Gorka Elejabarrieta

Borroka da bidea

Borrokatu, irabazi, erori, altxatu, borrokatu, irabazi, erori, altxatu. Bizitza amaitu arte, hori da gure patua», esan zuen Alvaro Garcia Linerak, Boliviako presidenteordea zela. Eta hori ulertu behar du mundua hobera aldatu nahi duen edozein militantek.

Ezkerraren eta nazio askapen mugimenduen literaturak eta diskurtsoak, oro har, “E” egun bat iritsiko zela irudikatu izan dute zerumugan. Garai bateko urrezko gola. Iraultza. Esperientziak, modan dagoen realpolitik-ak, ordea, erakutsi digu gizarteak eraldatzeko prozesuak dezente konplikatuagoak direla, gehiago dutela prozesutik; bide irekiak eta amaitu gabeak direla, atzera eta aurrera pausoz beteak, eta ondorioz ez dela sekula iritsiko amaiera eguna. Ez dago betiko garaipenik. Baina horrek, era berean, esan nahi du betiko porrotik ere ez dagoela. Che-k zioen bezala, uzten diren borrokak dira galtzen diren bakarrak. Ikuspegi horretatik, pertseberantzia ezinbestekoa da.

«Iraultzaile batzuek iraultza egin nahi izaten dute; hau da, egitura politikoak aldatu nahi izaten dituzte. Beste batzuek iraultzaile izan nahi izaten dute; hau da, iraultzaile izatearekin nahiko zaie», idatzi zuen Joseba Sarrionandiak. Argi dago, eta ados gaude, errazagoa dela iraultzaile izatearekin konformatzea. Ez dago kontraesanik gabeko prozesu eraldatzailerik.

«Gizon/emakume batzuek borroka egiten dute egun batean, eta onak dira. Badira beste batzuk urtebetez borrokatzen dutenak eta hobeak dira. Badira urte luzez borrokatzen dutenak, eta oso onak dira. Baina badira bizitza osoan borrokatzen dutenak: horiek dira ezinbestekoak», idatzi zuen Bertold Brecht-ek, eta arrazoia zuen berak ere. Bizitza osoan borrokatzen duten horiek dira ezinbestekoak. Behar beharrezkoak direnak edozein nazio askapen mugimendutan. Baina edozein borroka aurrera eramateko, edozein aldaketa lortzeko, txikiagoa edo handiagoa, ezinbestekoak ez ezik, besteak/bestelakoak ere borroka partzial horretara lotzea behar-beharrezkoa da. Hor dago koska. Gehiengoak eraiki gabe ezin da borrokan aurrera egin.

Iraultza egiteko, egitura politikoak aldarazteko, behar-beharrezkoa da borroka prozesuen izaera, denborak, erritmoak ulertzea. Beharrezkoa da aldarrikapen zehatz horren inguruan, edozein dela ere, gehiengoak lortzea eta artikulatzea. Eta hori ezin da lortu inolako kontraesanik gabe; hor hasten dira zailtasunak, eztabaidak eta dudak.

Mundua oso aldakor dago, aldaketak gero eta arinago gertatzen dira, gero eta sakonagoak dira eta ahaztu ere gero eta arinago ahazten dira. Leninen esaldi famatuari eutsiz; astero hamarkadak doaz aurrera, etengabe, bata bestearen atzean. Batzuek jada egoera hau normalitate berria dela diote. Zibilizazio trantsizio batean gaude murgildurik, eta munduko gobernantza globala arautzeko, gatazkak ekidin eta konpontzeko sortu ziren nazioarteko instituzioak krisi larrian daude. Nazio Batuen Erakundea da horren adibide argiena, baina gauza bera esan daiteke gainerakoen inguruan ere.

Ezkerrak ezin du bere burua datorrena kritikatzera mugatu, alternatiba errealak eta eraginkorrak plazaratu behar ditu, gehiengoak artikulatu eta aliantzak ehundu. Estaturik gabeko herriek elkarlana bultzatu behar dute eta are gehiago, gure Europa zahar honetan, Brusela eta Estrasburgori begira. Gure alternatiba nazionala ere badelako. Gureak nazio askapen borroka izaten jarraitzen duelako. •