Traineruko lana Ipar Euskal Herrian sustatzen emaitza onak lortuz
Hamarkada batez traineru lehiaketa nagusietan Ipar Euskal Herriko ordezkaririk gabe egon ostean, 2017an jarri zen martxan Lapurdiko Arraun Taldea, bertako klub desberdinen batura arraunlari gazteei irteera bat emateko. Proiektuak bere gorabeherak izan ditu sei urteotan, baina aurten gozatzen ari dira KAE2 mailan.
Komunikabideetan titular eta minutu gehien Euskotren eta Eusko Label ligetako ontziek hartzen dituzten arren, maila nagusikoek alegia, badira hainbat arraun talde koska bat edo bi beheragoko traineru ligetan lan eskerga egiten ari direnak. Horietako bat da Lapurdiko Arraun Taldea, 2017az geroztik Ipar Euskal Herriko kluben ordezkari bilakatu dena, aurten gizonezkoen KAE Ligan nagusitasun handia erakutsiz.
«Banderak irabaztea beti da pozgarria, baina guretzat lehen helburua uretan traineru lehiakor bat izatea zen. Lapurdiko trainerua azkenean Ipar Euskal Herriko taldeen ordezkapen bat da, eta ordezkapen horrek konpetitiboa izan behar zuela uste genuen. Hala izaten ari da, gure mailan, noski, eta hori da poz handiena», aipatu digu Bixente Etxegarai presidenteak Donibane Lohizunen, Ur Jokoren egoitzan, eginiko elkarrizketan.
Bere ibilbideko seigarren denboraldia amaitzear da Lapurdiko “Xuberoa” trainerua, eta lortutako emaitzei errepaso azkar bat ematea nahikoa da taldea KAE1 eta KAE2 ligen artean dantzan ibili dela ikusteko. Brontzezko mailan emaitza bikainak lortu izan dituzte –lehen postua 2017an, bigarrena 2020an eta lehena aurten–, baina zilarrezkora igo direnetan sufritzea tokatu zaie –zazpigarren 2018an, hamaikagarren 2019an eta azken postua iaz–.
«Zailtasun handiena horixe izaten da, KAE1 mailatik KAE2 mailara jaitsi ondoren gazteak nola animatu, arraunlariak nola motibatu aurrera jarraitzeko. Arrauna badakigu zer den, zer esfortzu eskatzen duen, eta are gehiago hemen Iparraldean, ez delako horren ezaguna eta jendea erakartzea ez delako horren erraza. Beraz, mailaz jaitsi arren berriz trainerua uretan atxikitzea eta maila onarekin, hori da gehien pozten gaituena», nabarmendu du Etxegaraik.
Aitor Artetxe entrenatzailea ere harro dago taldeak egin duen denboraldiarekin, eta aurten hasieratik kalitatezko entrenamenduak egiteko izan duten aukera aipatzen du gako moduan. «Pasa den urtean ez genuen denboraldi ona egin. Une bat egon zen, non Hegoaldean ez zegoen konfinamendurik baina Iparraldean bai. Martxora arte ia. Martxoan hasi ginen entrenatzen eta ez genuen denboraldi ona egin. KAE1 Ligatik KAE2ra jaitsi ginen. Aurten hasieratik ongi entrenatu ahal izan dugu, arazorik gabe, eta talde polita daukagu, gaztea. Azkenean gauzak ongi egiten badira eta ongi entrenatzeko aukera baldin baduzu emaitzak etortzen dira. Oso pozik gaude».
«Otsailean egin genuen lehen estropada. Gero jaitsierak eta abar. Eta esango nuke estropada guztiak onak egin ditugula. Bateletan ere ongi ibili gara, trainerilletan ere bai… Eta horrek konfiantza ematen dizu. Ikusten zen KAE2 Ligan ongi ibiltzeko aukera izango genuela eta horrela izaten ari da. Konfiantzarekin entrenatu dugu, lehen postua lortzeko erronka jarri genuen, eta ongi atera zaigu», gehitu du Artetxek ildo horretan sakonduz».
Beharrak bultzatuta
Jada adin bat dugunok Ur Joko ezagutu genuen traineru estropadetan lehiatzen, baina KAE Ligan 2006an hartu zuen parte azken aldiz. Hamarkada batez ez zen Ipar Euskal Herriko ordezkaririk izan traineru liga nagusietan, klubetan ez zegoelako nahikoa arraunlari taldea osatu ahal izateko. Arazo horri aurre egiteko helburuarekin sortu zen Lapurdiko Arraun Taldea.
«Jende askok uste du Ur Joko eta Lapurdiko Arraun Taldea berdina direla, ez daki oso ongi zein den desberdintasuna. Egia da Lapurdiko Arraun Taldearen entrenatzeko gune nagusia Ur Jokoren instalazioak bilakatu direla. Alde batetik elementu geografikoa dago: Hendaia daukagu alde batera eta Angeluko Ibaialde bestera, eta Donibane Lohizune erdian geratzen dela esango genuke. 2017an elkartu genituen klub desberdinetan ziren gazteak eta batera entrenatzen hasi ginen. Arraunlari bakoitzak gimnasioko lana, lehorreko lana, bere klubean egiten zuen eta uretako entrenamenduak aldizkatzen leku desberdinetan. Proiektua aitzinatu da eta gaur egun arraunlari gehienek Ur Joko dute jatorria. Horregatik, esan dezagun modu natural batean proiektua fisikoki hemen zentratu dela, Donibane Lohizune-Ziburu ingurune honetan. Baina azpimarratu behar da Lapurdiko Arraun Taldea Lapurdiko arraun elkarteen ordezkapen bat dela, batura bat», azaldu du.
«Ur Joko izan da traineru lehiaketa ofizialetan parte hartu izan duen Iparraldeko elkarte bakarra. Ibaialden baziren gazte batzuk traineruan arraun egin nahi zutenak eta beren klubean ez zutenak lekua antzematen, hango proiektua beteranoei gehiago zuzendua delako. Ur Jokon ere baziren gazte batzuk, baina ez nahikoak traineru bat ateratzeko. Eta garai horretan arrauna utzita geundenok ikusten genuen gazte horiek bateratu behar genituela, ezin genuela Iparraldean bakoitza bere aldetik ibili trainerua atera ezinik. Eta horrela atera zen proiektua 2017an, ideia horrekin. Eta gero urtea joan urtea etorri gauzak aldatu egiten dira klubetan. Hasieran orekatua zen ordezkapena traineruan, 10-10 gutxi gorabehera, eta hori poliki-poliki aldatuz joan da», gehitu du presidenteak –urte askoan arraunlaria izana bera ere–.
Arraun elkarte apaletan trainerua osatzeko jende falta ez da arazo berria. Hego Euskal Herriko talde askotan gertatzen da, eta Etxegaraik aipatzen duenez Bidasotik iparraldera are gehiago, traineruen tradizioa ez delako horrenbestekoa. «Gaur egun nahiko justu gabiltza jendez. Aurten trainerua ateratzeko aukera izan dugu, baina hasieran jende gutxi samarrekin hasi ginen eta gero osatu dugu taldea Hegoaldeko jendearen laguntza pixka batekin. Azkenean kirol guztiek behar dutena formakuntza da, harrobia, eta hemen Iparraldean orokorki harrobi eskasa dugu. Hegoaldean ere agian bai, baina Iparraldean bereziki. Traineruari begira dugun formakuntza gune bakarra Ur Joko dugu, Donibane Lohizune, ez dugu lortu oraindik Angelun edo Hendaian formakuntza gune horiek sortzea. Batez ere Ur Jokoren harrobiarekin ari gara lanean eta gazte horiek apurka traineruan sartzen joaten dira. Horrek ere eramaten gaitu Donibane Lohizune-Ziburu inguru honetan zentratzera. Bada gogo bat, sentitzen da jendeak inguruan jada ezagutzen duela taldea, zale gehiago daude, trainerua panoraman kokatzen ari da eta bada sostengatzeko gogoa, baina egia da kirol honetan sartzeak sakrifizio handia eskatzen duela eta horrek beldurtzen du gazteria».
Arazo hori izan da, hain zuzen ere, aurten emakumezkoen trainerua ez uretaratzeko arrazoia. Lau urtez jarraian ETE Ligan parte hartu ostean, aurten Lapurdik ezin izan du ontzia osatu. «Emazte mailan mutilekin gertatu zaigun gauza bera gertatu da. Ur Jokon eta Ibaialden arraunaren inguruan zebiltzan emazteei aukera eman zitzaien batu eta trainerua ateratzeko. 2018an osatu zen formatu berean traineru bat. Baina egia da neska horien adina apur bat desberdina zela. Orokorrean helduagoak ziren eta guk bagenekien belaunaldi horrek ezingo zuela iraun urte askoan. Noski, taldea iraunarazi nahi baduzu jende gaztea behar duzu harrobitik sartzen joateko, eta hor zulo handi bat bazen. Harrobiak ez du aski indar izan taldea utzi zuten emazteen hutsunea betetzeko. Hiru-lau urteren buruan horixe gertatu da, kopuruz eskas geratu garela».
Etxean arraun egin ezinik geratu ziren neskak Hernanira joan ziren azkenean. Etxegaraik ez du trainerua berriz uretaratzeko aukera baztertzen, baina denbora beharko dela uste du. «Berreskuratu nahiko genuke, baina epe motzean zaila izango da. Mutilekin egiten dugun bezalaxe harrobia lantzen ari gara, horrek emango dituelako gerora fruituak, ematen baditu».
Aulki mugikorraren erreinua
Hala ere, trainerua osatzeko arazoak izateak ez du esan nahi arraunak indarrik ez duenik Ipar Euskal Herrian. Baiona inguruetan aulki mugikorra asko eta ondo lantzen da, arraunlari bikainak irteten dira, baina oraindik ez da lortu talentu hori mugikorretik finkora igarotzea.
«Baionako Nautique eta Aviron Bayonnais dira aulki mugikorrean puntan ibiltzen direnak, Frantziako bost talde onenetan ibiltzen dira. Horiek badute harrobia, gazte anitz dituzte infantiletan, kadeteetan… Baina gero egia da beraiek ere sufritzen dutela Euskal Herrian ikasketak egiteko dugun hutsunea. Gazte asko kanpora joaten dira ikastera, Bordelera, Tolosara edo beste leku batzuetara, eta klubetan jubeniletatik senior mailara igarotzeko garaian bada zulo handi-handi bat. Klubak arraunlari oso gutxirekin geratzen dira eta horrek eragiten du ontzi luzeetan, zortzikoetan eta, zailtasunak izatea senior mailan taldeak ateratzeko, baita Baionan ere», gogoratu du Bixente Etxegaraik.
Hala ere, batetik bestera igarotzeko orduan faktore kulturala omen da eragozpen nagusia. «Historikoki aulki mugikorreko taldeak dira. Zaila zaie kulturalki ikustea dituzten formakuntza ohiturak, mugikorrera begira egiten duten prestakuntza fisikoa eta teknikoa, espezifikoa dena, finkora moldatzen ahal dela. Eta arlo psikologiko hori aldatzea oso zaila egiten da. Baditugu loturak klub horiekin, baina arraunlariak alde batetik bestera igarotzea zaila egiten da».
Horregatik, Ur Jokon bi modalitateak uztartzea erabaki zuten orain urte batzuk. «Ur Joko da, esaterako, Iparraldeko klub bakarra mugikorra eta finkoa biak batera lantzen dituena. Azkeneko hiru urteetan apustu hori egin dugu, bi arraun eskolak bateratuz. Orain arraun eskola da, besterik gabe, eta bertan hasten diren gazteek biak lantzen dituzte, Orion edo Hondarribian egiten den moduan. Gure apustua hori da eta ikusiko da datozen urteetan zer ateratzen den hortik, baina uste dut fruituak ematen ari dela».
Jarraitutasuna amets
Eta aurrera begira, Lapurdiko trainerua mailaz koska bat gorago ikusteko zein litzateke gakoa? Badirudi arraunean horrenbeste erabiltzen den “bloke” hitza izan daitekeela erantzuna, arraunlari talde batek urte batzuetako jarraitutasuna izatea aldaketa askorik gabe.
«Orokorrean arraunlari nahiko gazteak izan ditugu Lapurdiko Arraun Taldean. Baina ikusten badugu sei urteko eboluzioa konturatzen gara talde osoa edo ia osoa aldatu dela sei urtean. Arraunlari bat edo bi izango dira hasieratik jarraitzen dutenak. Erran nahi du errotazio handiegia egon dela gure gusturako iraunkortasun positibo bat izateko. Azkenean beharrezkoa da bloke bat egitea lau-bost urtean mantenduko dena. Hori da gure hurrengo erronka, ea lortzen dugun. Ezinbestekoa da, ze KAE1 Ligara igo baina talde erdia aldatzen bazaizu, lan guztia berriz zerotik hasi behar duzu. Bloke bat beharko genuke, gero harrobiarekin elikatuko genukeena», iritzi dio Etxegaraik.
Aitor Artetxek ere antzeko ikuspegia du, ederki ezagutzen baitu KAE2tik KAE1era dagoen aldea: «Saltoa badago. Agian, gure aurtengo mailarekin KAE1 Ligan erdialdean ibiltzeko 15-20 bat segundo hobetu beharko genuke. Denborak ikusita oraingo mailarekin Camargo edo Orio Bren parean egongo ginatekeela uste dut, gutxi gorabehera. Gipuzkoako Txapelketan oso ongi ibili ginen adibidez, Zarautz oso gertu izan genuen, baina 15-20 segundo hobetu beharko genuke ez sufritzeko. Eta gozatzeko, ze badakigu hasieratik azken postuan hasten bazara denboraldia gogorra egiten dela, ez duzu gozatzen. Etengabe aritu behar duzu jendea animatzen, jendearen morala igotzen, eta hori gogorra da. Badakigu norbaitek egin behar duela azkena, baina saiatu behar da hortik ihes egiten».
Gainera, kezka puntua agertu du hurrengo urtean jauzia eman dezakeen jubenilik ez dutelako. «Aurtengo talde titularrean 18 urteko bi edo hiru arraunlari dauzkagu, 20 urteko beste bi edo hiru… Taldearen bizkarrezurra harrobiko jendearekin osatua dago. Daukagun arazoa da beheko mailetan infantilak eta kadeteak badaudela, baina oraintxe bertan jubenilik ez daukagu. Eta horrek esan nahi du bi edo hiru urtean egoera zaila izan daitekeela behetik ez bada inor igotzen».
Talde baten jarraitutasun hori lortzea ez da erronka makala arraun munduan, arazo orokorra da, baina Lapurdin erakutsi dute erronka zailei aurre egiteko gaitasuna dutela.