolako zuzendari izendatu ninduten, behin-behinean, eta beste bi domingotar irakasle gisa sartu ziren: Jesus Zamora, ikastolan ingelesezko eskolak ematen zituena, eta Jacinto Sanchez, eskulanak eman eta aldi berean mantentze lanez arduratzen zena. Hitzeman genuen, aurrerago, ikastolak normaltasunez funtzionatuko zuenean, domingotarrek bidea libre utziko zutela, ikasleen gurasoek ikastolarentzat erabakirik egokiena har zezaten.

Frankismoaren urte horietan, nola bizi izan zenuen ezkutuko ikastola baten egoera?

Hasiera batean, gure ikastolak bi abantaila izan zituen: bata, zuzendaria fraidea zela, eta, bestea, hasierako titulartasuna Haur Santuaren ikastetxearena zela, eta erregimenak Jose Amilibia titularra errespetatzen zuela. Izan ere, funtzionarioen jarrerak (Hezkuntzako ikuskatzaileak eta idazkariak), euskaldunen aurkakoak eta ikastolekiko antipatia nabarmena izanagatik ere, gure lanean jarraitzeko bidea ematen zigun askotan. Adibidez, ikuskatzaileak etortzen ziren, eta zuzendaria fraidea zela jakitean, beste jarrera bat hartzen zuten. Dirulaguntzak jaso zituen lehen ikastoletako bat izango ginen; hala aitortu zidan behin idazkariak, lehen ikastola izan ginela. Nik uste titularra Jose Amilibia zelako. Haur Santuaren ikastetxe elebidunerako eskatzen genituen, baina titulartasuna titulartasun, bazekiten benetan ikastolarentzat zela.

Orduan, ikastola bezala legeztatzea prozesu geldoa izan zen?

1972an, behin-behinean, "Aranzadi" izena erabiltzen genuen, eta titularrak domingotarrak, Gurasoen Elkartea eta Jose Amilibia ziren. Hurrengo urtean behin-behineko legeztatzea jaso genuen eta 1975eko uztailaren 10ean behin betikoa. Une horretan, Maria Victoria Arizmendiren esku utzi nuen ardura, eta unibertsitateko Filosofia ikasketak amaitzeko Dominikar Errepublikara jo nuen.

Zu bertan ez zinela, Bergaran UNED sortu zen, eta itzultzean ikastetxeko idazkari izendatu zintuzten.

Nik egitura akademiko publiko bat aurkitu nuen, unibertsitateko karrera askotarikoak arautu gabeko edo unibertsitateko beste karrera batzuekin uztartzen zituena. Horrela, Euskal Herriko historia eta kulturarekin, berrikuntza pedagogikoarekin edo master baten mailako gai oso espezializatuekin (gerontologia, kontsumoa, praktika juridikoa, liburutegia eta beste batzuk) lotutako jarduerak eta argitalpenak sortu ziren. Nik UNEDen eta Eskoriatzako Irakasle Eskolan partekatzen nuen nire irakaskuntza, eta bi erakundeen artean unibertsitateko titulurik ez zuten euskarazko andereño eta maisuei irakasle ikasketak eskaintzeko aukera hausnartzen joan zen. Plangintza bat proiektatu nuen: titulua Irakasle Eskolak eman zezakeen –UNEDek ezin zuen, karrera guztiak bost urtekoak zirelako–, baina UNEDen urrutiko irakaskuntza metodoa erabil zitekeen.

Eta testuinguru horretan, ikastolen bizitzarako plan aitzindari eta ezinbesteko batek forma hartu zuen, bertako irakasleen titulazio ofizial gisa.

Dena legeztatu nahi zen une hartan, ikastolek titulurik gabeko irakasle asko zituzten, urteetako esperientzia zutenak. Bestalde, adin eta lan egoera kontuan hartuta, ezin zuten ikastaro arautuetara joan. Ikastolen eskari orokorra ikusita, Euskal Herriko Unibertsitateko Errektoretzak ez zuen irtenbiderik ematen eta ezarrita zegoen horretan babesten zen. Egoera horretan, Bergarako UNEDetik Eskoriatzako Irakasle Eskolako titulua bideratzeko UNEDen dispositibo guztia antolatzeko aprobetxatu nahi izan genuen. Eta orduko Euskal Herriko Kontseilu Nagusiaren (artean ez zen Eusko Jaurlaritza existitzen) hezkuntza titularra zen Carlos Santamariarekin harremanetan jarri eta hark onartu eta berretsi egin zuen.

Eta nola lortu zuten irakasle titulua batxilergorik gabeko irakasle haiek?

25 urteko sarbide azterketa eginda, eta gehienek pasatu zuten. Izena eman zuten lehenengoek erraz gainditu zituzten probak: gaurkotasuneko gai bat idaztea (adibidez krisi energetikoa, jaiotza kontrola...), euskarazko testu bat gaztelaniara itzultzea eta test psikotekniko bat, erraz.

Eta zu koordinatzailea zinen erakunde horretan, zein zen antolaketa zehatza?

Bi talde ezarri ziren: bata astean bi egun arratsaldez eta bestea ostiral arratsaldez eta larunbat goizean, urrutikoei Bergaran gaua pasatzeko aukera ematen ziena. Azken ikasturteetan zuzenean matrikulatu ziren Eskoriatzako Irakasle Eskolan, eta Iruñean ere eman ziren eskolak.

Nolakoa izan zen pertsona helduekin eta euskararen aldeko urteetako borrokarekin izandako esperientzia hura?

Balorazio orokor batean esango dizut esperientzia berritzailea eta oso parte-hartzailea izan zela. Lehenik eta behin, edozein berrikuntza pedagogikotara irekitako pertsonak ziren, etengabeko bilaketara ohituta baitzeuden, eta gero, eskolak intentsitatez bizitzen ziren, haietan ahalegin handiz eta batzuetan baliabiderik gabe sortutako praktika pedagogikoak eztabaidatzen baitziren.

Eta zenbat lagunengana iritsi zen plan hau?

Nik kalkulatzen dut, gutxi gorabehera, UNEDen 800 bat andereño eta ikastetxe ofizialetako euskara irakasle baino gehiagorengana iritsiko ginela, beren egoera akademikoa legeztatu eta lanpostuetan jarraitu ahal izan zutenak. Izan ere, arriskuan zeuden lanpostuak, kontu egin Euskadin urtero 200 maisu-maistra baino gehiago titulatzen zirela, eta legez lehentasuna izango lukete lanpostu horiek betetzeko. Gainera, horietako asko euskararen aldeko borrokaren aitzindariak izan ziren beren lekuetan. Nik oroitzapen berezia daukat irakasle titulua lortu zuten Bergarako Aranzadi Ikastolako andereñoentzat: Lupe Olabarria, Karmentxu Arraiago, Izaskun Jimeno, Blanca Narbaiza, Bego Zubizarreta, Marije Gurrutxaga, Edurne Barrutia, Maite Guridi, Arantxa Fernandez de Arroyabe, Karmele Gisasola, Arantxa Arrieta eta baita Inazio Arregi maisua ere.

Fernando, zure denboragatik eskerrak ematearekin batera, erretiro aktiboa izan dezazun opa dizut. Amaitzeko, etorkizunerako desio bat esadazu.

Espero dut egunen batean euskaraz bizitzea normala izatea.