Asier Aiestaran
URTEA 10 ARGAZKITAN (I)

Covida ahazten hasi eta kaleko bulkada berreskuratu zen urtearen lehen erdian

Urtarrilean oraindik covidak arazo ugari sortu bazituen ere, hilabeteak aurrera joan ahala egoera asko lasaitu zen alde horretatik eta kalean garai bateko estanpak errepikatzen hasi ziren. Izan manifestazio eta aldarrikapenetarako, izan festa giroan murgiltzeko, jendeak kalera irteteko gogoa erakutsi zuen. Hemen bildutakoak dira adibide batzuk.

> Pentsiodunak

Euskal Herriko pentsiodunen plataformek euren aldarrikapenak kalean jendarteratzen jarraitu dute. 2022ko urtarrilaren 15ean, astero elkartzen hasi zirenetik laugarren urteurrena bete zuten irudian ikus daitekeen mobilizazio jendetsuarekin, eta 2023an iritsiko den bosgarrena are jendetsuagoa izan liteke.

(Aritz LOIOLA / FOKU)

Baina urteurrenetik harago, askotarikoak izan dira pentsiodunek urtean zehar antolatu dituzten mobilizazioak. Ekainean pentsiodunen lehen Bizikleta Martxa egin zuten, Donostian hilaren 13an hasi eta 25ean amaituz, eta bidean Euskal Herriko ehunka hiri eta herri zeharkatuz. Eta azaroaren 19an Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan manifestazioak egin zituzten.

Pentsio publiko eta duinak eskatzen dituzte, gutxieneko kopurua 1.080 euroan kokatuz, baita kalitatezko zerbitzu publikoak edo zaintza eredu berri bat ere.

> Pello Zabala

Otsailaren 2an hil zen Pello Zabala fraide frantziskotarra 78 urte zituela. Idazle eta meteorologo lanetan ere aski ezaguna, hainbat komunikabidetan zabaldu zuen bere jakintza aberatsa, GARAn ere bai, noski. Ehunka lagunek agurtu zuten Arantzazun.

(Andoni CANELLADA / FOKU)

> Erika

Agur sonatuen urtea izan da Athleticen, eta denetan aipagarriena Erika Vazquez aurrelari nafarrarena. Iruindarrak 423 partida jokatuta erantzi du elastiko gorria, 17 denboraldiko ibilbide aparta sinatuz eta 264 gol sartuz. Hiru aldiz izan zen Ligako txapeldun Athleticekin.

Erikarekin batera, Vanessa Gimbertek ere erretiroa hartu du aurten. Bergararrak 42 urterekin erantzi ditu futboleko botak, eta horietatik 23 eman ditu goi mailan jokatzen. Azken bederatzi urteak Athleticen eman ditu, aurrez Levante, Huelva, Sevilla, Rayo eta Espanyolen jokatu ostean. Gimbert bost Liga eta bost Kopa irabazita agurtu da.

(Aritz LOIOLA / FOKU)

Eta Realarentzat ere urte berezia izan da, emakumezkoen taldeak historian lehen aldiz Txapeldunen Liga jokatzeko txartela eskuratu zuelako. Aurrekanporaketa Bayernen aurka jokatu behar izan zuen eta lan oso txukuna egin arren ligaxkatik kanpo geratu zen. Joaneko partida 0-1 amaitu zen Anoetan eta itzulerakoa, Munichen, 3-1.

> Gure Esku

Uztailaren 2an milaka euskal herritar eta kataluniarrek Pirinioetako 300 gailurretik gora argiztatu zituzten erabakitzeko eskubidearen alde. Gure Esku, ANC, FEEC, Omnium Cultural eta Artistes de la Republica izan ziren ekintza sinbolikoa antolatu zutenak, Higer eta Creus lurmuturrak argi-lerro erraldoi batekin lotzeko. Aipatutako gailurretatik 115 egokitu zitzaizkien euskal mendizaleei, eta gainontzekoak kataluniarrei, aurrez oso gutxitan ikusitako ekitaldi bateratua bultzatuz.

(Andoni CANELLADA / FOKU)

Urtearen hondarrean, “Itsasargia” eztabaida herritarra jarri du martxan Gure Eskuk, datozen urteetarako norabidea adosteko asmoz. 2023ko apirilaren 22an, esaterako, Nazioarteko Konferentzia antolatu dute Ficoban hamargarren urteurrenarekin bat eginez.

> Asier Martinez

Aurreko urteetan sekulako emaitzak lortuak zituen arren, 2021ean Tokioko Jokoetan sinatutako seigarren postua esaterako, 2022a izan da Asier Martinez atleta nafarra ezbairik gabe munduko izar nagusiekin parez pare kokatu duena. Lehen abixua martxoan Belgradon jokatu zen Pista Estaliko Munduko Txapelketan eman zuen, laugarren postuan amaituz. Baina lehen kolpea uztailean iritsi zen, Eugene (Oregon, AEB) hirian jokatutako Munduko Txapelketan. Asier Martinezek brontzezko domina irabazi zuen, Grant Holloway eta Trey Cunningham estatubatuarren atzetik sailkatuz, 13.17ko marka bikainarekin. Eta bigarren kolpea ez zen txikiagoa izan, abuztuan Munichen Europako txapeldun izan baitzen Pascal Martinot-Lagarde eta Just Kwaou-Mathey frantsesak menderatuz eta oraingoz bere markarik onena dena lortuz: 13.14. Sekulako ongietorria jaso zuen Martinezek Iruñean.

(Jagoba MANTEROLA / FOKU)

> Elkano

2022an 500 urte bete dira Juan Sebastian Elkanok munduari lehen aldiz bira eman zionetik, eta urteurren borobila irailaren 6an ospatu zen. Getarian lau urtetik behin antzezten den Elkanoren Lehorreratzeak ekitaldi berezi eta jendetsua bizi izan zuen, Euskal Autonomia Erkidegoan jaieguna izan zela baliatuz.

Baina ospakizun horiekin batera, urteurrenak Elkanoren inguruko irakurketa berri eta desberdinak egiteko balio izan zuen. Zenbait ahotsek garai hartan egin ziren hainbat gehiegikeria ezagutarazi, salatu eta lehen lerrora ekartzeko beharra nabarmendu zuten; beste batzuek garaian garaiko testuingurua ulertu beharra dagoela defendatzen dute eta 1522an gertatutakoak gaur egungo balioetatik epaitzeak ez duela inolako zentzurik.

(Andoni CANELLADA / FOKU)

Eztabaida interesgarri horiekin batera, Euskal Herriak historikoki itsasoarekin izan duen harreman estua aztertzeko eta gogoratzeko balio izan zuen urteurrenak, Elkano Fundazioa edo Albaola bezalako erakundeen eskutik.