Bostehun urtez zilar meatzeak ustiatzen aritu ondoren, Potosi kolapsatu egin da
Iragarrita zegoen hondamendia gertatu zen duela aste batzuk: bostehun urtez ustiatzen aritu ondoren, Potosiko Cerro Ricoko meatzeak hondoratu egin dira. Hondoratze horrek bere baitan beste gainbehera batzuk irudikatzen ditu; baliabideen amaiera, ingurumenaren kolapsoa eta debozio kapitalistaren basakeria, esaterako.
Pasa den irailean albiste bat oharkabean pasatu zen: irailaren 17an Potosiko Cerro Rico hondoratu egin zen. Bostehun urtez aritu dira bertan zilar meategiak ustiatzen. Hondamendi hori, aspaldidanik iragarrita egon arren, antzeko hondoratze baten irudikapena da; hain zuzen, meatze erauzketaren (zilarra nahiz beste mineral preziatu batzuk) hondoratzearena eta jarduera horiekin batera doan gizarte eta ingurumen hondoratzearena. Era berean, maila orokorrago eta planetarioago batean, gure zibilizazioaren hondoratzea irudikatzen du; baliabideen amaiera eta ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren kolapsoa. Baina zibilizazioaren kolapsoaren aurrean, nahiz eta estamentu ezberdinek aspaldidanik iragarri, nahiago dugu ez ikusiarena egin.
Potosiko Cerro Rico (muino aberatsa) enblematikoa izan zen meatzaritza jarduerarengatik; gaztelaniaz, aberastasuna adierazteko «vale un Potosi» esamoldea hortik sortu zen. Horregatik agertzen da bere silueta Boliviako armarrian. Potosik Amerikaren konkistaren eta kolonizazioaren historia irudikatzen du, baita hura mugitu zuena ere: aberastasunaren bilaketa, eta bereziki urre eta zilarrarena. Utzi zuten toponimian islatzen da antsia hori: Ciudad de la Plata, Rio de la Plata edo Argentina bera, metal honen latinezko izenetik eratorria (argentum). Hortik dator, halaber, Latinoamerikan dirua aipatzeko “plata” hitza erabiltzea.
Potosik 1545ean meategia ustiatzen hasi zen espainiar kodizia sinbolizatzen du. Inkek ez zuten inoiz ustiatu, mendi hori sakratutzat zeukatelako eta haren arimaren eta burrunben beldur zirelako. Batzuek diotenez, izena potosi hitzetik dator (burrunba, meatze leherketekin ere lotua). Beste teoria baten arabera, berriz, orcco poctocchi-tik dator eta «zilarra darion muinoa» esan nahi du. 2022ko irailaren 17an orro egin zuen berriro, eta kaltetzeari eta ustiatzeari uzteko eskatu zuen muinoak.
Potosi eta zilarraren gailurra
Potosik baliabide batenganako debozio kapitalista islatzen du; kasu honetan meatzaritza, bere amaiera kontuan hartu gabe mea atera eta ustiatuz. Ez zegoen Potosi muinoaren hondoratzeak bezain ongi adierazterik baliabideen amaiera zertan datzan. Erauzketa «gailur» edo «sabaia» (berriztagarria ez den baliabide natural baten erauzketa mailak goia jo eta behera egiten hasten den puntua) aspalditik entzuten ari garen zerbait da erregai fosilekin lotuta (petrolioa, gasa eta ikatza).
Baina kasu handirik egin gabe jarraitzen dugu guri eragingo ez baligu bezala, fracking-a (Erresuma Batuan berriki onartua eta Espainiako Estatuan ere proposatua), harea bituminosoak edo itsas sakonera handiko erauzketa bezalako teknika lazgarri, suntsitzaile eta bortitzak planteatzen dizkigutenean, hain zuzen, baliabideen erabilgarritasun globalaren murrizketaren ondorioz, besterik gabe.
Baina, egia esan, gainbehera hori gainerako baliabide mugatu guztietan ere gertatzen da. Peak Everything edo «guztiaren gailurra» deritzona da. Dirudienez, zilarraren erauzketak goia jo zuen 2015ean, aurretik 1990ean eta 2001ean ere krisian sartu bazen ere. Gailur hori iritsi ondoren, gainbehera hasi zen, eta, ondoren, hondoratzea. Potosi hondoratze horren adibide adierazgarria da.
Beste ebidentzia bat: 2018an 28.349,5 tona zilar kontsumitzen ziren urtean (nola kontsumitzen da zilarra? Zertarako balio du?), eta 22.679 tona besterik ez zen ekoizten. Beherakada horrek hurrengo urteetan jarraitu du.
Urrearen kasua oso antzekoa da, dauden erreserbak agortzen ari baitira eta aztarnategi berrien aurkikuntzak ere gutxitzen. Urrearen industriak berak berretsi zuen duela lau urte goia jo zuela. 2018an, Goldcorp urre meatzari nagusietako baten presidenteak onartu egin zuen: «Aztarnategi handi guztiak aurkitu ditugu». 2019an, ekoizpenaren urteko lehen jaitsiera gertatu zen, 3.531 tonaraino.
Hala ere, industriak ustiatu beharreko gainerakoa %20an kalkulatzen du oraindik, eta hori asko da, batez ere Potosikoa bezalako hondamendien aurrean. Ingurumen perspektiba eta sentsibilitate falta eta meatzarien kodizia egiaztatuta daudenez gero, uste dugu oraindik suntsipen eta kalte handia jasan beharra izango dutela komunitateek.
Zilarra mineral preziatutzat hartzen da eta erabilera ezberdinak ditu, baina urreak bezala, balio monetarioa ere badu: izan ere, duela ez hainbestera arte gure ekonomiaren neurketak horren arabera egiten ziren. Izan ere, txanponak bere benetako balioan egiten ziren material horretan. Eta ez alferrik, Potosi hirian bertan Espainiako moneta fabrika zegoen. Beraz, bi mineral horien erauzketak ekonomiari eragin dio historikoki. Horregatik, beste eredu monetario batzuk ere ezarri dira aspalditik. Hala ere, Cerro Ricoren kolapsoak kolapso kapitalista iragartzen du, eta horren adierazle asko ditugu.
Iragarritako kolapsoa
Cerro Ricoko kolapsoa aspaldi iragarri zen. 2010ean, hondoratze partziala gertatu zen, eta 2011n, Geologia Zerbitzu Nazionalak eta Meatzeetako Zerbitzu Teknikoak txosten bat argitaratu zuten, honako hau ohartaraziz: «Potosiko Cerro Ricoko gailurraren hondoratzea hiru faila sistema faila mineralizatuen elkargunean gertatzen da; arroka mazizoak desegonkortasun eta hausturarako joera erakusten du».
2015ean jada «kolapsoaren ertzean dago, azken 500 urteetako meatze lan etengabe eta bortitzaren ondorioz». 2017an, beldur ziren gertatuko ote zen, baina ustiapenak bere horretan jarraitu zuen.
Aurten, 2022an, muinoa kolapsatu baino bi hilabete lehenago, meatze hondakinen putzu batek gainezka egin zuen eta Pilcomayo ibaira iritsi zen, eta handik Paranara, Rio de la Platan itsasoratzeko.
Epifanio Mamani Boliviako Meatzaritzako ministro ohiak berak salatu zuen ezkutuko mehatxua 2021ean: «Berehalako irtenbiderik ematen ez bada, hondamendi bat gerta liteke, eta meatzaritzako langile asko hil litezke».
Juan Jose Toro “El Potosi” egunkariko zuzendari ondokoak ere salatu zuen; izan ere, meatzariek eraso egin zioten 2020an, gailurrera igotzen saiatzen ari zela, ondarearen babeserako batzorde batekin. Orduan, 19 hondoratze zeudela eta bateratzeko arriskua zegoela jakinarazi zuten. Badirudi inork ez diela entzun. Edo nahiago izan zuten horrela jarraitu, batzuk milioiak poltsikoratuz, beste batzuk ogi zati bat ahora eramanez, tragedia gauzatu arte.
2017an lur jausi bat gertatu zen, eta bi meatzari hil ziren. Orduan, 300 meatzari Boliviako beste meategi batzuetan birkokatzeko prest zeuden. Langileek lekualdatu nahi zuten, segurtasunik ezak eragiten duen beldurragatik. Baina lanean jarraitu beharrak lehentasuna zuen. 20 dolarreko soldata eguneko, arrisku eta istripu tasa horiekin harri eta lur kargak ateratzeagatik. Era berean, meatze hondakinen artean bila aritzen diren emakumeek –palliris delakoak– 143-430 dolar lortzen dituzte hiru hilabeteko lanagatik. Haiek, egungo esklaboak, sistema kapitalista basati honi eusten dioten beste asko bezala, mitanoen ondorengo zuzenak dira. Mita izan zen Espainiako koroak meategiak ustiatzeko ezarri zuen esklabotza sistema, baina berez kitxuatik hartutako hitza (mit’a) da, eta jatorrian «auzolana» esan nahi zuen. Denaz jabetu ziren, dena usteldu zuten.
Potosiren kolapsoak kapitalismoaren suntsipenerako lasterketa itsua ere iragartzen digu, beti beste helburu batzuk (soldatak, etekinak, baliabideak) segurtasunaren, ongizatearen edo ingurumenaren aurretik jartzen direlako.
Garai kolonialetik dator
Cerro Ricori «gizonak jaten zituen mendia» ere esaten zioten, eta hori, inken kondaira kontuan hartuta, hitzez hitz bete zuen. Eduardo Galeanok zioen zubi bat eraiki zitekeela Potositik Europara Cerro Ricotik ateratako zilarrarekin. Baina beste bat mendi barruan hil ziren pertsonen hezurrekin. Uste da zortzi milioi langile afrikar eta indigena hil zirela Potosiko meategietan Espainiaren kolonian.
Galeanok 1971n hitz egin zuen meatzaritzak Potosin zekarren suntsipenaz. Bere «gainbeheraz» eta «zilarraren akiduraz» hitz egiten zuen, «jainkozko zigor gisa interpretatua izan zena» (zibilizatuek ere iritzi ez-zientifikoak garatzen dituzte!). Izan ere, zilarraren erauzketa 1650. urte inguruan (100 urteko ekoizpena) iritsi zen gorenera; une horretan betak agortzen hasi ziren (Potosiko zilarraren gailurra).
Galeanok dioenez, 1825ean indiarrek hainbeste sufritzen zuten, ezen muinoari zainak agortzeko otoitz egiten zioten. «Eta azkenean muinoak kodizia madarikatzen du».
Galeanok esaten du Potosi «amerikar bizitza kolonialaren erdigunea» izan zela, inguruan gainerako ekonomiak baitzeuden. Potosi, beraz, esklabotzan oinarritutako kolonialismoaren paradigma da, hegemoniko bihurtu zen eta orain arte bere botereari eutsi dion kolonia aberasteko. Kalkuluen arabera, Potositik XVI. mendearen amaieran munduan ateratako zilar guztiaren %50 atera zen, 50.000 milioi dolarreko balioarekin. Bien bitartean, Bolivia munduko herrialderik pobreenetako bat bihurtu zen, nahiz eta azken gobernuek neurri batean arindu egoera hori.
Estraktibismoa
Juan Jose Torok Estatuaren jokabidea ere salatu zuen, Potosiko ustiapena geldiarazteko «ezer egiten ez duelako». Gainera, legez kanpokoa da, 4.400 metroko kota gainditzen duelako. Tamalgarria da, ordea, gobernu horiek metodo berberak erabili behar izatea: baliabideak gehiegi ustiatzea ondorioak aurreikusi gabe eta ingurumen eta giza inpaktu handiak eraginez.
Gogora dezagun Evo Moralesen gobernua, gobernu indigena –mitanoak bezala– 2006tik 2019ra izan zela agintean. Gobernu honentzako, herrialdeko baliabide mineralen ustiapena bere ekonomiaren euskarria izan da, esportatzen duen gasaren mende baitago hein handi batean, eta beste erauzketa proiektu batzuk ere hasi ditu, litioa ateratzeko edo Tariquia erreserban orain petrolioa ateratzeko. 2014an Gobernuak meatze lege bat onartu zuen, erreserba naturalen arauak aldatu zituena, eta enpresei ustiapen ahalmen handiagoa eman zien. Meatze enpresen alde egiteko ere aldatu zuen legea, haien aurkako oposizioa kriminalizatuz.
2017an, Potosiko hondoratze eta heriotzen urtean, Gobernuak “Potosi de plata” aurkeztu zuen, haien arabera, Potosiko Cerro Ricorako Meatzaritza Programa Integral eta Jasangarria. Berriz, denon galdera da zer-nolako iraunkortasuna izan dezakeen ustiapen horrek. Programa horrek, besteak beste, honakoak biltzen zituen: meategi moderno bat Cerro Ricoko zati herdoilduan, hustubide bat Comibol meategi zaharrean, eta eztainu, zink eta zilarra ustiatzeko sarbide berriak. Tokiko zilargintza industria baten garapena ere barne hartzen zuen.
Gaur egungo kapitalismoaren konplexutasuna ulertzen dugu, globalizazioarena, neoliberalismoarena; ekonomia desjabetuek, herri espoliatuek, alternatibak garatzeko dituzten zailtasunak ere bai. Baina ez al dago beste aukerarik, hainbeste zapalkuntza, hainbeste ingurumen kalte eta hainbeste mendekotasun ekonomiko dakarten moduekin baliabideak ateratzen jarraitu besterik? Kolapsatu arte egin behar da? Zalantzarik gabe, hondoratze horrek argi sinbolizatzen ditu aurrerakoia edo iraultzailea zarela esan arren politika kapitalista berberei jarraitzearen ondorioak.
Hondamendi honek indigena-zibilizatu dikotomia eta argudioa ere nabarmentzen ditu. Horren arabera, indigenak integratua izan behar du eta Mendebaldeko kultura bere gain hartu behar du bere ongizatea hobetzeko. Baina honek erakusten digu, halaber, pentsamolde indigena zuzen zegoela eta zibilizatua ez: zibilizatuek indigenen alarma saihestu zuten, eta akidura, hondoratzea eta, bide batez, min eta heriotza handia eragin zituzten.
Abya Yalak (Amerikako lurrak izendatzeko izen indigena) eta planeta osoak aurre egin behar diote dikotomia horri. Mexikoko Jalisco hirian wixarita (huichol) herriak aurre egin behar dio, proiektu bat dagoelako zilarra eta beste mineral batzuk ateratzeko El Quemado edo Wirikutako muino sakratutik (Unescok Gune Sakratu Naturalen Munduko Sarean sartu zuen). Bere erresistentzian arrakasta izan arren, wixarita herriak ere hildakoen saldoa dauka.
Aire zabaleko meatzaritza
Munduko betarik handiena izan zen Potositik ateratzen den zilarra kopuru txikitan agertzen da orain, eta gehiena eskuz bildutako pusketak dira, azken apur horiek ahalik eta gehien aprobetxatzeko.
Andeetan, ustiatzeko era hauxe da gaur egun: harkaitz guztia erauzi eta birrindu egiten da, bertatik material desberdinen partikula mikroskopikoak ateratzeko. Erauzteko modu horiek, nahiz eta sofistikatuak izan, minerala agortu dela erakusten dute.
Potosin gertatu den tragedia bera pairatzen dute Andeetako mendilerroan hainbat komunitatek. Kasu honetan zabarkeriak eta gehiegizko esplotazioak mendi baten desagerpena eragin dute, baina aire zabaleko egungo meatzaritzak bere jardueraren hasiera-hasieratik egiten du txikizio hori. Hainbat proiektu daude, MARA (Minera Agua Rica Alumbrera) edo Tambogrande, Pazko Lama, Yanacocha, El Tambor, El Conga... zerrendak ozeanoa zeharkatuz beste zubi bat eraikitzeko aukera emango liguke.
Bajo La Alumbrera meatzeak agortze hori adierazten du: aurtengo apirilean, 2022an, itxi egin zuten, 21 urteko jardueraren ondoren agortu egin zelako. Abya Yalako aire zabaleko meategi nagusia zenak atzean utzi zuen 490 metroko sakonera eta 1.800 metroko diametroa zuen kraterra. Inguruko herriei ingurumen gorabehera larriak eragin ondoren, MARA deituriko proiektuak kobrea, zilarra, urrea eta molibdenoa ustiatzen jarraitu nahi du beste eremu batean, Agua Rican. Gizartearen oposizioa geldiezina da. Nahikoa jasan dute.