Mazunte, dortokak eta turismoa: Irtenbidea arazo bilakatzen denean
Munduan zortzi itsas dortoka mota daude, eta horietatik zazpi, Mexikoko hondartzetara iristen dira arrautzak errutera. Duela 40 bat urte bertan jaiotako dortoka olibakara bati ez zaio bizitza luzea geratzen. Bere bizi itxaropena agortzen ari den honetan atzera begiratuko balu, ordea, kostatuko litzaioke bizitza batean hainbeste aldaketa kabitzen direla onartzea.
80ko hamarkadan, ehizak dortoken populazioa mugara eraman zuen Mexikon. Kostaldeko komunitateetan, dortoken –eta batik bat, arrautzen– kontsumoa ohitura tradizionala zen, eta leku batzuetan oraindik ere bada, baina ez da hori dortokak arriskuan jarri zituena. Esportazioa jomuga zuen ehizak eraman zituen kinka larrira narrasti hauek; estatu espainola eta Italia ziren, neurri handi batean, helmuga. Krokodiloen ehiza mugatzen hasi zen heinean hasi zen dortokena. Altxor preziatuenak azala eta oskolak ziren arren, dortoka espezie desberdinak gauza desberdinetarako erabiltzen ziren; esate baterako, karei bezala ezagutzen da oraindik betaurreko armazoien kolore jakin bat, izen hori daukan dortokarekin egiten zirelako bere garaian.
1990ean Mexikok dortoken ehiza debekatu zuen, eta horrekin batera, proiektu batzuk abiatu zituen, ehizatik bizi ziren komunitateei beste diru sarrera batzuk bermatzeko. Apustua ekoturismoa delakoa izan zen; gutxik imajinatzen zuten, ordea, orduko irtenbideak sortuko zituela egungo arazoak.
Mazunte, epizentroa
Plan hori Mexikoko leku desberdinetan garatu zen, baina Mazunten izan zuen epizentroa. Orduan 500 bat bizilagun zituen herrixka arrantzale txikia mapetara iritsi zen, han erabaki baitzuten ezartzea Mexikoko Dortoken Zentroa. Arrazoia bikoitza izan zen, zentroko Turismo eta Hezkuntza koordinatzaile den Mireya Viadiuren arabera: batetik, dagoeneko turismo gune garrantzitsuak ziren Puerto Escondido eta Huatulcoren artean geratzen da herria; bestetik, bertan zegoen, San Agustinillon, dortoken merkatu handiena. 1990eko debekuak gogor kolpatu zuen herria, eta alternatibaren bat abian jarri behar zen.
Gaur egun itxura apur bat zaharkitua eta neurri batean dekadentea erakusten duen arren, bisitariak erakartzen ditu oraindik Dortoken Zentroak, mexikarrak batik bat. Guanacaste zuhaitz handien itzalpean, hamaika dortoka mota daude ikusgai, bai bertakoak, bai kanpokoak. Lan nagusia, ordea, ez dute bisitariekin egiten, dortokekin baizik, eta arrakasta handiarekin. Dortokak babesteko planei esker, duela 25 urte arriskuan zeuden espezie ugariren populazioak gora egin du.
Baina ezer ez da erraza izan beti baliabide urriak izan dituen zentro honetan. Agian patuak bere oharra utzi zuen inaugurazio egunean. Carlos Salinas de Gortari presidentea iritsi behar zen eraikin berria estreinatzera, baina 1994ko martxoaren 23 hartan Luis Donaldo Colosio Murrieta hil zuten Tijuanan. Salinas de Gortariren lekukoa hartzeko hautagai ofiziala zen Colosio, diskurtso subiranista eta neurri batean ezkertiarrago batekin. Hilketa inoiz argitu izan ez den arren, PRI alderdi barruko barne liskarrei egotzi zaie beti. Edonola, orduko presidenteari eguna korapilatu zitzaion, eta Mazunteko zentroak inaugurazio ofizialik gabe ireki zituen ateak.
Non daude zuhaitzak?
Asko aldatu dira gauzak ordutik, baina dortoken populazioak gora egin duen arren, arriskuan jarraitzen dute narrasti hauek. Hori bai, mehatxuak desberdinak dira. Nagusia zein den galdetuta, Viadiuk ez du zalantza izpirik erakusten: «Niretzat, turismo eredu hau». Zentroa martxan jarri eta bi urtera iritsi zen bera zentrora, duela 26 urte. Dioenez, garai hartan, Mazuntetik Puerto Escondidora doan errepidetik ez zen itsasoa ikusten ia helmugara iritsi arte. «Gaur egun bide guztian ikusten da itsasoa, lursail guztiak zatitu dituzte, saldu dira edo salgai daude, eta zuhaitzak moztu dituzte», azaldu du. Boom handiak 2015. urtearen inguruan egin zuen eztanda, Mazunte Mexikoko “Pueblo mágico” izendatu zutenean.
Ez da bakarrik Viadiuren iritzia. Mexikoko gune natural babestuak kudeatzen dituen erakunde federalak (Conanp, gazteleraz) ere horrela jasotzen du bere dokumentuetan, turismoa zuzenean aipatzen ez duen arren. Hauxe dio, adibidez, hasieran aipatutako dortoka olibakarari buruz: «Mehatxu nagusien artean habia egiteko hondartzen eta kostako ingurumenaren degradazioa dago, giza jardueraren areagotzeak eraginda». Ehizaren aurretik agertzen da beti arazo hau.
Hau ez da Mexiko
Baina nolakoa da Mazunte? Oaxakako hegoaldean kokatutako herria da; badia, lurmutur eta hondartza txiki eta luzez harilkatutako kostalde eder batean iltzatuta dago. Ozeano Bareak gogor jotzen du maiz, baina Rinconcito bezalako hondartzetan beti topatu daiteke bainu epel bat hartzeko aukera. Surflariak ere ez dira aspertzen ingurunean. Ilunabarrak paregabeak dira Punta Cometatik. Leku oso ederra da.
Puerto Escondido eta Huatulco lotzen dituen autobidetik atera eta segituan Mazuntera iristean, ordea, azkar antzematen da ez dela ohiko gune turistiko bat. Ez dago hotel handirik, asfaltoa hiruzpalau kalera baino ez da iritsi, eta jendea oinutsik eta kamiseta gabe dabil kalean, dendetan eta jatetxeetan. Utopia hippy bat begi aurrean zabaltzen dela dirudi, lehen kolpe batean. Hau al zen ekoturismoa?
Ezta halakorik ere. Mazunte ez da komuna bat, europarrez eta estatubatuarrez betetako burbuila baten antz handiagoa dauka. Badaude mexikarrak, jakina, baina gehienak lanean daude, eta hondartzara iristen direnek kamiseta ez dute bainatzeko ere kentzen. Ez da bertako ohiturak jarraitzen dituen eredu bat, munduko toki galduenean zaudela irudikatzen duen eszenatoki bat da, akaso, jatetxe japoniarrez, teteria arabiarrez eta masaje thailandiar zerbitzuez hornitutakoa. Mexikon gaude, baina Polinesian egon gintezkeen. Apartamentu eta ostatu gehienek eskaintzen dute dagoeneko aire egokitua, eta gero eta gehiagok daukate igerilekua. Han eta hemen topatu daitezke eraikuntza berrien obrak.
Pareta batean, tupustean, Pepe Mugica uruguaitarraren argazkiak ibiltariaren arreta bereganatzen du. Zer ote? «Zaintzaren profesionala bazara, edo ongizatearen negozio bat badaukazu, zure kontsulta betea nahi baduzu, benetako oparotasuna eta askatasuna nahi badituzu, negozio ausart eta errentagarri bat nahi baduzu, oiloak zaintzen zituen presidente batengandik ikasi nuena interesatzen zaizu». Testu horrekin iragartzen zen, Mugika gaixoaren aurpegiarekin batera, copywritting ikastaroa eta konstelazio familiarrak pakete berean saltzen zituen jardunaldia. QR kodearen bidez webgune batera iritsi eta bertan, amu bezala, honakoa: «Norbanakoaren bidea hautatu baduzu, basakeriaren aurrean, hau interesatzen zaizu». Mazunte honen, eta munduan dauden beste hamaika Mazunteren deskribapen psikodelikoaren aurrean ez ote gauden.
Turismoa bakarrik balitz
Dortoken begiradapean, Mireya Viadiuk «jendea nora datorren jakitearen garrantzia» azpimarratzen du. «Hemen jendeak ez dauka aire egokiturik, ezta igerilekurik ere, ozeano bat dauka parean, baina turista bere esperientzia bizitzera dator, moto bat alokatu nahi du, eta igerilekua eta aire egokitua nahi ditu», azaldu du. «Jendeak uste du dortokak ez jatearekin nahikoa dela hau zaintzeko, baina turista bezala uzten duzun arrastoan ere pentsatu behar da: zenbat ur kontsumitzen duzun, zer egiten duzun zure hondakinekin, eta abar», gehitu du.
Viadiuren arabera, «ekologismo kontzeptu nahiko nahasia» gailentzen da askotan. «Plastikozko tutu batek sudurra zauritutako dortoka baten bideoa birala egin zen Mexikon, kanpaina itzela egin zen, eta plastikozko tutuak debekatu zituzten. Orain hamaika materialeko tutuak ditugu, baina inork ez zion bere buruari galdetu benetan tutuak ezinbesteko produktu bat diren», jarri du adibide gisa.
Aldi baterako hippy gringo eta europarrak ez dira, edonola ere, mehatxu bakarra. Larrialdi klimatikoa ere iritsi da hona, beste edonora bezala. Mazunteri buruz ari gara, baina munduko edozein gune turistikori buruz ari gintezke; dortokei buruz dihardugu, baina arriskuan dagoen edozein animaliari buruz hitz egin dezakegu. Turismoak ez du Mazunten formula berezirik, mundu guztian hedatuta dagoen eredu jakin baten bertsio sasihippya da, etengabeko hazkundea behar duen sistema batek eta energia iturri merkeak izan dituen garai batek sortutakoa.
Konjuntzio horren atzean dago, neurri handi batean, larrialdi klimatikoaren funtsa ere. Lehen, dortokak maiatza eta ekaina artean hasten ziren hondartzetara iristen habia egitera, abendura edo urtarrilera arte iraun zezakeen prozesu batean. Orain, ordea, Viadiuk azaldu duenaren arabera, apiril beroan izan ezik, edozein hilabetetan iristen dira. Aldaketa nabarmena izan da.
Tenperaturen igoeraren arriskuak argigarriagoak dira. «28 gradu egiten dituenean, %50eko aukera dago arrautza batetik dortoka eme bat ateratzeko, eta beste hainbeste harra izateko. Tenperatura langa horretatik igotzen denean, eme ateratzeko aukera handitzen doa. Eta alderantziz tenperatura baxuagoekin», azaldu du Viadiuk. «Jakina aldaketa klimatikoak hemen ere eragiten duela», azpimarratu du.
Dortoken populazioa mehatxatuta egoteak bertako oreka ekologikoa arriskuan jartzen du, gainera. Adibide bat jarri du Viadiuk: «Dortoka berdeari ‘lorezaina’ esaten zaio hemen, algak jaten dituelako, eta arrezifeari lekua uzten diolako. Arrezifeak, era berean, funtzio ekologiko asko ditu, eta arriskuan dago. Dortoka berdearen lana ez da edonolakoa».
«Turismoak eta larrialdi klimatikoak dortoka populazio hauek kolapsora eraman ahal ditu, baina baita egokitzapenera ere. Iaioak dira horretan lagun hauek, hemen zeuden jada dinosauroen garaian, denbora asko daramate egokitzeko eta bizirauteko entrenatzen», dio Viadiuk. 26 urtetan Mazunten ikusi duenak zalantzak sorrarazten dizkio, ordea, gizakion aukeren inguruan: «Gehiago kezkatzen nau gure egoerak, egokitzapen gaitasuna galdu dugu, ezin dugu beroarekin, ezin dugu eltxoekin, igerilekuak nahi ditugu itsasoaren aurrean… halakoa da behintzat Mazuntera iristen den turismoa».