Joxean Agirre

Zaharrak

Zaharrak eta zaharrak daude. Multzo handi bat zahar aktiboena da. Hor daude garai bateko aktibista eta militante ohiak. Orain pentsiodunen plataformetan edo beste hainbat kausa onen aldeko mobilizaziotan ikus daitezke eta gizartearen eta are gizateriaren ondare direla esan daiteke, halakoxea baita jende horren meritua. Talde honetakoek ere badituzte beren ajeak, baina tarteka bakarrik jabetzen dira beren adinaz eta zahartzaroa katarro bat balitz bezala daramate. Gorputzaren mantenuak, egia da, lan pixka bat ematen die; egia da protesi batzuk ere badaramatzatela gainean, betaurreko pare bat edo bi gutxienez; egia da kirola egitean nekatu egiten direla, baina arlo askotan oraindik gazteen pare ibil daitezke.

Badaude zahar beteranoak ere, zahartzaroaz asko dakitenak, eta horiek beti ari zaizkigu lezioak ematen, etorriko zaigunari buruzko iragarpenak egiten. «Ikusiko duk nire adinera iristean», esaten digute eta oraindik urrun samar ikusten ditugun patologia eta ezintasunak aipatzen hasten direnean ez direla nekatuko ematen du. Noizean behin beren ebakiondoak erakusten ere saiatzen dira eta «niri aldaka bat aldatu zidatean» edo «ni belaunetik lau aldiz operatu ninditean», esaten dutenean, hobe duzu ondotik alde egitea, bestela galtzak jaisten hasteko gai izaten baitira.

Baina badaude, ai!, zahar profesionalak ere. Horiek inon diren eskela guztiak irakurtzen dituzte eta beren ajeak zerrendatzen ematen dute eguna, inguruko hipokondriakoen zoritxarrerako. Ernegatuta bizi dira eta telebistan, esate baterako, Ukrainako edo Somaliako eszena gogorren bat erakusten badute, «ni okerrago nagok», esango dute. Urteak dira algara bat egin ez dutela eta errukia, samurtasuna eta gisako sentimenduak zer diren ere ahaztuta bizi dira. Beren buruarekin nahikoa lan badute eta neurri batean behintzat beste mundutik gertuago sentitzen direla dirudi hemengotik baino. Diogun zahar terminalak direla.

Eta, azkenik, badago zaharren artean gerontokrazia deitzen zaion kasta bat, aginteari edo diruari atxikita bizi dena, baina horiek urrutiko intxaurrak dira, nik behintzat nire inguruan ez baitut alerik ere ezagutzen. •