Edukiak euskara hutsean eskaintzen ditu, doan. Booktegik bost urte bete ditu
Booktegi euskarazko liburutegi digitalak bost urte bete ditu. Eduki berriez etengabe elikatzen, liburuez gain, audioak, solasaldiak, haurrentzat atari bat eta bideoak eskaintzen ditu, doan. Bideragarria izateko bazkidetza kanpaina abiatu dute, eta urteurrena kultura festa handi batekin ospatuko dute Usurbilen, hilaren 22an.
Bost urte igaro dira Booktegi kultura proiektua sortu zenetik. Erdigunean euskara jarrita, idazketa eta irakurketa sustatzea zuen, eta du gaur egun ere, asmo nagusia. Euskarria digitala da erabat, ez dago paperik, pantailak baizik. Nolabait, Booktegi liburutegi birtual bat da.
Egitasmoa berezi egiten duen beste ezaugarri batzuk ere baditu. Hizkuntzaz gain, euskarak soilik baitu kabida, edukiak deskargatzea doakoa da eta, aldi berean, idazten duten idazleek ez dute dirurik jasotzen trukean. Egiari zor, ordea, molde honek baditu arriskuak, finantziazioa beste iturri batzuetatik bermatu behar izan baitute sustatzaileek.
Aritz Branton proiektuaren sustatzaile nagusiak hedabide honi azaldu bezala, dirulaguntzak jaso izan dituzte urtero, baina horri lotuta egotea arriskutsua izateaz gain, ezegonkorra da. Gainera, dioenez, Booktegiren ongile handiena dirurik gabe gelditu da eta beste bide batzuk arakatzen ari dira. Hala, bazkidetza kanpaina jarri dute abian.
«Erronketako bat finantziazioarena da», dio argi eta garbi. «Nola finantzatu egiten duguna? Dena dohainik ematen dugu, eta hori ere ez dugu aldatu nahi, jarraitu nahi dugu dena doan ematen, baina nola ordaindu gure gastuak? Dena musu truk eman nahi izatea, proiektuak kostu bat duenean… paradoxikoa da. Dirulaguntza badago, baina arriskutsua da hori; agertzen da, desagertzen da, eta hori da mendekoa izatea, eta zure biziraupena ezin zaio horri lotu. Ez zara librea. Bai eta ez. Aurten, gainera, erakunde batek esan digu dirulaguntza txikiagoa jasoko dugula, puntuazioa igo arren, eskaerak ere handitu egin direlako, eta dagoena gehiagoren artean banatu behar da. Bazkidetza kanpaina indartzen ari gara. Laguntzak, txikiak badira ere, inportanteak dira».
Egitasmoa, kontatu duenez, bazkide bakan batzuei esker sostengatzen da. «Bazkide sarea handitzea da asmoa, uneotan 40 inguru daude, pentsa, 40 bazkide eta milaka erabiltzaile. Bazkideek ez dezatela hartu beren gain pisu guztia, hori da asmoa eta nahia, eta ahal den partekatuena izan dadila kostua. Etortzen dira hiru mila erabiltzaile edo gehiago hilero, eta gehienek ez dute ezer ematen, eta ez dute zertan ezer eman, baina bakoitzak emango balu euro bat hilero, gure arazoa konponduta izango genuke. Kafe baten prezioagatik hilero».
Bazkide egiteak atzean kontzientziazio ariketa bat duela uste du Brantonek. Bost urteren ondoren, iturri berriak bilatzeko unea heldu da, zeren gauza bat da bizirautea eta bestea bizitzea. «Dirurik gabe geldituko bagina, aukera bat litzateke webgunea bere horretan utzi eta eduki berririk jarri gabe, ezer antolatu gabe geratzea, baina fosil bat izango litzateke. Bizirik ez badago proiektu bat, hil egiten da».
Proiektuarekin segitu edo ez erabakitzeko epemugarik jarri ote duten galdetuta, ezetz dio, baina erantsi du datorren urtea hasi baino lehen aurrekontua prestatu behar dutela. «Izan liteke aurtengoaren antzekoa edo aurtengoaren erdia. Eta erabaki hori hartuko dugu, funtsean, bazkideen arabera. Alegia, bazkideek eta erakunde pribatuek ematen dutena ezin da dirulaguntza baino txikiagoa izan, ezin diegu eskatu %50 edo %60 baino gehiago erakunde publikoei; beraz, lortzen dugun beste erdiaren arabera pentsatuko dugu zenbateko aurrekontua izango den. Erakunde publiko batek gehienez %60 babesten du. Eta gainera ezin dugu pentsatu %60 jasoko dugunik», ohartarazi du Aritz Brantonek.
Kultur elkartea sortu dute
Bost urteen langa igarota, beste urrats bat egin nahi izan dute, eta Booktegi Kultur Elkartea sortu dute aurrerantzean proiektua bera gidatzeko. Brantonen hitzetan, duela gutxira arte «enpresa pribatu baten proiektua izan da Booktegi, batez ere hasieran ez genekielako harrera nolakoa izango zen. Ikusi ondoren zentzua duela, egiturarik egokiena elkartea dela iruditzen zaigu».
Bataren eta bestearen arteko ezberdintasunez galdetuta, honela azaldu du: «Elkartearen helburu bakarra Booktegi bera da, eta ez du etekinik egiteko asmorik. Enpresa batek aldiz, etekinak lortu nahi ditu. Elkartea proiektua zuzentzeko eta gidatzeko figura bat izango da. Trantsizio momentu batean gaude, baina urtarriletik aurrera dena elkartearen esku egongo da. Elkartea autogestioan eta autofinantziazioan oinarrituko da».
Plazaratzen den edukiari dagokionez, bestetik, hiru dira indartu nahi diren lan esparruak. “ElkarrizKATEA” da horietako bat. Oinarrian, zortzi idazleren arteko solasaldia da, kate bat osatuz elkarri galdera bat egiten diote, lehenengoak bigarrenari, bigarrenak hirugarrenari… horrela txandaka zortziek erantzun arte. Azkenak berriz ere lehenengoa interpelatzen du. Gaia librea da, baina bakoitzaren lana eta sormen prozesuak hobeto ezagutzeko aukera ematen du.
«Idazleak beste modu batera ezagutu ahal izatea posible egiten du, jakin-mina duenak egilea obratik harago begiratzeko. Kate osoa ikustea oso bitxia eta aberasgarria da, aldi berean», uste du Brantonek. Aurki “ElkarrizKATEA”-ren bosgarren edizioa plazaratuko da sarean.
“Eguzkilore” haurrei zuzendutako atal ederra da mantenduko den beste edukia. 2020an sortua, Irene Irureta eta Karmele Gorroñok osatzen duten Irrimarra kolektiboak egiten ditu ipuinen ilustrazio zoragarriak. Testuak egile ezberdinenak dira, eta Oihana Maritorena aktoreak kontatzen ditu, ipuin kontalariaren azalean sartuz.
Etxeko txikienentzat pentsatua dago, oraindik irakurtzen ez dakitenentzat. Literatura eta euskararekiko atxikimendua elikatzea du helburu, eta ez du erronka makala beste hizkuntza hegemonikoak gailentzen diren honetan, pantailetan bestelako marrazkiak eta telesailak nagusitzen diren honetan. Proiektua oso berezia da, ez dago antzekorik topatzeko aukera handirik; ordea, harrera apala jaso du eta Branton zergatiaren inguruan hausnartzen dabil, arrazoia ezin topatu.
«Erantzuna uste baino xumeagoa du, hilero hiru mila bisitaritik gora jaso arren Booktegin. Egia esan, zaila egiten zaigu ‘Eguzkilore’-rekin gertatzen dena ulertzea», onartu du. Hala ere, proiektua kalitate handikoa dela sinetsita, «eutsi» egingo diotela dio, eta elikatzen segituko dutela edukiz, ipuin eta ilustrazio berriekin.
Lantzen jarraituko duten hirugarren atala “Elkarri irakurriz” da. Ekimen honen baitan, hiru ipuin idazteko eskatzen diete hiru gairen bueltan bederatzi idazleri. Gai bakoitzaren inguruan hiru egile batzen dituzte. Hainbat egilek parte hartu dute bertan, hala nola Edorta Jimenezek, Asel Luzarragak eta Danele Sarriugartek, beste askoren artean.
Etxea, sinismenak eta bakardadea dira uneotan martxan dauden gaiak.
Kulturaren festa, Usurbilen
Ibilbidearen bost urteak kultur festa handi batekin ospatu nahi ditu Booktegik, eta hitzordua urriaren 22an izango da, Usurbilen, Sutegi kultur etxean, egun osoko programazio batekin.
Jaialdia 10.00etan hasiko da, eta musika eta letren izen ugari batuko dira. Partaide ia guztiek dagoeneko parte hartu dute modu batera edo bestera Booktegin. Iraia Elias eta Hatxe-k Harkaitz Canoren “Azken aurreko manifestua” interpretatuko dute, eta Uxue Alberdi eta Amorante emanaldi berezia prestatzen ari dira, “Meza nagusia”. Hitzaldi eta solasaldi bana ere egongo dira (Itziar Ugarte, Ibon Larrazabal, Ana Galarraga, Irati Majuelo…) eta Anarik “Habiak” diskoa eskainiko du oso-osorik bere taldearekin. Kontzertua 16.00etan izango da.
«Kulturaren ikuspegitik pisua duten figurak alboan ditugu, eta hori oso pozgarria izan da beti, hau da, ikustea sortzaileak zein eskuzabalak diren, gurekin behintzat beti oso eskuzabalak izan direlako», eskertu du Brantonek.
Bost urte atzera begiratu eta, oso balorazio positiboa egiten du Booktegik egindako ibilbideaz. Hala ere, aldi berean pentsatzen dute «ezagunagoa» izan zitekeela ekimena. Hilero 3.000 bisitari jasotzen dituzte, Youtuben mila harpidedun dituzte eta 1.500 lagunek hileroko buletina jasotzen dute berri guztiekin.
Beste datu batzuk: momentuz 266 liburu argitaratu ditu Booktegik, eta horien 275.000 ale deskargatu dira. Era berean, 125 audioliburu plazaratu ditu eta 115 bideo daude lau atal ezberdinetan: Elkarrizketak, ElkarrizKATEA, Saio bereziak eta Eguzkilore-n.
«Harrera beroa du, eta ikusi dugu zentzua duela gure proiektuak. Hasieran liburuak bakarrik argitaratzen genituen, eta astero-astero izenburu berri bat plazaratzen dugu. Pixkanaka, eduki motak eransten joan gara. Helburu batekin sortu ginen, eta helburu berari eusten diogu gaur egun: euskaraz idazteko eta irakurtzeko zaletasuna sustatzea. Sinplea da, baina anbizio handikoa aldi berean. Ez dakit gure aldetik handinahikeria den hori, baina horretan lagundu nahi dugu».
Gabeziak sumatzen dituzte euskarri elektronikoetan edukiak irakurtzeko garaian, eta horregatik egitasmoa bera da erronka bat. «Oso gutxi erabiltzen da liburu elektronikoa Euskal Herrian, paperari oso atxikiak gaude, akaso bizimodu motagatik, eta distantziak hemen ere oso laburrak direlako. Parisen edo Londreseko metroan jende asko ikusten da pantailetan irakurtzen. Hemen Bilbo litzateke horien parekidea?».
Hainbat liburu, oso onak askotan, argitaratu gabe gelditzen dira editatzeak, liburu bat modu tradizionalean argitaratzeak, dakartzan kostuengatik, eta horientzat aukera bat, plaza bat da Booktegi, animatu du Brantonek. «Sortzen dena da aukera zoragarri bat beste modu batera editatuko ez liratekeen lanak konpartitu ahal izateko».
Egile baten idatzia Booktegira heltzen denean, kalitatea bermatzen duen kontrolak pasatzen ditu lehendabizi, bai eduki aldetik bai euskara aldetik. Talentu handia ei dago, Brantonen hitzetan, eta bidean galduta gelditu ez dadin ahaleginak egiten dituzte. «Idazteak suposatzen duen lan handia hartu, eta gero lan hori inora, inori heltzen ez zaiola ikustea oso frustrantea da. Zer da liburu bat ez bada irakurtzen?», hausnartu du.
Hitzatzearekin edo hitzaurrearekin osatzen da lan bakoitza, eta azala profesional bati eskatzen diote. Zuzenketa lanak egiten dira eta, zenbait kasutan, lana egile zehatz bati enkarguz egiten zaionean, editoreen laguntza ere eskatzen da. Sarea dago Booktegiren inguruan. Liburuak hiru formatutan editatzen dira: pdf, mobi eta epub-ean.
Altxorren kutxa ere bada, zeren filosofia honi esker, beste inon ez dauden lanak daude atari honetan. Era berean, beste inon egon diren baina dagoeneko ez dauden obrak ere badaude, deskatalogatuak daudenak kasu; eta beste argitaletxeek plazaratutakoak ere badaude; Susan daude poesia liburu batzuk kasu eta Tartean Teatroak egiten dituen liburuak. Denek dute ezaugarri komun bat: euskara.
Eta aurrera begira, non ikusten du Booktegik bere burua bost urteren bueltan? Egoerak oso bestelakoak izan daitezke, uste du Brantonek. «Bata izan liteke dirurik gabe gelditzea, baliabiderik gabe, eta Booktegi elikatzeari utzi behar izatea. Bestea da gabiltzan moduan jarraitzea, eta hirugarrena da proiektu berriak ere etortzea. Noski, politena azkena da. Baina horrek esan nahi du ekonomikoki egoera erosoago bat izango genukeela. Eta horretarako, nahi eta nahi ez, bazkidetza sarea indartzea beharrezkoa da. Hori ez bada gertatzen, jai dugu, hori argi dugu».