Suak erre ez dituenak
Bazterrak sutan izan ditugu aurreko asteetan, gure gehiegikeriak eraginda, agian. «Gure» diot, lotsagabe ez izateko eta betebehar osoa besteen gain ez jartzearren; horretan ere, guztiok dugulako zeresana eta zeregina, baino denok erantzukizun berbera ez dugulakoan nago.
Inoiz ikusi gabeko beroaldiak izan ditugu. Beroaldi hori hain beharrezkoa eta estimatua dugun Eguzkitik datorkigu; orain lehen bezala bero iturri bera dugu, baina bada zerbait orain, lehenago ez zena. Horretan adituak diren zientzialariak esan eta esan ari zaizkigu, lehenago euriteak bezala, erregai fosilen gehiegizko erabileraren efektua dela eguzkiaren erasana, aste hauetan gertatutakoa maiz errepika ez dadin erretzeari utzi behar diogula. Baina horren atzean negozio itzela dagoen bitartean, haiek aginduko dute. «Haiek» izen eta abizenak dituzte eta ez dute zientzialarien zentzu onaz entzun ere egin nahi. Zientzia ere gauza ona da sakelak betetzeko balio badie, ez bestela.
Su txar horiek maite ditugun bazterrak erre eta kiskali dizkigutenean, batzuk itzali eta geuk piztu ditugu beste suak, San Joan suak, udari ongietorria emateko, eta gure grina txarrak, barneko arrangurak, haserre eta ulertezinak, etsipen eta saminak, gordetako sekretuak... sutara eraman ditugu, gogoz bota, suak errauts egin ditzan. Erritu magiko horren bidez itxaropen, asmo, akordio, eta harreman osasuntsuak errautsetatik zutituko direla amestu dugu, dantza eta kantuz.
Hori hala balitz, eskatu duguna erre izan balitz, amaiturik egon beharko lirateke Ukrainako gerra, Mercedeseko langileen greba, Osakidetzaren zerbitzuen murrizketa, «Aita Mari»-ren itsasoratzea, Nafarroako suhiltzaileen demanda, presoen espetxeratzea, Seaskako guraso, irakasle eta ikasleen borroka, gazteen aurkako epaiketa bidea, pentsiodunen aldarria eta hainbat desio gure memorian gordeak.
Suak erre ez dituenak bihar ere hor izango ditugu bizitzeko, borrokatzeko eta amesten jarraitzeko. Jaioko dira kimu berriak. •