«Gazte lakotak hizkuntza ikasteko irrikaz daude»
Michael Carlow lakota irakaslea da eta Toscowe Tioscawe elkarteko burua. Hamabost urtez topaketak antolatu dituzte siux herriko mintzairetako hizkuntza eta hezkuntza arduradunekin.
Zaldi Ero eta Zezen Eseri borrokalari historikoek hitz egiten zuten hizkuntzaren egoera gaur egun oso larria izanda ere, itxaropentsu ageri da Michael Carlow lakota irakaslea GAUR8rekin hizketan.
Lakota, dakota… zein alde eta ezberdintasun daude?
Lakota, dakota eta nakota denboran eta espazioan bereizitako herriak dira, eta euren hizkeretan zenbait aldaketa egon ziren, baina oro har elkar uler dezakegu. Arazoa da geratzen diren hiztun gehienak zaharrak direla, eta gure lana da hurrengo belaunaldiak ere hizkuntza jasoko duela bermatzea. Hizkuntzari bizirik eustea.
Zerk eragin zuen hizkuntza transmisioan etena, eta zelan egin diozue aurre?
‘Boarding school’ edo barnetegien ondorio da, errepresioaren ondorio, Elizaren jardueraren ondorio, umeak zigortu egiten zituzten euren hizkuntzan egiteagatik. Ni neu hizkuntzaren inguruan hazi nintzen, aitona-amonak hiztunak ziren, ulertzen nuen, baina hizketan ikasi behar izan nuen, beldurra gainditu. Orain, ahal dudan guztietan erabiltzen dut, haur, zahar, senide, lagun… eta poz handia ematen dit niri ere lakotaz zuzentzen zaizkidanean, hitz bat izan arren. Aldaketa handia gertatu da, ulertu da hizkuntza dela nortasuna, hiztunik gabe, alferrik dela, Gobernuak tribu gisa aitortu arren.
Hizkuntzaren inguruan lanean dabilen Toscowe Tioscawe elkarteko buru zara, eta topaketen antolatzaile.
Baneraman denbora bat lakota hizkuntza irakasten, eta ohartzen nintzen komunitatean genituen arazo ugarietako batzuk kolonizazio horren ondorio zirela. Hala sortu nuen Tusweca Tiospaye, hizkuntza indartzeko gazteen artean. AEBetako zenbait erreserbatara joan nintzen, hizkuntzan egiten ari zirena ikastera eta trebatzera. Gauzarik garrantzitsuenetakoa haur eskoletatik, txiki-txikitatik erabateko murgiltzea izatea da, eta horrekin batera, bigarren hizkuntza gisa jasoko dutenak, heldu gazteak bereziki, haurren gurasoak, kasu. Horrela eratu ahalko dugu komunitate bat, hizkuntza ofiziala lakota duena, era naturalean erabiliko duena.
Lakotaz murgiltze eskola asko daude?
Murgiltze ereduak 1990eko hamarkadaren erdian sortu ziren, baina aparteko enfasirik gabe. Azken urteotan izan du gorakada, urtez urte eskola gehiagok hartzen dute murgiltzea, eta ikasturteak gehituz doaz, mailaz maila, lehendik dutenari bat gehituz, graduatu arte. Gure lana guztiz boluntarioa da, hasi ginenean familiako talde bat ginen, senideei eskolak ematen, haurrei, ilobei, eta haziz joan da. Egun dena dago eskuragarriago. Talde txikiak ditugu, gogor lanean hizkuntza biziberritzeko; asko izan dira, baina era autonomoan, besteek zer egiten zuten jakin gabe. Nire ametsetako bat da erreserbetako elkarte eta eskola horien guztien indarrak batzea.
Horrela sortu zen lakotari buruzko konferentzia antolatzeko ideia duela hamabost urte?
Batez ere lakota, dakota eta nakota herriak bisitatu ditut, baita Kanada aldekoak ere, ikusi dut erronka berdintsuak ditugula; hizkuntzaren galerari aurre egitea, azken batean. Batuta bagaude, elkarrekin partekatzen badugu esperientzia, aukera handiagoa izango dugu.
Pandemia ostean berriz elkartu ahal izan zarete.
Pandemia oso gogorra izan da, zaharrekin batez ere, hiztun asko galdu ditugu, kulturaren eroaleak, eta horrek are gehiago utzi du agerian zeinen larria den egoera, zahar horietako asko benetako iturri aberatsak zirelako, eta ez dira itzuliko. Gure azken konferentzia oso inspiragarria izan da, orain arteko handiena, jende gazte askorekin, oso hunkigarria. Orain bertan teknologia da erronketako bat, nola erabili eta partekatu, zein aplikazio landu.
Tresna horietako asko ez daude komertzialki eskuragarri, eta onena da material horiek sortzen ari direnak partekatzeko gogoz daudela. Kanadako hiztun bat izan dugu bere ikasketa planak doan eskaintzen; denek nahi dute euren esperientzia banatu, metodoak eskaini, hor daude baliabide horiek. Eta garrantzitsuena jendea da, baliabide onena gure zaharrak dira, jatorrizko hiztunak, eta hizkuntza ikasi duten eta ikasten ari diren gazteak.
Elkarlan horretatik, programak egokitu litezke, eredu eta estrategiak partekatu. Zorionez, oso ondo dago dokumentatuta gure hizkuntza, eta baditugu etxetik hizkuntza dakiten hiztunak, alde handia da hori beste hizkuntza batzuen aldean. Eta batez ere, hizkuntza ikasteko irrikaz dauden haur eta gazteak ditugu.
Gobernuan ere jarrera aldaketa nabaritu duzue?
Gobernua hasi da dirulaguntzak ematen, baina ez da nahikoa mugimendu honen neurria eta programa kopurua aintzat hartuta, gehiago egin behar dute.
Baina itxaropentsu zaude.
Itxaropen handienetakoa gazteek ematen didate. Hizkuntza nahi dute, mintzatzen eta garraiatzen ari dira, oso jarrera ona dago. Badakite eurena den zerbait dela, hizkuntza etxean jaso ez arren, askok izan dute harremanen bat, gurasoek zerbait ulertzen dute, eta badago itzulera moduko bat praktika izpiritualetara ere. Baina hizkuntza da kulturaren oinarria. Zeremonietatik hasi eta kirol ekitaldietaraino, umeak gose dira hizkuntzan sakontzeko. Badakit hamar urte barru hizkuntza erabiliko duen belaunaldi berri hori izango dugula. Aldaketa handia izango da.