Nigerreko hamar haurretatik lau ez dira existitzen Administrazioarentzat
Mundu osoan zehar, milioika haur ez dira existitzen herrialde pobreetan. Nigerren jaiotzen diren hamar umetatik lau ez dituzte jaiotzean erregistratzen, familia txiroentzat oso prozedura zaila delako. Dokumenturik ez izateak ez die arazorik ematen herrixkan bertan, baina ateratzeko oztopo bilakatzen da. Batez ere, oinarrizko zerbitzuak eskuratzeko.
Jihadistengandik ihes egin zuenean, Aichata Hassanek ez zeukan nolanahiko erronka aurretik: agintariei Nadia 12 urteko alaba existitzen zela erakustea, Nigerreko eskolara joan ahal izateko.
Saheleko herrialde idor honetan, munduan biztanleriaren hazkunderik bizkorrena duenean, herritarren ia erdiak 15 urte baino gutxiago ditu. Hala ere, haurren %40 ez dira jaiotzean erregistratzen.
Fenomeno hau jazotzen da, oro har, familia pobre askok ez dutelako astirik, ezta dirurik ere, izapidea egiteko baimena duen Gobernuaren ordezkari batengana bidaiatzeko. Eta prozedura oso zaila delako familia txiroentzat. Horregatik, familia askok ez dute lortzen haurrak jaio eta 60 egunera erregistratzea, legeak eskatzen duen bezala.
Ziurtagiri eza ez da arazo izaten bizi osoa herrixkan pasatzen dutenentzat, baina bu ruko min handia da beste nonbait bizi direnentzat, Aichata Hassanen eta haren familiaren kasuan bezala. Zeneba, Nadiaren bederatzi urteko ahizpa, eta lau urteko Abdulkarim anaia ere linbo administratiboan daude.
Hirurak Alzoun jaio ziren, mendebaldeko Tillaberi eskualdeko herrixka txiki batean, non ez dagoen jaiotzak erregistratzen dituen Gobernuaren ordezkaririk. Azken bost urteetan, jihadisten erasoek gora egin dute eskualde horretan, Burkina Faso, Mali eta Nigerrekin muga egiten baitu.
Matxinatuak motorretan sartu ziren Alzoun herrixkan, hasieran, abelburu batzuk lapurtzera. Baina, gero, herriko buruzagia hil zuten. Eta horrek eraman zuen Hassan bere seme-alabekin handik oinez irtetera. Hogeita hamar bat kilometro egin zituzten Sakoirara iritsi arte.
Paperaren kultura
Nadia, Zeneba eta Abdulkarim herriko eskolan matrikulatu zituzten. Baina Nadia Bigarren Hezkuntzan sartzeko azterketarako inskribatzean, jaiotza-ziurtagiririk ez izatea oztopo gaindiezina izan zen.
«Haur asko daude egoera horretan», onartu du Idrissa Illiassou Pedagogia aholkulariak, lanbidean 30 urte daramatzanak. «Jaiotza-agiririk ez duten gazteak heldu bihurtzen dira nortasun agiririk gabe, eta baztertu egiten dituzte», esan du. Nortasun agiriak erronka handia dira txirotutako Nigerren.
«Gure kultura paperean oinarritzen da, baina zaharkituta dago. Ordenagailuak erabili behar ditugu», adierazi du Ibrahim Malangoni egoera zibileko erregistroen zuzendari nazionalak. Nazioarteko komunitatearen laguntzarekin, Niger arazoa konpontzen saiatzen ari da, sentsibilizazio-operatiboen, Gobernuz Kanpoko Erakundeekiko lankidetzaren eta sektorea digitalizatzeko kanpainen bitartez.
«Operatiboak maximizatu nahi ditugu, 2030erako biztanle guztiak erregistratuta edukitzeko helburua betetzeko», esan du Malangonik. Gaur egun jaiotzen direnen %60 erregistratzen da, baina horrek esan nahi du Estatuak hamar haurretatik lau ez dituela kontuan hartzen. Hala eta guztiz ere, kopuru hori «maila aipagarria da, duela ez asko, 2007an, %30ean baikeunden», azaldu du Malangonik.
Baina, nortasun-agiria ezinbestekoa da eskolan erregistratzeko, dohaintza bat lortzeko, banku-kontua irekitzeko, botoa emateko edo polizia-kontrol postu bat pasatzeko. Oinarrizko zerbitzuak eskuratu ahal izateko.
Itxaropena eman
«Dokumentu zibiletarako eta jaiotza-ziurtagirietarako sarbidea baldintza da edozertarako», esan du Jan Egeland Norvegiako Errefuxiatuen Kontseiluko (CNR) idazkari nagusiak duela gutxi egindako bisita batean. Bere hitzetan, Nigerren, arazoa diru pixka batekin konpondu daiteke.
«Itxaropena ematea da gure lana. Etorkizunean, gazte horiek, hainbeste behar dugun energia berdearen sektorean adibidez, ekintzaile berri edo mingostasunak jandako heldu bihurtzea nahi duzu?» galdetu du.
Katoumi Youssouk, Sakoirako tipula ekoizleak, adierazi du ez duela inoiz dokumenturik izan. «Emakumeok ez dugu urrutira bidaiatzen eta herrixkan ez ditugu behar», azaldu du.
Baina matxinatuen etorrerak dena aldatu zuen. Militarren kontrol postuak agertu ziren eta dokumenturik gabe gurutzatzea amesgaizto bihurtu zen. Herrira tipulak saltzera edo ezkontza batera joaten denean, «beti soldaduei ordaindu behar izaten diet pasatzen uzteko», kontatu du Katoumi Youssouk. Orain, bai bera bai Aichata Hassan epaile ibiltari baten zain daude dokumentu egokiak lortzeko.