Ipurtargiak
Aurreko astean Danbaka musika lehiaketaren finalean egon nintzen: antolakuntza puntakoa izan zen, publiko asko eta -lehiaketa horren marka den- musika eskaintza askotarikoa. Final ederraz gain, gainerako emanaldietan Debagoieneko musika eskaintza aberatsaren lagin esanguratsua ezagutzeko aukera ezin hobea. Aukera, hiru arrazoirengatik: lehiaketa izateak kontzertuetara bestelako publikoa (ohitura ez duena) erakartzen duelako; agian, espresuki inoiz ikusiko ez zenituzkeen taldeekin topo egin dezakezulako eta, azkenik, Goienaren bitartekoei esker lehiaketako emanaldi guztiak (23!) telebistan zein interneten eskaintzen direlako.
Gauza batek eman dit zer pentsa: finalera heldu ziren hiru proposamenek (bakarlaria, folk zortzikotea eta rock-and-roll taldea) gaur egun gizartean antza nagusi diren musika estilo moderno eta urbanoak ez ordezkatzea. Egia da rap-ak eta, batez ere, reggaetoiak presentzia handia dutela gazteen egunerokoan; lehenak gehiago kalean, eta bigarrenak, nabarmen, gehien ikusitako plataformetan. Halako handia da azken multzo horren bonbardaketa, ezen askotan pentsarazten baitigute gazteek ez dutela hortik kanpo musikarik entzuten.
Bada, urte bukaerako disko eta kanta zerrenda horietako bat egiterakoan berretsi dut gehien ikusitako plataformen bonbardaketatik at badirela punkaren aldeko hautua egiten duten gazte asko; ez hain agerian, eta ikusgarritasun txikiagoarekin, baina gogoz eta indartsu. Gazte belaunaldiak egarri daude eta, mitifikatutako hamarkadari bizkarra emanez, haien tamainako eta gaurkotutako moldeak garatzen dabiltza, gaur egun dagoenak ez dituelako asetzen. Horren adibide dira Gipuzkoako kostaldeko Flash, Lekeitio aldeko Zikin, Donostialdeko Rekba eta abar.
Bestalde, gazteen artean iraunkortu eta berpiztu den moduagatik arreta pizten duen beste estilo bat Oi! edo street-punk delakoa da, hegemoniatik ia galbidera eta berriro ere indartsu berregindakoa. Estilo horren baitan ere bada barrutik iraultzea lortu duenik. Horren baitan ezagutu ditugun betiko klixeetatik harago, musika, agertokia eta bizitza ulertzeko modu berriak sortzen dabiltza, eta askoz basatiagoak dira, hardcorearekiko mugan.
Mendeku Diskak ekimenaren harira batzen dira street-punk berri horietako asko, eta aurretik Gernikan halako topagunerik egin badute ere, urtarrilaren 28an izango da horietako askoren eskaintza zuzenean bizitzeko parada Bermeoko Kafe Antzokian: Puro Odio, Ogro, Revertt, Cuero eta atzerriko hainbat talde izango dira agertokian.
‘Pop erradikala’ esamoldea ere aldarrikatzen dute gaur egun batek baino gehiagok. Horien artean ere badira ñabardura eta irakurketa desberdinak: esaterako, musika interpretatzen abilak izan arren, minimalismora edo sinpletasunera jotzen dute horietako askok. Familia horretan kokatu ahal da, adibidez, Tatxers talde gaztea. Eta ahots garden zein koru alaiak lantzen dituzten indie-pop proiektuen artean, esaterako, Kokoshka nafarrak ditugu: irribarrea une oro ahotan dutela, sistemaren arrakalak azalarazten dituzte eta barre egiten diote, gainera, inozentzia balitz bezala.
Hori guztia esanda, etorriko da hainbeste agorerok iragarritako eta gizartearen oinarriak hankaz gora jarriko dituen musika mugimendu berririk? Bada, ez bat, ez bi: hainbat izango dira, baina seguruenik horiek ez ditugu oraindik lehiaketa eta telebista platoetan ikusiko. •