Asier Aiestaran
Elkarrizketa
Oier Sanjurjo
Futbolaria

«Nire ibilbideko azken txanpan sari izugarria izaten ari da hau»

Osasunako jokalari ibilbide luze eta oparoa itxita, Oier Sanjurjo Mate futbolari lizarratarrak abentura berri bati ekin dio Zipren, AEK Larnaka taldean. Izan duen harrerarekin oso pozik aurkitu dugu.

Zipre bertatik bertara ezagutzea plazera litzatekeen arren, telefonoz egin diogu elkarrizketa Oier Sanjurjori (Lizarra, 1986). Pozik aurkitu dugu, taldea Europa League-ko multzo fasera sailkatuta eta familiarekin bizitza berrira ohitzen hasita.

Jada denboratxo bat badaramazu Zipre aldean. Zer moduz doa esperientzia orain artean?

Bada, oraingoz esperientzia oso aberasgarria izaten ari dela esango nuke. Oraindik bi hilabete bakarrik daramatzat hemen, baina nahikoa denbora da lehen kontaktu bat izateko eta balorazioa egiterakoan esateko gustuko dudala hau. Gustuko dut hiria, gustuko dut irla, gustuko dut hemengo lehiaketa maila eta bereziki taldekideekin sortutako giroa eta lortutako Europako txartelaren ondoren daukagun motibazio puntua.

Hilabete intentsoa izan duzue uztail amaiera eta abuztuan, Txapeldunen Ligako eta Europa Leagueko kanporaketa aurrekoak jokatu dituzuelako. Taldearen maila zer iruditu zaizu? Espero zenuena izan da?

Guk ere ez genuen erreferentzia handirik, egia esan. Lehenik Midtjylland talde daniarraren aurka jokatu genuen [Txapeldunen Liga], eta gero Serbiako Partizan eta Ukrainako Dniproren aurka [Europa League]. Hasiera batean, gu ez ginen faborito aurrera egiteko. Noski, guk guregan sinesten genuen, ikusten genuelako entrenamenduetan-eta txukun ari ginela lanean, argumentuak bagenituela aurkariei aurre egiteko, baina gero lehiaketa beste asunto bat izaten da. Midtjyllanden aurka Txapeldunen Ligan serio aritu ginen eta ikusi genuen edozeinen kontra gure jokoa egiteko gai ginela. Hortik aurrera, poliki-poliki aurrera egiten joan ginen Europa Leagueko txartela lortzeraino.

Urte asko izan dira Osasunan, gauzak egiteko modu batera ohituta. Asko kostatu zaizu talde berrira ohitzea?

Bada, nire buruarekin apur bat harritu naiz, egia esan. Bere garaian Vigoko Celtan utzita jokatu nuen, baina ordutik lehen aldia da Euskal Herritik kanpo jokatzen dudala, eta nolabait esateko atzerriko lehen esperientzia da hau niretzat. Egia da jada heldutasun puntu bat badudala, azkenean adinean ere aurrera goaz, baina hasieratik saiatu naiz nire izaera naturaltasunez azaltzen, taldeari egunerokotasunean laguntzen, umila izaten, alaia izaten, taldera eta ingurura moldatzen. Alde horretatik, gustura nago eta erraza egin zait.

Taldean Mikel Gonzalez dago; jada bosgarren urtea du bertan jokatzen. Eta entrenatzailea Jose Luis Oltra da, oso ezaguna Espainiako Ligan eta gazteleraz hitz egiteko aukera ematen duena. Hori lagungarria izan da?

Bai, erabat. Mikel hemen egotea niretzat euskarri garrantzitsua izaten ari da. Batez ere lehen egunetan nituen galdera eta zalantza guztiak argitzen lagundu zidan. Erreferentziak banituen etorri aurretik, eta gero iritsitakoan dena berdina izaten ez den arren, laguntza horrek asko errazten ditu gauzak. Eta Jose Luis Oltrari dagokionez, egia da futbolistikoki ongi ezagutzen nauela. Hemen nire moduko futbolari bat behar zuten: langilea, defentsako lanean taldeari oreka emango ziona, presioan indartsu jardungo zuena. Alde horretatik, berehala enkajatu dut taldean.

Beste taldekide gehienekin ingelesez hitz egingo duzue…

Bai. Oso leku eta errealitate desberdinetako jokalariak daude taldean. Venezuelarrak, nigeriarrak, hungariarrak, israeldarrak… denetik apur bat. gehienbat ingelesez egiten dugu, nahiz eta gaztelera dezente entzuten den entrenamenduetan, entrenatzailea eta staff teknikoa espainiarrak direlako [Pere Pons kataluniarra fitxatu zuten elkarrizketa egin ostean]. Baina bai, ingelesa lantzen ari naiz eta horretan ere apurka aurrerapausoak ematen. Zentzu askotan ari da izaten aberasgarria esperientzia hau.

Zure bideo bat zabaldu zen sare sozialetan, Europa Leagueko zozketa jarraitzen. Fenerbahçe, Rennes eta Dinamo Kiev izango dituzue aurkari B multzoan. Ez da erraza izango baina lehiatzeko modukoa izan daiteke...

Aurrekontuari dagokionez, gu gara talderik apalena eta xumeena, zalantza izpirik gabe. Eta egia esango dut, ez ditut ezagutzen, ez dakit zer maila duten. Baina bai uste dut lehiatzeko gai garela eta hala erakutsi dugula orain arteko Europako partidetan. Motibazio horrekin gaude eta aukera horri eutsi nahi diogu.

Eta arlo pertsonalago batera joz, pentsatzen dut zuretzat ez zela erraza izango Espainiako Liga utzi eta beste esperientzia bat probatzea, ezta?

Osasunak jakinarazi zidanean ez zutela jada nirekin kontatzen hurrengo denboraldirako, motiboa bat izan edo bestea, nik hausnarketa sakon bat egin nuen eta zera galdetu nion nire buruari: ‘Ea Oier, futbolean jarraitu nahi duzu?’. Ikusita fisikoki oraindik baneukala gasolina puntu bat eta mentalki ere ez nengoela erabat erreta, horrela esan badaiteke, erabaki nuen futbolean jarraitu nahi nuela baina etxetik kanpo. Esperientzia berri hori bai niretzat eta bai nire familiarentzat erakargarria izan zedin. Aukeraren bat irteten ote zen begiratzen egon nintzen eta azkenean uste dut aukera paregabea agertu dela. Irla bat, Mediterraneoan, eguraldi paregabea, nahiz eta agian bero gehiegi egiten duen, haurrek ingelesez ikasiko dute, nik ere bai, agian grezieraz ere bai zertxobait, posible baldin bada, mundu guztiko jende desberdin asko ezagutu, Europan jokatzeko aukera… Zer gehiago behar dut? Nire azken txanpan sari izugarria izaten ari da hau.

Iritsi zinenean zer aurkitu zenuen? Aldaketa handia sumatu zenuen kulturalki?

Gustua azkar hartzen zaio, baina nire buruarekin zintzoa izateko esan behar dut kontrastea badagoela. Azkenean, toki batera joan aurretik beti daukazu halako pelikula bat muntatua zure buruan, irudi bat egina izaten duzu, eta iritsi nintzenean zerbait desberdina aurkitu nuen. Beste modu batera imajinatzen nuen. Azpiegitura aldetik, adibidez, desberdintasunak badaude; Euskal Herrian zenbait gauzatan agian hemen baino aurreratuagoak gaudela esan liteke, baina era berean desberdintasun horri xarma hartzen diozu berehala eta familian bizitzeko oso leku aproposa da.

Familia aipatu duzu hainbat aldiz. Zer moduz ari dira moldatzen beraiek?

Bada, sorpresa handiz, oso ondo. Ez nuen kontrakoa espero ere, baina lehenengo minututik oso pozik ikusi ditut, oso alai, motibatuak, bai nire emaztea eta bai nire hiru seme-alabak. Eta horrek pozten nau, ze ez da batere erraza norbere konfort egoeratik ateratzea eta beraiek naturaltasunez eta gogotsu egin dute aldaketa. Pausoa eman dute eta horrek niri asko laguntzen dit, noski.

Eskolan ingelesez ikasiko dute haurrek...

Bai. Gu ere alde horretatik aldaketa posible bat prestatzen ibili gara azken hilabete luze hauetan. Esaten genien agian aitatxok atzerrira joateko asmoa zuela eta joaten baginen denboralditxo bat egon beharko genuela lagunak ikusi gabe, beste lagun batzuk egiteko aukera izango genuela, beste hizkuntza batean moldatzen ikasi beharko genuela… Lan hori aurretik egina genuen, eta aldaketa naturaltasunez hartu dute. Ez dira hainbeste sumatzen ari, badakitelako ere lehenago edo beranduago Iruñera edo Lizarrara itzuliko garela.

Distantziatik jarraitzen dugu zure ibilbidea eta, adibidez, hemen oihartzun handia izan zuen taldekideek denen aurrean abesten jarri zintuzteneko bideo hura. Nola izan zen hura. Zer da, iritsi berriei egiten zaien proba bat?

Ohitura bat da. Azkenean badakizu zer gertatzen den, horrelako taldeetan urtetik urtera jokalari aldaketa handia egoten da. Askok uzten dute taldea eta jokalari berri asko iristen dira. Nire profileko jokalari asko iristen dira, adibidez: adin batekin etortzen zara eta badakizu hemen urte asko ez dituzula egingo. Eta talde giroa sortzen joateko heltzen den bakoitzak probatxo bat egin behar izaten du. Lotsak alde batera utzi, eutsi goiari, denen aurrean jarri eta zerbait abestu. Eta ongi dago, besteei irekitzeko.

Eta orain alderantziz, zuri galdetuko dizut hemengo kontuez. Nola oroitzen duzu, adibidez, Osasunak eskainitako agurra? Azken partida, agurreko ekitaldia…

Oso berezia izan zen niretzat, eta polita ere bai, baina esan behar dut agurrak ez zaizkidala sobera gustatzen. Agurrak esan nahi du ordura arte zuretzat errutina bat, urte askoan egiten ari zinen hori, amaitzera doala eta beste gauza berri batera ohitu beharko duzula. Aldaketa prozesu bat datorrela, alegia. Eta aldaketari beti izaten zaio horrelako errespetu puntu bat. Polita baino gehiago, une berezia izan zela esango nuke, guztiz berezia. Noski, jaso nuen zaleen maitasun eta babes guztia, nik horrela sentitu dut, horrela eskaini dit jendeak, eta horrek harro sentiarazten du bat.

Eta distantziatik nola ikusi duzu Osasunaren denboraldi hasiera indartsua? Harritu zaitu?

Ez nau harritu. Estiloarekin tinko jarraitzen dute, nik ezagutzen dudana egiten jarraitzen dute, eta agian zerbait aipatzekotan nabarmenduko nuke hasieratik horrelako freskotasun eta intentsitatearekin jokatzen hasi izana. Erritmo maila handiarekin jokatzen ari dira eta horrek esan nahi du udan lan handia egin dutela, serio. Horrek ere ez nau harritzen, baina polita da taldea lehen egunetik maila horretan jokatzen ikustea.

Mantentzen duzu erlazioa taldekide ohiekin?

Bai, noski. Pentsa, orain bi hilabete eskas arte beraiekin egon naiz hor, nola ez dut mantenduko erlazioa! Eta mantenduko dut etorkizunean! Txantxetan esaten diet itzultzen naizenean joango naizela Sadarrera partidak ikustera eta harmailetatik kritikatzen ariko naizela (barrez).

Eta itzulerari ateak ez dizkiozu itxiko, ezta? Normala litzateke Oier egunen batean berriz ere Osasunara itzultzea arlo batean edo bestean.

Bada, ez dakit baiezkoa edo ezezkoa esan une honetan. Ateak ez ditut ixten, noski, eta egia esan, uste dut ni Osasunarentzat aktibo garrantzitsu bat naizela, kluba barrutik ezagutzen dudalako, Taxoare eta inguruko lan guztia ezagutzen dudalako, baina nork daki etorkizunean zer gertatuko den. Baina zergatik ez.