Hitzak baino gehiago
Euskarak hitzak baino gehiago ekintzak behar ditu» esatea slogan famatua izan arren, Euskaraldiaren bueltan errepikatzea beharrezkoa da. Ez dezagun euskararen alde jarduten dutenen lanari esker txapa jantzi, eta, era berean, euskararen aldeko politika publikoetan murrizketak besterik egiten ez dutenak zuritu.
Euskaraldia gure hizkuntzarentzat indargarria den arren bere mugak ditu. Txapa jantz dezaket, baina behartuta nago Filosofiako masterreko ikasketak gaztelaniaz egitera, hain zuzen ere, txapa jantzita unibertsitate pribatua diru publikoz puzten dutenek ez dutelako borondate politikorik euskal pentsamenduan inbertitzeko.
Gaztelaniaz ematen diren klase horietan nahiko ohikoa da ezkertiar airea duten irakasle gizonek sekulako ahalegina egitea («alumnos» hitzean egiten den moduan) maskulino generikoa erabili beharrean «los/las alumnos/alumnas» erabiltzeko. Klaseak euskaraz bermatuz ekidin daitekeen gaztelaniak eragiten duen genero bereizketa linguistikotik at, askotan galdetzen diot nire buruari ea benetan uste duten feministoi axola diguna hori dela.
Bai, erabiltzen ditugun hitzak garrantzitsuak dira. Hizkuntzak mundua eratu eta eraldatzen du eta ez da zilegi «gizateria» osoari buruz aritzeko «gizon» terminoa erabiltzea, baina «gizaki» terminoa erabiltzeagatik zerbait eraldatzen delakoan egotea, feminismoa normaltasunaren gainean ezar daitekeen petatxo bat dela pentsatzea da. Eta nire susmoa da askok hori nahita horrela erabiltzen dutela batzuetan petatxoa jarri eta feminismoaren kapital sinbolikoaz aprobetxatzeko, eta besteetan petatxoa kendu eta patriarkatuak ematen dien pribilegioa mantentzeko.
Baina kontua ez da horrenbeste gizon feministak benetan beren pentsamenduan eraldaketa bat gauzatzen eta deseraikitzen ari diren, edo feminismoa aipatzen duten soilik horrek kapital sinbolikoa dakarrenean. Hizkuntzatik eta pribilegio indibidualetatik at doazen politika eraldatzaileak behar ditugu, ezin dugu feminismoaren ardura beren burua borondatez deseraiki nahi duten gizonen eskuetan utzi. Deseraikuntza indibiduala ez da aukera bat. Gizonek beren diskurtso, pentsamendu eta praktikak errebisatzea taktikoa izan daitekeen arren, estrategia diskurtso, pentsamendu eta praktika horiek sostengatzen dituen estruktura eraldatzean oinarritu behar da. Estruktura eraldatu ezean, nire lagun batek “fantasia asoziologiko” deitzen dion deseraikuntza hutsean galduko gara, feministoi balioko ez digun tesi liberal eta boluntarista batean, hain zuzen ere.
Indibiduoek ezin dituzte beren mentalitatea eta praktikak bakarrik deseraiki, mentalitate eta praktika horiek produzitzen, indartzen eta saritzen dituen gizarte patriarkalaren baitan, pribilegioari uko egitea ez delako aukera bat.
Sentsazioa dut askotan borroka feminista laino-idealista horietan galtzen dela, uste duela mentalitate indibidualak eraldatuz dena aldatuko dela eta aldaketa hori guztia aktibatuko duen gakoa hezkuntzan kokatzen duela. Hezkuntzak bere lana egin behar du, baina bere mugak ditu. Zertarako balio du etika klaseetan feminismoa txertatzeak gazteak etxera heltzean ikusiko badu ama dela alzheimerdun amona zaintzen duen bakarra?
Gakoa estruktura materialen eraldaketan dago, emakumeek emakume izateagatik dohainik egiten duten lan guztian, hau da, maitasunagatik egiten den esplotazio familiarrean, eta hori ez dute egiten mentalitateek, diskurtsoek edo borondate onez beteriko indibiduoek, hori zaintza-lanez arduratuko diren zerbitzu publiko ondo finantziatuek egin dezakete soilik. Feminismoak, euskarak bezala, hitzak baino gehiago egitura eraldatzen duten ekintzak behar dituelako.