Gu eta bertzeak
Batzuetan hizkuntzak pertsonak bezala tratatzen ditugu eta, aldi berean, hiztunez atzentzen gara. Gero eta anitzagoak diren hizkuntza paisaiak euskara bezalako hizkuntza gutxituentzat mehatxutzat hartzeko joera dugu, baina ez dute zertan hala izan, hizkuntza ugariren hiztun potentzialak baikara. Begirada hori ere izan dezakegu hizkuntza batzuk bertzeekin lehian jarri ordez. Ohar gaitezen hizkuntza ezberdinen hiztunak izan gaitezkeela egoeraren arabera.
Baliteke hizkuntza batekin atxikimendu emozionala sentitzea eta bertze batekin ez, biak hitz eginda ere. Baliteke hizkuntza bat norberarena sentitzea mintzatu gabe. Ikastolen sortzaile aunitz erdaldunak ziren.
Eunice Romero mexikar jatorriko katalanak, Generalitateko Migrazioen eta Antiarrazismoaren arduradunak, elkarrizketan erran zidan bezala, hiztunei begiratuko bagenie, guk nahi dugun hizkuntza erreproduzitzen duten ahoak ez baizik eta pertsona osoak ikusiko genituzke, konplexuak. Beraien generoari behatuko genioke, aunitzek sufritzen duten arrazismoari.
Zenbat aldiz aditzen dudan oraindik «kanpokoak» eta «hemengoak» bereizketa. Gerta liteke azalaren koloreagatik «gu» horren barrenean sartzen ez dugun pertsona bat bertakoa izatea. Ijitoek arrazismo hori pairatzen dute. Nor gara «gu»? Zer gara «gu»? Kantuak dioen bezala, «euskaldunak gara gu»?
Etorkinak etengabe susmopean izaten ditugu eta, gainera, haien bizkarrean jartzen dugu batzuetan gure hizkuntza gutxituaren biziraupenaren ardura. Baina haien bizitza ez da muga zeharkatzean hasten, aitzinetik bazuten bizi bat, eta ondare handi bat dago hor ikusten eta baliatzen ez dena; hizkuntza aunitzen hiztunek aniztasun hori nola kudeatzen duten, adibidez. Haientzat hori ez da arazo bat.
Hizkuntza eskubideekin lotzen da, euskararen aldeko mobilizazioetan hala ikusi dugu azkenaldian. Duintasunarekin, askatasunarekin, aurrerapen sozialekin, errespetuarekin eta parekidetasunarekin. Ezberdinak izan arren zerbaiten parte senti gaitezkeelako denok. •