Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / Redactor jefe de actualidad
{ ASTEARI ZEHARKA BEGIRA }

Aditzera eman dute, baina aitortu, oraindik ez

Duela 15-20 urte, Lakua eta Nafarroako gobernuek sinatutako bi txosten marduletan 5.181 tortura kasu onartuko zirela esan izan baligute, nekez sinetsiko genuen. Aurrerapauso handia eman zen Gasteizen 2017an eta urratsa osatu eta sendotu da orain Iruñea aldean. Baina, neurri berean, elefanteak egongelan ikusezin segitzen duela egiaztatu da berriz ere Nafarroako ikerketaren ostekoan.

Urkulluren gobernuaren ekimenak duela bost urte behar zuen oihartzuna izan ez bazuen, Chivite Gobernuarenak maila oraindik apalagoan kokatzea lortu du; besteak beste, eskandalu horren inguruko adierazpenik ez baitu egin. Gainerako eragileei dagokienez, zaharrak berri: tortura hamarkada horietan zehar ahalbidetu zuen sistemak berak (polizia-erakundeak, gobernuak, alderdi politikoak, epaitegiak, hedabideak…) zutik dirau eta orain torturaren larritasuna gutxiesteko eragin du. Lehen bortizkeria lurperatzeko jardun zuten bezala, azkenik gizarte osoarentzat argitara atera duten unean, azaleko zerbaiten gisa irudikatu nahi dute.

Berriz esango dut: itzela da emandako urratsa, inflexio-puntua dakarrelako, baina tortura hitzez aditzera eman dute bakarrik. Ekintzez aitortu eta barneratzea falta da. Batetik, jakina, jasan dutenei aitortza eta erreparazioa emanez. Eta, bestetik, gatazkaren muinean den eta berebiziko garrantzia duen auzia dela bere gain hartuz. Eta horretarako beste 15-20 beharko ote dira akaso?

Paco Etxeberriaren taldearen ikerketak Nafarroako Legebiltzarrean izan duen trataera aski adierazgarria da. Torturari garrantzia kentzeko historikoki erabili diren bi argudio nagusiak berretsita entzun ditut. Bata, kasu isolatu batzuk direla. Izan ere, Navarra Sumako Iñaki Iriartek esan duenez, «torturatu duena ez da gutakoa». «Tortura duena», hala ere, ez da bakarren bat, sei hamarkadatan zehar Nafarroan 1.068 kasu batzeko poliziakide asko behar baita; eta poliziakide askok hori egin badu, mandatari askok agindu diolako behar du izan; eta hamarkada horietan agintari asko aipatzen bada, Francoren garaikoak, UCD, UPN eta PPkoak izango dira gehienak. Zuetakoak, alegia.

Bigarren ahopeko justifikazioa ere ohikoa iruditu zait: ETAri erantzuteko era okerra izan omen da tortura (ildo horretatik jo zuen PSNko ordezkariak Legebiltzarreko jardunean, eta Belloch ministro ohiak esan berri duenez, «torturatzea izan zen Galindok gaizki egin zuen gauza bakarra»). Baina historikoki eztabaidagarria zait uste hori: ez zen bada torturatzaile oso ezagun bat, Meliton Manzanas, ETAk nahita, hala erabakita, hil zuen lehena? Euskal erakundea ez zen torturaren aurka bakarrik sortu, jakina, baina tortura ETAren aurretikoa da. Nork ukatuko du hori?

Tortura ofizialki zinez aitortzeko falta diren urratsen artean beste bat dago: torturatzaile bat, edo multzo bat, publikoki agertzea eta esatea «nik atxilotu honi basakeria hau egin nion». Ez baita gauza bera torturatzaile izan ez den Nafarroako sailburu batek egia adieraztea edo Galiza Etorbideko edo Txintxilla kaleko uniformedun edo ofizial batek aitortzea. Baina hau sinesgaitzagoa da agian. Eta isiltasun hau, inpunitatea luzatzeko ote da? Ez dut uste, hori betiko bermatuta dutelako. Orduan, egin zutena erabat bidegabea, guztiz krudela eta beren gain hartu ezina delako ote da? Beraiek argitu beharko ligukete... •