Alessandro Ruta
Elkarrizketa
Ane Elordi
Korrikaren arduradun berria

«2030ean euskara gehiago erabiltzea espero dut, ez ikastea soilik titulua lortzeko»

Zornotzako 31 urteko emakume hau da Korrikaren arduradun berria: «Albistea entzun nuenean, lehen erreakzioa bertigoaren antzerakoa izan zen».

Ane Elordi, Zornotzan egindako elkarrizketan (Aritz LOIOLA/FOKU)
Ane Elordi, Zornotzan egindako elkarrizketan (Aritz LOIOLA/FOKU)

Ane Elordi, 31 urtekoa, Zornotzakoa: AEKren Korrikaren antolakuntzak grina handiko emakume gazte honen aurpegia izango du datozen urteetan. Erreleboa hartu du Asier Amondoren eskutik, zortzi urtez lasterketaren arduradun nagusia izan denaren eskutik. Erronka izango da AEKn 2015. urtean irakasle lanean hasi zen Elordirentzat. Orain aurrerapauso handi bat eman beharko du eta azken egunotan jada guztiz lanpeturik ibili da, baina GAUR8rekin egoteko tartea aurkitu du.

Euskal munduan behintzat «trending topic» bilakatu zara azken asteotan, badakizu?

Bai, badakit. Inoiz baino elkarrizketa gehiago egin ditut, baina ez dago arazorik. Nire auzoan ere are famatuagoa bihurtu naiz. Aurreko asteburuan konturatu nintzen, kalean hainbatek zoriondu nindutelako.

Zorionak nire partez ere, irakasle ohia zaren neurrian. Barkatu hedabidearen erabilera pribatuagatik! Gure euskaltegira, Otxandiora, beste Korrika batengatik heldu zinen. Gure orduko irakaslea 20. edizioa prestatzen ari zen, Otxandiotik atera zena, eta zu bere ordez epe laburrez egon zinen...

Bai. Bost urte pasatu dira eta begiratu non gauden.

Zu, batez ere! Norbaitek, txoritxo batek, AEKtik xuxurlatu zidan: «Ane fitxaketa oso-oso ona da Korrikarako». Erantzungo diozu zerbait?

Nor izan da?

Iturriak ezin dira aipatu, barkatu. Tira, erantzun mesedez...

Mila esker, baina oraindik goizegi da horri erantzuteko. Egingo dudan lanak erabakiko du fitxaketa ona izan naizen...

Anekdota bat: gogoratzen dut azken Korrika bukatu eta gero zu furgoneta baten ondoan zeundela, negar batean. Oker ez banago, elkar besarkatu genuen han, Donostian. Zer sentitzen zenuen momentu hartan?

Niretzat Korrika ekitaldi hunkigarria da. Egia esan, negarrez, edo hunkitzen, dagoeneko egun hartako goizean hasi nintzen, Donostiara sartzen, 10 gau eta 11 egun pasatuta, hainbeste arazo konponduta... esperientzia oso potentea izan zen. Beraz, negarrez baina era berean pozik nengoen. Kontraste hori ahaztezina izango da, betirako.

Koordinatzailea izan aurretik, zer egin duzu Korrikaren lantaldean?

Gidaria izan naiz eta prentsarekin lotura.

Korrikaren munduan, zer gustatzen zaizu gehien?

Betiko moduan erantzungo dizut: jendearen partaidetza, lekukoa hartzea eta abar hor daude, noski, baina Korrika ere bada inor ez dagoen lekuetatik pasatzea, goizaldeak Araban edo Nafarroan, paisaia paregabearekin... Une horietan ere Korrika oso era berezian bizitzen da.

Zein da Korrikarekin lotuta duzun lehenengo oroimena?

Hemen Zornotzan lekukoaren zain nengoela, juxtu orain lan egiten dudan euskaltegiaren parean. Orain dela 15 edo 17 urte izango zen, ez nago ziur. Taberna baten barruan geunden, hotza egiten zuen, eta gero kanpora, Korrikara...

Noiz jakin zenuen Korrikaren arduraduna izango zinela?

Uztailaren 1ean. Albistea pasa den astean bihurtu zen ofiziala, baina gure artean jakina zen.

Nolakoa zara lanean?

Jende askok aipatzen du «alemaniarra» naizela. Dena kontrolpean egotea behar duten horietakoa.

Zuk ikastaroak ematen segituko duzu euskaltegian, jakina.

Denboraldi honetan bai. Bi ikasle autoikaskuntzan dauzkat, Arratiako berbalagun eta dinamizatzailea... 2023ko udazkena heltzen denean, orduan Korrikaren antolakuntzan buru-belarri arituko naiz. Egia esan, dagoeneko hasi gara, talde askoren atzean egon behar da, batzorde asko dago...

Esperientzia berri honek bizitza aldatuko dizula uste duzu?

Begira, Asier Amondok erreleboa eman zidanean kontatu zidan karguan izan den zortzi urte hauetan bere bizitzako momenturik onenak izan dituela. Baina tira, albistea eman zidatenean...

Alai? Urduri?

Ez bata ez bestea, egia esan. Lehen erreakzioa bertigoaren antzerakoa izan zen, nik barrutik ezagutzen dudalako Korrika, badakit nolakoa den, benetako puzzle bat. Baina Spidermanek aipatzen duen bezala, botere handiak edukitzeak ardura asko esan nahi du.

Deskonektatzera, noiz eta nola?

Betikoa, mendira joango naiz, sarri bakarrik. Eta yoga, agian saio gehiago egingo ditut.

Noiz arte izango zara Korrikaren arduradun?

Lau ediziotarako konpromisoa hartu dut, beti egiten den bezala.

Euskarari begira jarrita, zer egoera espero duzu, behin esperientzia hau bukatutakoan? 2030. urtean alegia.

Alde batetik pozik nago, gaur egun atzerritar asko etortzen direlako gure hizkuntza ikastera. Baina gero eta jende gehiagok egiten du bakarrik titulu bat lortzeko. Eta euskara ez da soilik hori, baizik eta gizartean erabili behar den tresna. Bada, hori espero dut: zortzi urte barru gizartean gehiago erabiltzea.

Hitzordua, orduan, 2024an?

Bai, 2024ko martxoaren 14tik 24ra; Gipuzkoatik beste norabait.

Eta ezin didazu gehiago aurreratu?

Ez, ez. Gainera, bideari dagokionez ez du asko erabakitzen arduradunak.