Itzea Urkizu Arsuaga

Zainetara

Hirugarren udaldia dugu hemen oporretan. Konfinamendu osteko udak hilabeteko haurrarekin harrapatu gintuen eta, geroztik, dela pandemia, dela erosotasuna, gariak, oloak eta mahastiek edertutako parajeotan egin izan dugu udaldiko erretiroa. Eguzkia egunez, freskura gauez eta ordu eta erdi baino ez errepidean, gure mundu honen oldarkortasuna performatzen dugun oihan basati horretan: «Nik horra iritsi behar dut eta, horretarako zure ordu erdiko itxaronaldia zapaldu behar baldin badut, zapaldu egingo dut; edo, behintzat, nire autoaren muturra erakutsiko dizut, aurrera zaitzakedala eta bolantean urduri sentiaraziko zaitudala jakin dezazun». Klasiko bat.

Honezkero zortzigarren herrialde bilakatu dugun honetakoa bizpahiru egunerako baino asetzen ez ninduen plana zen, eta akuilu eta itxaropen zait orain, ikasturtean zehar soka lepoan ibiltzen naizen momentuetan, arnasa luze hartzeko. Beste mila gauzaren artean, horixe izaten ari baita amatasuna nigan: uko egin, lehenesteko. Uko egin penintsulako edo kontinenteko edo munduko txoko batzuk ezagutzeari, orain behar dugun konfort eremu zoragarri honen alde. Sare sozialek antipodetan dabiltzan lagunen argazki betekada eskaintzen didaten arren, oporleku paradisiako edo exotiko edo dekadente horietara joateko ustezko gogoak eta beharrak telefonoaren aurrean kritiko bezain bekaizti kokatzen nauten artean.

Edo, uko egin duela hiru uda korrika ibiltzen nuen erritmo hari, haurrak sortzen dituzten gizonezkoek beren kirol markak saldoan nola hobetzen dituzten normaltasun harrigarriz ikusten dugun bitartean. Eta neronek irentsi ni naizela saldu diguten gezur handi horretako piezak modu desegokian kokatu dituena; hala ez balitz, iritsi beharko nuke lanera, zaintzara, militantziara, plazerera eta kirolera. Eta, beraz, irakurri ahalko nuke nire gorputza amatu ondoren amatu izan ez balitz bezala zizelkatu duen emakume baten gorputza balitz bezala. Gure haragia, giharrak, gantza eta bihurguneak gure sentitzeko beldurra zainetan egunero sartuko ez baligute bezala.

Ziztadena kontu berria balitz bezala. Emakumeok egiten eta, are, pentsatzen dugun guztia aurrez digeritutako beldur baten ondorioz egingo eta pentsatuko ez bagenu bezala. Gauez etxerako taxia ordaindu ahal izateko azken bi tragoak hartu gabe urteak pasatzea mekanismo beraren pieza ez balitz bezala. Kasualitatea balitz bezala, gure desioa eta sexu grina bizitzeko eta adierazteko moduak gure ahalduntze politikoarekin oraindik ere inkoherente izatea. Xiringena aspaldi betikotutako kontu baten errepide azkarra ez balitz bezala: «Nik larrua jo nahi dut eta, horretarako bortxatu behar baldin bazaitut, bortxatuko zaitut; edo, behintzat, nire xiringa erakutsiko dizut, zakilarekin egin nahiko nizukeenaren aperitibo gisa, bortxa zaitzakedala jakin dezazun». Klasiko bat.

Xiringa aurtengo udako kantua da, baina aspaldikoak dira erritmoak, eta kezkagarriena zera da: mass media, sare sozialak, Whatsapp taldeak, terrazetako solasaldiak eta hamaka elkarrizketak kantu horren erritmora dantzan ari direla. Berriz ere beldurra dela zainetara sartu digutena.