Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria
3 BEGIRADA:

Euskal Autonomia Jeltzale Sobietarra

Ilustrazioa: JONBI EGURTZEGI
Ilustrazioa: JONBI EGURTZEGI

Irudipena dut azkenaldian, agian, EAJk arrazoi duela bere burua espektro politikoaren ezkerraldean kokatzen duenean. Are gehiago, ezker muturrean daudela esango nuke. Aratusteak datozela aprobetxatuz, ordua da EAJk bere maskara kentzeko. Margaret Thatcher eta Ronald Reagan ez, garaia da Leonid Breznev aldarrikatzen hasteko. Kendu mozorroak, jeltzale jator hori! Twitterreko txioetan idaztea ohiko den moduan, irakurleari eskatuko diot, badaezpada, ironia “modo on” jar dezala.

Hainbatetan aipatzen dut Sobietar Batasunak nolabaiteko nostalgia arraroa eragiten didala, ni haurtxo nintzela desagertuagatik ere. Baina konturatu naiz jeltzaleek ere zerbait dutela Gerra Hotzarekiko, halako harreman bipolarra. Jeltzaleen mezuei ondo erreparatuz gero, badirudi benetan ez dutela miresten ‘Mendebaldeko sistema politiko-ekonomikoa’ deitu zena, baizik eta Sobietar Batasuna. Ikusi besterik ez baitago zeintzuk diren jeltzaleen eguneroko fijazioak.

Dela oposizioak ez duela gobernuaren gauza bera pentsatzen, dela haien aurka hitz egite hutsa asaldagarri egiten zaiela... badirudi gaizki sentiarazten dituela beste alderdi eta koalizio batzuen existentziak berak. Jeltzaleek prentsaurrekoetan hitz egiten dutenean, ondo begiratuz gero, hodeitxo bat ikus daiteke, haien pentsamenduak biltzen dituena: «Ez zen dena errazagoa izango alderdi bakarrarekin? Zergatik egon behar dut nik beste alderdi batzuei erantzuten? Hau nekea...».

Komunikabide publikoekiko harremana ere bitxia da. Zertarako dira, bada, gobernuak egiten duenaren propaganda egiteko ez badira? Saiatu izan naiz pentsatzen, agian, ez dutela ondo ulertu komunikabide publikoen helburua kapital pribatuak kontrolatutako mezuen aurrean kalitatezko informazioa eskaintzea dela. Baina, hobeto pentsatuta, ez dute ideia hori ere konpartitzen. Komunikabide publikoek autoritate publikoek egiten dutena transmititzea eta zuritzea beste helbururik ez dute. Batzuetan irudipena dut TASS agentzia iritzien ortzadarra zela, EITBko albistegiekin konparatuta.

Ekonomia ulertzeko modu bitxia ere badute, neoliberalak izateko. Kudeaketatik gehien gustuko dutena aldez aurretik erabakitako adar industrialen eta eraikuntza proiektuen artean milioiak eta milioiak banatzea da. Politika ekonomiko osoa horretara bideratua dute eta, kudeaketa egokia bermatzeko, alderdikidez osatutako agentzia publikoak sortzen dituzte. Nork jaso eta kudeatuko du hobeto diru publikoa alderdikideek baino?

Protestak daudenean ere errespetu faltatzat hartzen dituzte eta zalantza izpirik egin gabe bidaltzen dituzte robocopez jantzitako gizon horiek. Izan etxea ordaindu ezin dutenak kanporatzeko edo grebalariak jipoitzeko. Hainbat kritika egin zitzaizkion garaian Sobietar Batasunari ezker iraultzailearen ikuspegitik. Ekonomiaren goitik beherako antolaketa, adierazpen askatasunaren mugak, ikuspegi politiko anitzak azaleratzeko zailtasunak... Baina, hara non, hain zuzen ere, alor horiek guztiak dira jeltzaleek maite eta imitatzen dituztenak. Gora Euzkadi, gora beti, gora bai Ilitx Breznev Leonid! •