Juantxo EGAÑA

Ipar Euskal Herriko mugimendua iruditan jaso du Talak

(TALA)

1993ko abenduaren 26an, euskal presoekiko elkartasuna Fresnesko eta La Santeko espetxeetara iritsi zen. Ehunka euskaldun zeramatzaten autobusak atera ziren bezperan Lapurdiko hiriburutik, bi espetxe horien aurrean eta Parisen manifestatzeko. Parisen, hainbat leku enblematikotatik igaro zen manifestazioa, hala nola Notre Dameko katedrala, Pompidou Zentroa edo udaletxea. Irudi honen egilea Eulogio Talavera izan zen, "Tala" ezizenarekin ezagunagoa.

Argazkilari honen familiak joan den mendeko 50eko hamarkadaren amaieran Jaengo La Carolinatik Bizkaiko Ugao herrira emigratu zuen. Tala 1974an Ipar Euskal Herrian babestu zen eta 1977an Donibane Lohizunen bizi izan zen. Urte horretan, bere lagun eta errefuxiatu Alberto Barreña durangarrarekin batera, autodidakta hasi zen argazkigintzan. Bere lehen argazkiak “Egin” egunkarian argitaratu ziren.

Ipar Euskal Herrian egin diren elkarretaratze, manifestazio eta ekitaldi kulturalen argazkiak egin izan dizkie senide eta lagunei, gaur arte iritsi diren irudiak. Tala da Jose Miguel Etxeberria “Naparra” errefuxiatuaren irudi ezagunaren egilea: hainbeste kartel, liburu, telebista eta kazetaritza artikulutan agertu den argazkia, gehienetan sinatu gabe. “Naparra” 1980ko ekainaren 11n desagertu zen. Argazki sonatua 1978ko udan egin zuen Talak Donibane Lohizunen.