40.000 marakide oso baldintza latzetan, El Salvadorreko espetxe berrirako plana
Kritika ugari jaso ditu El Salvadorren «Amerikako kartzelarik handienak», bukatu berriak, giza eskubideen urraketen bidetik jarraituko duelakoan. Baina Nayib Bukele presidentea harro dago, maren kontrako gerran beste arma bat izango delako. 40.000 preso hartuko ditu ziegetatik inoiz atera gabe eta oso baldintza gogorretan.
San Salvadorretik 74 kilometrora, Tecolucan eraikitako espetxe erraldoia «Amerikako handiena» dela diote, harro, El Salvadorreko agintariek. Han 40.000 marakide sartu nahi dituzte gaizkile talde horien aurkako gerran, Nayib Bukele presidentearen arabera. Kritika ugari jaso ditu Bukelek gerra horretan egindako giza eskubideen urraketengatik eta gehiegikeriengatik, baina aldi berean ospe izugarria irabazi du herritarren artean, delituen kopurua nabarmen jaitsi delako.
‘Terrorismoa Giltzapetzeko Zentroa (CECOT)’ izena hartuko duen azpiegutura hori «maren aurkako gerran» oinarrizko tresna izatea nahi du Bukelek.
Hasieran irailean bukatu behar zuten arren, lanak azkartu egin dituzte eta joan den astean inauguratu zuten, zazpi hilabetetan baino ez bukatuta, 3.000 langileren lanarekin.
Punta puntako teknologiak erabiliko ditu «segurtasun goreneko» espetxe honek, baina aurrekontua sekretupean gorde dute agintariek, 2022ko martxotik indarrean dagoen salbuespen egoeraren aitzakiapean.
Era berean, lehenengo presoak noiz iritsiko diren ere ez dute jakinarazi.
Bi kilometro baino gehiagoko perimetroa eta zazpi zaintza-dorre dituen 11 metroko horma elektrifikatu batek inguratzen du kartzela erraldoia. Tecolucan kokatuta, 6.000 metro karratuko hormigoi indartuzko zortzi eraikinetan antolatuta dago. Bakoitzak 32 ziega ditu. Hor metatuko dira ehun atxilotu baino gehiago, Romeo Rodriguez Lan Publikoko ministroak azaldu duenez.
Hormak hormigoi armatuzkoak dira, esan bezala, eta ziegetako leihoek altzairuzko barroteak dituzte. Kamerek eta gorputz-eskanerrek osatzen dute espetxeko segurtasun sistema. Gainera, 600 militarrek eta 250 poliziak zainduko dute gau eta egun. Eta espetxeetako guardiek pistolak eta eraso-errifleak erabiliko dituzte.
Ekipo elektronikoek telefono zelularretako seinaleak blokeatuko dituzte, presoen komunikazioa eragozteko.
Ziegetan etengabe
Neurri gogor horiek justifikatzeko, Bukele presidenteak aurreko gobernuen «arduragabekeria» salatu du, atxilotuei «prostitutak, playstationak, telefonoak eta ordenagailuak eramatea baimentzen zietelako».
«El Salvadorreko herriaren sufrimendua eta dolua antolatu zutenak CECOTen beteko dute zigorra erregimen gogorrenaren mende», adierazi du harro Osiris Luna Justizia eta Segurtasun Publikoko ministroak. Presoek lan egin beharko dute «gizarteari egindako kaltearen zati bat konpontzeko», gaineratu du.
Atxilotuak beren ziegetan giltzapetuta egongo dira etengabe; ziegak presoa zelatatzeko prestatuta egongo dira eta ateak erabat babestuta izango dituzte. Presoak epaitegietara joateko ere ez dira kartzelatik aterako.
Zigor ziegak
Entzunaldiak dituztenean baino ez dira presoak ziegatik aterako, baina, gainera, gela batean bideokonferentzia bitartez egiteko. Badago irteteko beste aukera bat: portaera “txarragatik” zigortzen dituztenean leihorik eta argirik gabeko beste ziega batera joateko, iluntasunean murgilduta konfinaturik.
Ez da koltxoirik izango eta 80 ohatzetan 100 preso banatu beharko dira, espetxeko zuzendariak azaldu duenez -anonimotasuna babesteko kaputxa jantzita mintzatu da-.
Telebistak erakutsitako irudien arabera, sei bider lau metroko gelaxkak metalezko hiru ohez hornituta daude, bakoitzak hiru ohatze ditu bata bestearen gainean, eta bi konketa eta bi komunontzi dituzte. Espetxeak jantoki, komun, kiroldegi eta ping-pong mahai ugari ditu... zaintzaileek bakarrik erabiltzeko.
AFP eta beste komunikabide batzuetako kazetariek egindako bisitan baieztatu dute telebistan inaugurazio egunean zabaldutako irudiak errealitatearen zati bat baino ez direla.
Gobernuak ez du zehaztu noiz iritsiko diren lehenengo presoak. Agindu judizialik gabeko atxiloketak onartzen dituen salbuespen egoeran ustezko ia 63.000 'marero' espetxeratu dituzte. 2022ko martxoan, eta hiru egunetan 87 erailketa izan ondoren, Bukelek erabat kontrolatutako Parlamentuak egoera hori onartu zuen eta orduz geroztik, behin eta berriro berretsi du.
«Lotsagarria»
El Salvadorreko Giza Eskubideen Batzordeko zuzendari Miguel Montenegrok espetxea «lotsagarria» dela esan du: «Gobernua harro dago Latinoamerikako kartzelarik handiena izateaz, eta hori ez da harro egoteko arrazoia, gainpopulazioa eta indarkeria izateko arriskua dakarrenean».
Miguel Montenegroren ustez, «indarkeria arriskua dago, dudarik gabe, gainpopulatuta egongo den espetxe horretan», iragarritako edukiera kontuan hartuta. «Litekeena da espetxeratuak 40.000 baino gehiago izatea», adierazi du.
Bere aldetik, Andreu Oliva Erdialdeko Amerikako Unibertsitateko (jesuitak) errektoreak presoak birgizarteratzeko lanaren alde egin du, «bigarren aukera bat merezi dutelako». «Espetxe-sistemaren funtzioa pertsonak aldatzea da», adierazi du akademikoak.
Humans Rights Watch giza eskubideen aldeko erakundeak salatu du «muturreko pilaketa» izan dela El Salvadorreko hogei atxilotze zentroetan. Teorian, 30.000 plaza inguru daude espetxe horietan guztietan, bukatu berria kontuan hartu gabe.
Amnesty International (AI) erakundea ere kezkatuta agertu da Bukele presidenteak El Salvadorren ireki duen kartzela dela eta, eta giza eskubideen urraketak jarraitzen duela ohartarazi du.
«Gaur egun, El Salvador, segurtasun publikoaren ikuspegitik, giza eskubideen urraketen eredu argia» dela salatu du, eta «espetxe berri hori eraikitzeak abusuei segida ematea eta horiek areagotzea» ere ekar lezakeela gaineratu du.
«El Salvadorreko agintariek espetxeratze masiboetan oinarritutako segurtasun publiko politika aplikatzen jarraitzeko asmoa duten seinale argia da kartzela berria. Horrek ez ditu indarkeriaren kausak eta sustraiak jorratzen, eta ez du arazoa epe luzera gainditzeko balioko», adierazi du Amnesty International erakundeak.
AIk «norabidea aldatzeko» deia egin die Bukele presidenteari eta Gobernuari, eta nazioarteari zerbait egiteko. «Herrialdeko taldeen indarkeriari modu integralean eta herritar guztien giza eskubideak bermatuta heldu behar zaio», gaineratu du.
Itunak
Marak gerra zibilaren (1980-1992) ostean sortutako fenomenoa dira. Izan ere, salvadortar askok ihes egin zuten Ameriketako Estatu Batuetara, Estatuaren errepresioagatik eta gerra zibilagatik, 1975 eta 1990 bitartean. Helmuga, batez ere, Kalifornia izan zen, eta bereziki, Los Angeles hiria. Hango auzoetan sortu ziren MS13 eta Barrio 18 izeneko marak -gero beste azpitalde batzuk sortu ziren-, baztertutako gazteen artean eta mota guztietako delinkuentziari lotuta.
90eko hamarkadan AEBetako Gobernuak deportazioak indartu egin zituen eta herrialdera itzuli zirenek marak eraman zituzten beraiekin. El Salvadorreko kaleetan hedatu ziren eta indarkeria zikloa berria hasi zen.
El Salvadorreko azken lau gobernuek -ultraeskuineko Arena edo FMLN gerrilla ohiarenak- hainbat plan bitartez aurre egiten saiatu dira, baita pandillekin itunak ixten ere. Baina emaitza gabe. Bukelek berak hitzarmena egin zuen marekin, baina duela hiru urte, 2022ko martxoan izandako sarraskiaren bitartez, pandilleroek akordioa apurtu zela erakutsi zuten. Maren aurkako gerrari ekin dio ondoren Bukele presidenteak.
IA URTEBETE SALBUESPEN EGOERAN
2022ko martxoaren amaieratik etenda daude konstituzio-bermeak El Salvadorren. Gehiengo bukelista zabala duen Parlamentuak, urtarrilaren 11n, salbuespen egoeraren hamargarren luzapena onartu zuen. Era horretan, alderdi ofizialistetako legegileek eta beren aliatuek Nayib Bukeleren presidentearen eskaera onartu zuten, aurretik azterketarik ere egin gabe, 84 diputatuen 67 botorekin. «Komunitateei lasaitasuna emateaz gain, segurtasuneko erreferente bihurtzen gaituen neurria da», esan zuen Ernesto Castro Parlamentuko presidenteak. Eta aste honetan bertan onartu dute hamaikagarren luzapena.
Gobernuaren arabera, salbuespen-erregimenean ustezko 61.300 gaizkile baino gehiago atxilotu dituzte, baina 3.300 pertsona baino gehiago askatu dituzte Fiskaltzaren eta auzitegien aginduz. Erakunde humanitarioek eta Giza Eskubideen Defentsarako Prokuradoretzak (PDDH) 7.400 salaketa baino gehiago erregistratu dituzte agintariek eta segurtasun indarrek egindako gehiegikeriengatik. Salaketa gehienak atxiloketa arbitrarioengatik izan dira. Baina torturak ere salatu dituzte eta estatuaren zaintzapean zeuden 90 pertsona baino gehiago hil direla nabarmendu dute giza eskubideen aldeko erakundeek. Horien artean, Cristosal erakundeak jakinarazi zuen 2022. urte amaieran 4.654 pertsonari haien eskubideak urratu zitzaizkiela salbuespen egoerapean.
Salaketen %97,5 atxiloketa arbitrarioengatik izan dira, %25,2 bizilekua legez kanpo bortxatzeagatik eta %10,3 tratu txarrengatik. Erakundeak «pertsona bakoitza gertakari baten edo gehiagoren biktima» izan zitekeela azaldu zuen datuak aurkeztu zituenean.
Salaketa gehienak emakumeek jarri dituzte. Cristosalen datuen arabera, bestalde, gazteria da sektore estigmatizatuenetako bat. Salaketa gehienak 18 eta 30 urte bitarteko pertsonek jarri dituzte eta.
LGTBIQ+ komunitateak ere jazarpen poliziala, sexu-indarkeria eta irainak jaso ditu segurtasun agenteengandik.
Agintariek salbuespen egoerari eta Lurralde Kontrolerako Planari egotzi diete El Salvadorren izandako hilketen beherakada; izan ere, kontu ofizialen arabera, 2022an 496 hilketa gertatu ziren, 2021ean baino %57 gutxiago.
Kontuan hartu behar da, hala ere, Gobernuak erabaki duela estatistiketan ez zenbatzea segurtasun-indarrekin izandako ustezko liskarretan hildako pandilleroak. Aurreko administrazioek gertaera horiek kontuan hartzen zituzten.
Askatasunak eta giza eskubideak El Salvadorren nabarmen murriztu arren, Bukeleren ospea goian dago, zifra horiek direla-eta.