Erika LAGOMA POMBAR
{ KOADERNOA }

Lehen lerroak

Berrogehi urte bete nituenean oparitu zidaten koadernoan idatzi ditut lehen lerroak. Urrekara da. Ez dauka bertan kateatzeko moduko uztaitxorik, zaborretarako diren orrien bizarrik ez da geratzen bertan. Lehoi nabarra marraztu diot lehen orrian, lekukoa har diezaion, lurrean, alfonbra bailitzan, egon den hartzari. Ez dago marratua, ez du laukitxorik, orria zuri. Laster beteko da zirrimarraz, geziz, errimaz. Animaliagaiz bazterretan.

Bigarren lerroak erosoak direla pentsatu dut maiz. Fokutik ez hain urrun, baina babesago. Txaloen erresonantzia heltzen den lekuan, egoa zipriztintzeko distantzia egokian. Arrisku gutxi hartuta. Tarteka norberari esanaz ez zaudela epizentroan, baina ez dela gaitasun faltagatik, lan eskasiagatik baizik. Ez zarelako ausartu, baina agian, atrebitu izan bazina… zalantza nerabe horretan. Nahi duzu, eta ez duzu nahi. Zein da zure lekua? Jarri zara batzuetan erdigunean, ia erdi-erdian, eta tripak nahasi zaizkizu. Jarri zara bazterrerago, atzamarrak luze-luze eginda, eta gripe emozionalak harrapatu zaitu. Jarri zara urrunean, eta badakizu ez duzula hor egon nahi. Argia pasatzen uzten duen bi lerroko defentsa bat nahi zenuke, baina hori ez da existitzen. Ohartzerako pasatu zaizu jendea eskuinetik, ezkerretik, gainetik, eta baten bat harrapatu duzu azpian, hark ere ez duelako jakin bere baldosa zatia markatzen. Eta sentitzen duzu inbidia. Lotsarazi egiten zaituena. Vade retro Satanas. Aurrez aurre begiratzen ez badiozu, odola mikazten dizuna. Ikasi duzu denbora iragaten dela, baina ez duzu argi zein den jomuga. Iritsiko da egun handia. Ilaran egon zara zain luzaroan. 2304 zenbakia daukazu. Berriz begiratu eta 5780 bihurtu da. Infinitu. Nor izan da? Haizeak txistu egin dizu belarri ertzean; ez duzu inor ikusi, baina. Bistaratu duzu gero, ehunzangoaren buruan. Zergatik ez zenuen “pase expresa” erosi? Ilarak lerro hautsi bihurtu daitezke. Nahitaez pasatzen dira urteak hamarnaka, eta ohartu zara egun handiak izan dituzula aunitz, baina ez direla su artifizialak bezain hipnotikoak. Egunerokoan daude. Eta zu zain. Mindfulnessa ezagutzen ez zuen lagun hark erran zizun argi eta garbi: hemen eta orain. Haur ttiki batek «ama» esaten dizunean ere, ahazten dituzu biharkoak eta atzokoak halabeharrez. Ekartzen zaitu, ekarrarazten zaitu.

Joan zara gidoian marrak jartzen. Marra bat berdin erabaki bat. Zuzen ala oker, aitzina. Marraz marra, komunik komun, langintzaz langintza, bihozkadaz bihozkada. Entzun nuen behin ezberdina dela oinak lurrean izatea edo oinak lurrari lotzea. Oinak buruan ere izan ditut maiz. Ikasi dut marra gorriak marrazten, klarionarekin, euriak desagerrarazi ditu batzuk, eta pintatu behar izan ditut berriz, ez beti leku berean. Mamuak zirrimarratu izan ditut, alabaina itoginak, zirrikiturik zirrikituenak, topatzen abilak dira. Plazak dira inpostoreenak eta inpostore sindromea dutenenak. Zer axola dio.

Bada aldaketei beldurra dien jendea, nik ez. Behar ditut mudantzak. Mugimendu ezak ito egiten nau. Gogortzen zaizkit giharrak, eta hezurrak hezurrago egin. Birikak uzkurtu. Txirrinak noiz jo sumatzen badut nire burua, badakit bukatu dela, ez dela nire tokia. Eman ditut neuzkanak. Horregatik maite ditut koaderno berriak.

Ez nator barkamen eskean, banatorrela errateko baizik. •