Hamar urte baino gehiago Kolonbiako errealitatea Euskal Herrian zabaltzen
Bilboko Jorge Adolfo Freytter Romero elkarteak hamarkada bete zuen iaz Kolonbiako memoria historikoa eraikitzeko lanean tematuta. Herrialdeak azken urteetan bizi izan dituen sakoneko aldaketak ospatzen dituzte elkarteko kideek, aldaezin mantentzen den hori nekaezin salatzen duten bitartean: indarkeria.
Hamarkada batean zenbait gauza goitik behera aldatu daitezke, beste zenbait batere ez, denborak eragingo ez balie bezala. Begira Kolonbiari: 2012an Oslon (Norvegian) irekitako negoziazio mahaiak Habanako (Kuba) Bake Prozesuaren elkarrizketa ofizialari eman zion bide eta, azkenean, FARC-EPek eta Kolonbiako Gobernuak Bake Akordioa sinatu zuten 2016an. Eta herrialdeak segitu zuen aldatzen: Gustavo Petroren gobernu progresistak Kolonbiaren historia politikoa irauli du 2022ko ekainaz geroztik. Lehen aldiz, agintaritza politiko ezkertiarra dauka Latinoamerikako herrialde honek.
Aldaketek ezaugarritu duten hamarkada batean, baina, mugiezin mantendu da bestelako aldagai bat: indarkeria. Nola Bake Prozesuaren testuinguru itxaropentsuan, hala Petroren garaipenaren ostean ere: indarkeria konstante bat da Kolonbian; Bake Akordioak ez zuen lortu paramilitar berrien eta polizien nahiz militarren errepresioa ezabatzea.
Aldaketek eta aldatu nahiak mugituta, iaz hamar urte egin zituen Jorge Adolfo Freytter Romero (JAFRE) elkarte euskaldun-kolonbiarrak. 2012ko maiatzaren 23an Bilbon sortu zen, Kolonbiako gatazka historikoaren testuinguruan gertatutako eskubide urraketak Euskal Herrian ezagutarazteko, erbestean dauden kolonbiarrekin sareak sortzeko eta herrialdeko unibertsitate publikoetan jazotako indarkeriari begiratzeko grinarekin.
«Kolonbiako egoera ezagutzera ematen dugu eta, bereziki, unibertsitateetako irakasleen, ikasleen eta langileriaren kontrako errepresioa», azaldu du Alexander Ugalde elkarteko presidenteak eta nazioarteko harremanen arloko EHUko irakasleak. Izan ere, 1990eko hamarkadaz geroztik Estatuko agenteekin elkarlanean aritu ziren talde paramilitarrek unibertsitateetan eragin handia izan zuten, haien kontra altxatzen ziren dekano, irakasle eta ikasleak gogor jazarriz.
Horrelako egoera batean, hain zuzen, hil zuten elkarteari izena eman zion irakaslea, Jorge Adolfo Freytter Romero. Semeak, Jorge Enrique Freytter-Florianek, bultzatu zuen JAFREren sorrera erbestetik, eta misio nagusi batek ardaztu du taldearen norabidea eta jarduna azken hamarkadan: Jorge Adolfo Freytter Romero irakaslearen hilketa ezagutaraztea, salatzea eta erantzukizun politiko eta militarrak argitu daitezen lan egitea. Egia, duintasuna, justizia eta gertatutakoak berriro ez errepikatzeko bermea zerumuga, memoria historikoa zoru, eta elkartasuna ongarri.
Izena eta izana
Beraz, irakaslearen heriotzari lotuta dago elkartearen jaiotza, hari zor dio izena eta izana. 2001eko abuztuaren 29an, Barranquilla inguruko errepide batean aurkitu zuten Jorge Adolfo Freytter Romero Atlantikoko Unibertsitateko irakasle erretiratuaren gorpua. 20 urte egin zituen irakasle gisa lanean eta erretiratu ostean ere aktiboki parte hartzen zuen ekintza sindikaletan.
Bereziki 2011 arte, urte gogorrak izan ziren Kolonbiako unibertsitate publikoetan, eta 2001eko abuztuaren 28an Karibe eskualdeko hiri handieneko unibertsitateko irakasle eta ikasleen aurka oldartu ziren paramilitarrak. Hain zuzen, aurreko urteetan hedatzen ari ziren Kolonbiako Autodefentsa Batuak (AUC, gazteleraz) sartu ziren Atlantikoko Unibertsitatera eta, paramilitarren kontrolpean zegoen Askatasun Pertsonalerako Ekintza Talde Bateratuaren (Gaula) konplizitatearekin, Freytter Romero bahitu, torturatu eta hil zuten.
Gertaera haren atzetik etorri ziren heriotza-mehatxuek ihes egitera behartu zuten irakaslearen semea. Bere herrialdean barrena ezkutatu zen lehenik eta Kolonbiatik kanpora egin zuen gero. Euskal Herrira etorri zen 2006an, Gasteizko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeak errefuxiatu politiko izaera onartu baitzion, orduan diputatua zen Rafa Larreinak (Amaiur) lagunduta. Bertan bizi da geroztik.
Etorri zen eta hemen jarraitu zituen Zientzia Politikoko ikasketak, Eibarren lehenbizi eta Bilbon gero, Euskal Herriko Unibertsitate Publikoan. Euskal Herrian ezagutu ditu Jorge Enrique Freytter-Florianek «militatzeko eta mundua analizatzeko modu berriak» eta bere aitaren kontrako krimena gizarteratzeko eszenatoki garrantzitsutzat dauka herri hau, Gaur8ri elkarrizketan kontatu dionez.
Orduan, 2006aren bueltan, Kolonbiak bizi zuen testuinguru politikoa labur definitu du elkartearen sortzaileak: «Inpunitate osoa». Gogoan du jakin berri zuela Ernesto Samperren Gobernuak (1994-1998) estortsio-bahiketak borrokatzeko helburuarekin sortutako Gaula unitatea paramilitarrek hartuta zutela, eta orduan hasi zirela giza eskubideen defendatzaileen kontrako ekintzekin, izan prozesu estrajudizialak sustatuz edo zuzenean haien kontrako jazarpenarekin, hilketak barne.
Harremanak gako
Militanteek sustengatzen dute JAFRE, ez soldatapeko langileek, elkartearen aurrekontua baxua baita. Alta, bultzatu duten ekimen-sorta ikusita, ez dirudi kabitu litekeenik aurrekontu txiki batean; hamarkada bateko ibilbideak ere laburregia dirudi. «Diru gutxirekin gauza asko egin dugu», nabarmendu du Alexander Ugalde presidenteak. Hitzaldiak, argitalpenak, Freytter auziaren sentsibilizaziorako ekimenak, eragile sozial, sindikal eta instituzionalekiko harremanak, Kolonbiako Estatuaren krimenen biktimek aurkeztutako salaketa juridiko eta publikoetarako babesa... denetarik egin du Freytter elkarteak.
Presidentearen ustez, ekimen horien guztien bitartez elkarteak egindako ekarpen nagusia izan da Jorge Adolfo Freytter irakaslearen kasua «Euskal Herrian ezagutzera ematea eta nazioartera zabaltzen laguntzea». «Freytter irakaslearen kasua, zeinak bere momentuan oihartzun politiko, mediatiko eta sozial handia izan zuen Kolonbian, nazioartekotzea lortu dugula uste dut. Familiak Herrialde Amerikarren Giza Eskubideen Batzordearen aurrean egin dituen salaketek eta prozesuaren jarraipena egin duen abokatuen taldeak kasuan lagundu dute. Eta elkarteak kasua zabaltzen lagundu du», kontatu du.
Bestalde, auzia Euskal Herrian ezagutu dadin egindako ahaleginaren arrakasta bertako instituzio eta eragileekin josi dituzten harremanei ezinbestean lotuta egon da, presidentearen iritziz: «Harreman estuak mantendu ditugu instituzioekin: Eusko Jaurlaritzarekin, Legebiltzarrarekin, diputazioekin, gure jarduerekin lagundu diguten hainbat udalekin... Bilerak eta harremanak ditugu ia talde politiko guztiekin, sindikatuekin, GKEekin eta gizarte eragileekin. Hainbatetan elkartu gara, halaber, [Denis Itxaso] Espainiako Gobernu EAEko delegatuarekin».
Freytter kasuan aurrera
Memoria historikoa eraikitzeko prozesua Freytter irakaslearen auzi juridikoarekin, misio nagusiarekin, lotuta garatu du, batik bat, JAFRE elkarteak, Kolonbiako Estatuaren unibertsitateen testuinguruan geratutako eskubide urraketak fidelki ordezkatzen baititu kasu honek.
2017ko urtarrilean Jorge Enrique Freytter-Florianek EAEko Justizia Fiskaltza Nagusira eraman zuen bere aitaren bahiketa, tortura eta hilketaren kasua, eta hortik Espainiako Auzitegi Nazionalera egin zuen salto auziak, kasuaren nazioarteko oihartzuna biderkatuta. Emaitza ez zen izan JAFREko kideek espero zutena, kasua baztertu baitzuen auzitegi horrek. Hala eta guztiz ere, Freytter kasua Espainiako auzitegietara iritsi izanak urduritu egin zituen Kolonbiako agintariak; hainbeste, ezen elkartekoei jakinarazi zieten kereila bertan behera uzten bazuten auziaren konponbidean aurrera egingo zutela, Freytter-Florianek segurtatu duenez.
2020. urteko urtarrilaren 15ean, Freytter irakaslea hil zutenetik hogei urtera, iritsi zen JAFREk hainbeste borrokatu zuen aitortza: giza eskubideetan espezializatutako Kolonbiako 76. fiskaltzak ebatzi zuen Freytter irakaslearen kasua «gizateriaren aurkako krimena» izan zela. Adierazpen ofizial horri esker, kasua ezin da artxibatu, delituak ezin dira preskribatu. Ekintza horien ardura intelektualak argitzea falta da, baina.
Gaur egun, Freytter Romero irakaslearen bahiketa, tortura eta hilketaren kasua Herrialde Amerikarren Giza Eskubideen Batzordearen esku dago. «Orain, eta gure izatearen arrazoia ere badenez, egokitu zaigu familia eta abokatuen taldea babesten jarraitzea, behingoz eta behin betiko Freytter kasuak irtenbide justua izan dezan. Auzia azkeneraino eramango dugu», azpimarratu du Alexander Ugaldek.
Bilboko elkarteak auzi honen inguruan lortu duen guztiaren adierazgarri, Freytter irakasleari eskainitako oroigarri bat dago iazko udaz geroztik Barranquillako Memoriaren Etxean. «Guretzat oso garrantzitsua da memoria historikoa biktimen aurpegietan islatzea; izan ere, batzuetan, izen asko egoten dira, baina aurpegirik ez», adierazi du Freytter-Florianek.
Halaber, gaur-gaurkoz Freytter kasuari eta unibertsitate publikoetako indarkeriari buruzko dokumental mamitsu baten edizio lanean ari da taldea. Urtearen bukaera aldera publikoari aurkeztea espero dute.
Lehen bidaia hura
Atsedenik hartzen ez duen herrialdea da Kolonbia, esperantzak eta garaipenak une historiko bat hartzea lortzen dutenean ere artega egon behar baitu beti, indarkeria begiz jota. 2016ko Bake Akordioak ez zuen herrialdeak espero zuen besteko barealdia ala bakealdia ekarri. FARCen desmobilizazioaren atzetik egitura post-paramilitarrak sortu ziren eta haien alde ankerrena erakusten ari dira gaur egun talde horiek, duela hamarkadak egiten zituzten ekintza izugarriak berpizten: buru mozketak, armadun moto-gidariak... herritarren izua lehengoratzen ari da.
Erbesteratu zenetik hamabi urte igaro behar izan ziren Jorge Freytter-Florianek Kolonbiara lehenengoz bidaiatzeko, 2018an. Bogota, Santa Marta, Barranquilla, Medellin... bisitatu zituen Maria Ruiz Aranguren eta Héctor García Barranco Freytter elkarteko kideekin, egiaztatzeko herrialdeko 32 unibertsitate publikoetan gaur egun gatazkaren arrastorik ote dagoen; existitzen den, bere aita hil zuten garaian nola, gatazka eta unibertsitatearen arteko loturarik. Jakiteko, halaber, nola zegoen bere herrialdea Bake Akordioaren ostean.
Miguel Angel Beltran soziologoarekin, Alexander Ugalderekin eta Maria Ruiz Aranguren kazetariarekin elkarlanean egindako “Universidades Públicas Bajo SOSpecha: Represión estatal a estudiantes, profesorado y sindicalistas en Colombia (2000-2019)” lana eman zuen bidaia hark, elkartearen lorpen nagusietako eta ospetsuenetako bat. 2019an argitaratu zen ikerketa, eta Kolonbiako Bakerako Justizia Bereziari (JEP, gazteleraz) dokumentuaren kopia bat eman zioten JAFREeko ordezkariek. Gaur egun ikerketa horren bigarren zatia ari dira prestatzen elkarteko kideak, paramilitarismoaren esku-hartzeak emakumeengan izan zuen eragina aztertuko duena.
Dokumentu horrek erakusten duenez, 2000-2019 artean unibertsitate publikoen kontrola lortzeko estrategia bultzatzen ari ziren narko-paramilitarrak eta, horren baitan, herrialdeko unibertsitate-campusetan errepresio orokortua eragin zuten.
Bestelako ondorioak aletu nahi lituzke, erbestealdiaz geroztik Kolonbiara egindako lehen bidaia hartatik, baina errealistatzat du bere burua Freytter-Florianek. «Aldaezin eta nabarmen mantendu den gai bat dago: herrialdeko unibertsitate publikoetan errepresio egoerak ematen dira. Muntaia judizialak daude, ikusten dugu gobernu aurrerakoi batekin ere indar polizial eta militarrak unibertsitateetan sartzen direla oraindik. Hori guztia unibertsitate publikoetan ezarri den proiektu neoliberalak lagunduta dator: pribatizazioa; pentsamendu libreko katedrak desagerraraztea; Kolonbiako korporazio handien interesen araberako pentsamendua, askoz teknokratagoa, ezartzea...», azaldu du giza eskubideen defendatzaileak.
Freytter-Florianek ziurtatu duenez, artean ere existitzen dira militarren, enpresarien eta parapolitikoen arteko harreman ustelak; hain zuzen ere, bere garaian paramilitarismoak herrialdeko instituzioak hartu izana ahalbidetu zutenak. Freytter irakaslea torturatu eta hil zuen AUC taldearen bertsio berrituak berregituratzen ari dira, adibidez. «Kriminalitatea izugarri handitzen ari da herrialdeko hiri nagusietan, lehengo paramilitar haiek azken hamarkadan konturatu direlako hiri horien gaineko kontrola edukitzeak zer esan nahi duen. Adibidez, Barranquilla bezalako hiri baten kontrola edukitzeak, zeinak portu handi bat daukan, esan nahi du armen eta drogaren nazioarteko negozioen kontrola daukazula. Ikusten ari gara zenbait droga-kartel indartzen ari direla: “Clan del Golfo”, esaterako. Egitura handia dauka eta instituzioetan sartuta dago, baita indar militarretan ere», azaldu du.
Hori guztia, errepikatu du Freytter-Florianek, kolonbiarrek luzaroan itxaron duten gobernu aurrerakoi batekin ari da gertatzen. Esperantza, artean, ez da ekintza izatera mudatu. Baina esperantzak jarraitzen du.
Gozotik eta gazitik
Zenbait gauza goitik behera alda daitezke. Esaterako, “Jorge 40”k, ustez Freytter irakaslearen bahiketa, tortura eta hilketa agindu zuen AUCko buruzagiak, prozesu judiziala irekia du JEPen gaur egun. Beste zenbait gauza, ordea, ez dira behar beste aldatu. Izan ere, 600 krimen baino gehiago egozten dizkioten Jorge 40 paramilitarraren semea, Jorge Rodrigo Tovar, Kongresura iritsi zen iaz, eta gatazka armatuaren biktimei zegokien aulkia okupatu zuen. «Makabroa», Jorge Enrique Freytter-Florianen iritziz.
Kolonbiak momentu historiko ilun bat bizi zuenean erbesteratu zen Freytter-Florian Euskal Herrira. «Kolonbia momentu konplexu batean zegoela etorri nintzen ni. Paramilitarrak boterean zeuden Alvaro Uribe Velezen Gobernuaren (2002-2010) bitartez eta militante ezkertiarrak, herrialdeko pentsamendu kritikoa, jazartzen zituzten. Hainbat sindikatu eta gizarte mugimendu desagerrarazi zituzten, batez ere Karibeko eskualdean. Testuinguru hartatik etorri nintzen ni», gogoratu du.
Pasatu da denbora, eta ez alferrik. Orduz geroztik, Kolonbian aldaketa sakonak eman direla nabarmendu du Freytter-Florianek eta gaineratu du presidenteordea emakume beltz bat izatea (Francia Marquez) badela aurrerapen pozgarri baten adierazgarri. Une gozotzat du, baita ere, Gustavo Petrok garaipena lortu izana, historikoa denez gero.
Alta, “baina”-k gaineratu ditu atzetik, badituelako, dio, «zenbait sentsazio negatibo» aldaketen aroan trabatuta geratu direnak. «Gustatuko litzaidake herrialdeak bizi dituen momentu onak luzerako izatea, baina ez da hori antzematen dudana. Adibidez, bake prozesua oso garrantzitsua izan zen bere momentuan, baina gaizki amaitu zen. Estatuak ez zuen esandakoa bete; egon zen saldukeria, egon ziren muntaia judizialak eta bake prozesua bera oztopatzeko saiakerak... Esateak mina ematen duen arren, gauza negatibo gehiago dago positiboak baino. Errealista izan nahi dut, arrazionala. Niretzat hunkigarria izan zen erbestean Petroren garaipena bizitzea. Bidaiatu nuen Kolonbiara joan zen udan eta bai, herrialdea momentu parte-hartzaileago batean murgilduta dabil. Baina jendea oraindik beldur da. Horiek dira nire sentipen gazi-gozoak», adierazi du kolonbiarrak.