Xabier Mikel ERREKONDO

Negu gorria

Hil beltza joan da. Behingoagatik negu-negua ekarri digun hil beltza, batzuen zorionerako eta beste batzuen depresiorako.

Lehenengoek mendiak zuri eta eder dituzte ikusten, eta negu giro gordina baliatu egiten dute inauterietan lokaztu eta gozatzeko, baita erdi larrubizi ere. Bigarrengoek, aitzitik, beltz eta ilun sentitzen dute aroa, eta hezurretatik bustia eta hotza kendu ezinik bizi dira.

Otsaila euria, elurra eta hotza egin zale da, sekulako negu gorri zalea. Nire irudiko, ilunena eta gogorrena. Hain justu, hil honetan beteko da urtebete Errusiak Ukraina inbaditu eta guda fronteak zabaldu zirenetik.

NATOk osatzen du fronte horietako bat. Hots, Europako herrialdeak eta Ameriketako Estatu Batuak, herritarren zaindaritzaren izenean, osaba onaren papera betetzera sartu ziren gudan; lehen oin puntak bakarrik eta egun gerriraino behintzat bai, “Leopard” tankeak bidaltzearekin.

Inork uste badu tankeek bakea bizkorrago ekartzen lagunduko dutela, doala bertara, lehen lubakietara, eta barneratu beharko du guda-denbora ez duela egunetan zenbatuko, ezta hilabeteetan ere, baizik eta, ziurrenik, urteetan.

Nago gatazka hainbeste luzatzea ulertzeko, nobela beltz ohikoenean nola, etekinik handiena nork duen ateratzen antzeman behar dugula. Alta, largabistak Atlantikoaren beste aldera begira jarri beharko genituzkeelakoan nago.

Nahiago nuke sinetsi Zelensky azeriaren meritu baino ez direla defentsarako tankeak… Kosta behar zaigu, baina, botila erdi betetik, mendien zuri ederretik edo agian kaskagogorkeria hutsetik, pentsatu nahi dut «bihar ere aterako dela eguzkia», argia eta epela. •