Itzea Urkizu Arsuaga

Tranpa bat hondarretan

Hona ekartzen ditudan burutazioen irakurle nahiko fidela dut lagun bat. Tamalez, denbora da aurrez aurre ez dugula elkar ikusten, baina nola-hala hitz egiten dugun bakoitzean izaten du nire berri. Akaso eta beharbada gardenegia naizelako hemen; ia beti nire bizitzaz edo bertan jazotzen diren kontutxo txikiez aritzen naizelako. Inori inoren bizitza partikularra axolako balitzaio bezala, bizitzaz oro har aritzeko.

Esaldi horri puntua jarri, eta memoriak ezpainetara ekarri dit, segituan, apalategian tolesturaz eta azpimarraz josita dudan eleberri bateko aipu eder bat, zeinetan irakur daitekeen: “Nitaz idaztea da zutaz idazteko nire modua” (Alaine Agirre, X hil da). Hori, edo pertsonala, pribatua, bizitza, politikoak direla. Esan modu poetikoagoan, esan termino esplizitu edo, nahi bada, objektiboagotan. Baina ideia horren iturriari aspaldiko hamarkadatan darion emaritik edan gabe, guztiz ezinezkoa litzateke gaur, hemen, orain, emakume izendatuok aldatzeko eta lortzeko dugun guztiaz hitz egin eta idatzi ahal izate hutsa.

Hemezortzi urterekin boto-papera hartu eta kutxan sobrea estreinakoz sartu. Gurasoen habiatik irteteko eta langile-bizitzan sartzeko aukerak aztertu. Ekiten diozun bideari ekiten diozula, zure kuadrillako zenbait –ekiten dioten bideari ekiten diotela– beti zurea baino goragoko klase sozial eta ekonomiko batean egongo direla jakin. Zure irakasle ezkertiar zakildunak zure irakasle ezkertiar aludunak baino soldata altuagoa duela eta horren aurrean zirkinik ere egiten ez duela berretsi. Taberna-zuloan ipurdia ukitu berri dizun izaki horri hankartean ostikada bat jo. Bizitza osoan egindako zaintza eta garbiketa lanak lan, zure amak sekula erretiro-pentsiorik jasoko ez duela pentsatu. Erditu ondoren lanera itzuli, eta osasuna galdu zaintza partekatuaren kontu hori guztia benetan gauzagarria izateko ahaleginean. Gertatzen zaigun guztia posizionamendu politiko batetik irakurri.

Errealitate-zerrenda hori urrun dago finitua izatetik, eta behin betiko amaiera ez dio ahots, buru eta ikuspuntu anitzetatik datorren mugimendu batek baino emango. Bide horretan, kosta egiten zait inguratzen gaituen gizartearen irakurketa horietara iristeko bidea tranpa, iruzur, engainu edo maula gisa identifikatzea. Aldiz, oso erraz ikusten dut feminismoa eta despolitizazioa esaldi berean sartzeak bere horretan sortzen duen oximorona.

Udaberri-hondar honek ekarri du gurera halako galerna-giro bat. Eta, bat-batean, zenbaiten begietara arinkeria eta hutsaltasun bilakatu da mendeetan zapalkuntza-eredu guztiak zalantzan jarri, eta haiek gainditzeko bideak urratu dituen mugimendu baten ibilbidea eta zilegitasuna. Eta, jakina da enbatak zer dakarren: haize bortitza, zalapartak, korri egin beharra, begiak pixka bat irekitzeko ezintasuna, eta elkarri itsatsita zeuden hondar-aleak ikaragarri aldentzea. Baina, zer da ba galerna, hareatza osoa beraientzat nahi duten udatiarrentzako amarru perfektua ez bada. •