ERRALDOIAK

Euskal Herriko konpartsak ilusioz itzuli dira kale giroa sustatzen jarraitzeko

Bi urtez euren habitat naturala den kalean lasai ibili ezinik egon ostean, erraldoi eta buruhandiak bueltan dira herrietako jaiekin batera. Konpartsetako kideek aipatu digutenez, «desentrenatuta» baina «pozik» daude.

Aurreko bi urteetan izandako eragozpen guztien ondoren, aurtengo udan Euskal Herriko jai eta festek ohiko itxura berreskuratu dute. Eta programazio horietan ezin falta erraldoi eta buruhandiak. Nafarroan tradizio handia izan arren, beste herrialdeetan nabarmena da urte gutxian indar handia hartu dutela erraldoiek eta itzulera honetan ere argi geratu da hori.

Azpeitian, esaterako, uztailaren 24an berreskuratu zuten bertako erraldoien topaketa arrakastatsua, bi urtez ospatu ezinik geratu ostean. Eta hitzordua baliatu genuen konpartsa desberdinekin hitz egin eta itzulera hau zer moduz daramaten galdetzeko.

«Lehen sentimendua poztasuna litzateke», dio Gotzon Arzelusek, Bergarako Erraldoi Taldeko kideak. «Eskari pila bat jasotzen ari gara, eta ez gara bakarrak. Beste konpartsa batzuekin hitz egiten dugunean ikusten dugu denok gabiltzala topera. Herriak hasi dira erraldoiei merezi duten lekua eta arreta eskaintzen. Nafarroan beti egon da tradizioa baina Euskal Herriko beste herrialdeetan, nahiz eta beti egon den talderen bat edo beste, ikusten da dena suspertzen dabilela. Ikusi besterik ez dago zenbat talde, zenbat familia, zenbat jende bildu den gaur hemen, zer kale giro sortzen den. Gaitak edo dultzainak entzutea… poza da hitza», gaineratu du.

Arzelusek erraldoiek txikienen artean sortzen duten lilura nabarmentzen du, eta pandemiak egoera kuriosoa ekarri duela, haur askok telebistan ezagutu dituztelako kalean baino lehenago. «Bergaran urteurreneko erakusketa bat egin genuen gure ibilbidea errepasatzeko, eta juxtu pandemia egokitu zen. Pandemia amaitutakoan erraldoi batzuk jarri genituen areto batean eta kuriosoa zen: haur txikiek sekulako grina zuten erraldoiekiko, baina beti tabletan edo ordenagailuan ikusita. Eta kasu askotan lehen aldia zen aurrez aurre erraldoi bat ikusten zutela. Noski, geratzen ziren ahoa eta begiak zabal-zabalik zituztela, zer handiak ziren jabetuz. Zaila da esatea zer duten horrelako lilura sortzeko, baina ikusi besterik ez dago haurrek nola gozatzen duten».

Erraldoien panpinek ere arrakasta handia izan dute azken urteotan, kalean asko ikusten dira eta haur askoren ohiko jostailu bilakatu dira. Horren harira, Gotzon Arzelusek anekdota polita kontatzen du: «Gogoratzen naiz behin nola gure kalejira hasi eta atzetik pare bat haurrek jarraitzen ziguten panpinak buru gainean jarri eta beraiek ere gurekin batera dantza eginez. Horrelako gertaerek asko betetzen zaituzte».

Dantza taldea abiapuntu

2000. urtean sortu zen Bergarako Erraldoi Taldea, Arzelusek azaldu digunez. «Bergarako dantza taldea nolabait desagertu eta ondoren sortu zen gure taldea, jende hura izan zen bultzatzaile nagusia. Haur, guraso eta kide guztiak kontuan hartuta 100 bat lagun izango gara gaur egun. Noski, gero zaila da denak biltzea, jendeak bere zereginak dituelako. Gu jada apur bat ‘kaskatuta’ gaude, baina ume pilo bat ditugu atzetik eta erreleboa garrantzitsua da. Gure estrategia hori da, mailakako figurak egin umeak hazten joan ahala egokitzen joateko».

Dioenez, uda oso potentea izaten ari da. «Azkenean lagun talde bat gara, eta zure arlo pertsonala ere kontuan hartu behar duzu, oreka bat mantendu behar da. Gonbidapen askori ezetz esan behar izan diegu», dio. Baina hala ere gogotik saiatzen dira ahalik eta leku gehienetara iristen. «Urtero kanpora joaten gara. Aurten, urtarrilean Katalunian izan ginen, Castellbisbal herrian. Urtero saiatzen gara irteeraren bat egiten, eta hemen inguruan ere gelditu gabe. Bihar Mendarora goaz, Bilboko Aste Nagusian izango gara, Durangon…».

Eta aipatu digunez, beraien erronka nagusia taldean emakumeen parte-hartzea handitzea omen da: «Aipatutako dantza taldea gizonezkoena zen, eta gainera erraldoi pisutsuak dauzkagu. Orain hasi dira neska batzuk eta ama batzuk erraldoira sartzen eta ea kapaz garen neskak ere engantxatzeko». Izan ere, ezin da ahaztu erraldoiak dantzatzeak exijentzia fisiko handia duela. «Figura mota asko daude, eta segun eta zer oinarri eta zer egitura daukaten asko aldatzen da. Gure figurek 40 eta 50 kilo artean pisatzen dute. Gauza bat da altxatzea, eta bestea horrekin dantzan egitea, oreka mantentzea eta abar. Indar apur bat behar da».

Azkenik, Arzelusek musikarien lana nabarmendu nahi izan du, gutxiegi aipatzen baita. «Musikarik gabe erraldoi bat ez da ia ezer. Kalean bat-batean musika hasten denean ikusten duzu jendearen aurpegietan irribarre bat sortzen dela. Horregatik, guretzat ezinbesteko osagaia da dultzaineroen edo gaiteroen laguntza».

Kolpetik famatu leku askotan

Julen Aldaz, Txantreako Erraldoien Konpartsako kideak ere aurtengo udan izan duten eskaera nabarmentzen du. «Bi urte generamatzan ekitaldiak auditoriumetan eta horrelako lekuetan bakarrik egiten, ‘Ene Kantak’-ekin eta baita gure emanaldi propioak egiten ere. Eta aurten itzuli gara kaleetara. Nabaritu da eskaera handia dela. Ez gara gelditu uda hasi zenetik, leku batetik bestera gabiltza gelditu gabe, leku guztietatik deitzen digute. Nabaritzen da bi urtez ezin izan dela ezer antolatu eta orain udal guztiak gauzak antolatzeko gogoz dabiltza», dio.

Hala ere, Aldazek ez du uste erraldoien eskaeran eta arrakastan aldaketa handirik egon denik azken urteetan. «Nafarroan beti egon da erraldoi tradizio handia. Alde horretatik ez nuke esango aldaketa handirik egon denik. Egia da Gipuzkoa aldean azken urteotan udal desberdin gehiagotatik deitzen gaituztela. Lehen gure emanaldiak Nafarroa inguruan izaten ziren batez ere, baina orain Gipuzkoa eta Bizkaian nabaritu dugu emanaldi gehiago ditugula».

Nabaritu duena, hori bai, bi urteko etenak sortutako entrenamendu falta izan da. «Berriz ere ohitu behar dugu martxa honetara. Ez da agian pandemia aurretik egiten genituen emanaldi kopurutik asko igoko, baina bi urteren buruan motorrak berriz martxan jartzen ari gara», dio irribarrez. Baina ez da horrenbesterako izango, Azpeitiko lehiaketan taldekako saria irabazi zutelako. «Juxtu aurten ez genuen espero», gehitu du pozarren.

Txantreako Erraldoien Konpartsa 1984an sortu zen. Historia luzea dute, beraz, baina “Tartalo”, “Sorgiñe”, “Basajaun” eta “Mari” beren erraldoiak oso famatuak egin dira azken urteotan Euskal Herri osoko gaztetxoen artean, besteak beste, “Ene Kantak”-ekin egin dituzten bira eta bideoklip desberdinen bitartez. «Zazpi edo zortzi urte daramatzagu ‘Ene Kantak’-ekin elkarlanean. Urtero biratxo bat egiten dugu hiriburuetan emanaldi berriarekin eta oso pozik joaten gara», aipatu digu Aldazek.

Eta dirudienez, hemen ere erreleboa ziurtatuta daukate: «Oraintxe bertan 25 bat pertsona egongo gara erraldoi handiekin, eta beste horrenbeste txikiekin, gutxi gorabehera. Gure helduen taldean daudenak ia denak erraldoi txikietatik datoz. Azken urteetan jada handietara iristen diren kide guztiak txikietatik pasatuta datoz».

Bizkaian ere bai

Bizkaira begira jarriz, Urduñako Bihotza Konpartsa izan daiteke herrialdean tradizio gehien izan duenetako bat. Niko Sanz konpartsakideak azaldu digu beraien historia: «Oraintxe bertan 20 bat pertsona izango gara. 2001. urtean sortu zen konpartsa eta gero eta erraldoi bikote gehiago dauzkagu. Gure konpartsaren gaia dantzariena da: makil dantza eta antzerako dantzari tipikoak dauzkagu. Urduñan beste erraldoi batzuk ere dantzatzen ditugu, Udalekoak adibidez. Azken urteotan gure aktibitatea gero eta handiagoa da eta leku desberdin askotara joan izan gara: Kataluniara, Bizkaian ia herri guztietara, eta Euskal Herriko beste txoko askotara ere bai».

Inguruan erraldoiekiko interes handiagoa nabaritzen duen galdetuta, Nikok ere pandemia garaian txikienek pantaila bidez izan duten ezagutza aipatzen du batez ere. «Urduñan bai antzeman dugu txikienen artean grina handiagoa. Pandemia garaian seguru asko erraldoiak pantailetan ikusi dituzte eta orain lehen aldiz ikusten dituzte bertatik bertara. Interes handiagoa dago agian txikienen artean. Eta noski, azkenean gurasoak ere haiekin batera etortzen dira».

Eta txikienek erakusten duten zaletasun horri heldu nahi diote etorkizuna ziurtatzeko. «Horrelako ohitura edo tradizio bat mantentzeko jendea behar da. Hemen bertan, Azpeitian, urte batzuk egon ziren dantzatzeko jenderik gabe eta gero konpartsa bat sortu zen. Guk ez dugu hori nahi, ez genuke nahi Urduñan ohitura hau galtzea. Guk berreskuratu genituen bere garaian antzinako erraldoi horiek eta horiekin segitu nahi dugu».

Horregatik, eta batzuetan gogorra egin arren, ilusioz hartu dute Urduñan ere erraldoiekin kalera itzultzeko aukera: «Tenperatura altuak izan ditugu aurtengo udan eta exijentzia fisikoa handia da. Fisikoki asko eman behar dugu. Baina pandemiaren ostean ari gara berriz ere pixkanaka ohitzen. Badakigu beroa egingo duela, baina pozik egingo dugu esfortzua».

Noski, Ipar Euskal Herrian eta Araban ere badira erraldoiak, baina oraingoz beste herrialdeetan baino gutxixeago ikusten dira. Hori bai, duten arrakastarekin, ziur leku gehiagotara hedatuko direla.