Juantxo EGAÑA

1963ko aberri eguna lapurdiko Itsasun

(IMANOL BILBAO. BILBAO SENDIAREN FUNTSA)

1963ko apirilaren 15ean ospatu zen lehen aldiz Aberri Eguna Ipar Euskal Herrian, Lapurdiko Itsasu herrian. Era berean, egun hartan, Enbata mugimenduaren sorrera-kongresua egin zuten. Besteak beste, bertan ondorengoa nabarmendu zuten: «Euskal nazioa bitan banatuta dago gaur egun, Espainiako eta Frantziako estatuen mende, eta euskara desagertzeko bidean dago...». Egun hartan, Julen Madariagak eta Ximun Haranek Gernikako arbolaren kimu bat landatu zuten. Hainbat komunikabidetan eta “Enbata” aldizkarian agertutako argazkiek ekitaldiaren hainbat une jaso zituzten; zuhaitzaren kimuaren landaketa, bertaratutakoak, Telesforo Monzon bazkarian zehar hitzaldi bat ematen eta frontoia jendez gainezka. Imanol Bilbao gudari ohi eta argazkizaleak, egun hartako argazki ofizialez gain, beste batzuk ere egin zituen; bere lagunekin, bere jendearekin, gertukoenekin eta, kasu honetan, ikurrin batekin ageri den mugaren alde bateko eta besteko emakume talde batekin. Eta horrela utzi zuen jasoa gerorako Bilbaok Itsasuko Aberri Eguna bezalako egun seinalatu bat.