Dabid Lazkanoiturburu
Nazioartean espezializatutako erredaktorea / Redactor especializado en internacional
{ PROFILA }

Eskozia askatasunerantz gidatuko duen «etorkin» musulmana

Humza Yousaf irabazlea, alboan  Ash Regan eta Kate Forbes dituela.
Humza Yousaf irabazlea, alboan Ash Regan eta Kate Forbes dituela. (Andy BUCHANAN | AFP)

Humza Yousaf du izena, bigarren belaunaldiko etorkina da eta Eskoziako lehen ministro eta Eskoziako Alderdi Nazionaleko (SNP) buruzagi berria da, kargua utzi berri duen Nicola Sturgeonen ordez.

Ama jatorriz pakistandarra zen kenyarra eta aita pakistandarra ditu. Biak 1960an iritsi ziren Erresuma Batura.

37 urte dituen politikaria aitzindaria da zentzu askotan, Eskoziako politikagintzan eta haratago. Eskoziak inoiz izan duen lehen ministro musulmana izan da 2012tik. Garraio eta Justizia ministerioen ardura izan zuen eta azken urteetan Osasun ministroa izan da.

SNPk hauteskunde primarioetan bere garaipena iragarri eta gero, eta biharamunean Holyroodeko Parlamentuaren babesa eskuratu ondoren, Arabiar Penintsulan jatorria duen erlijioaren jarraitzaile batek gidatuko du Europako iparraldeko herrialdearen etorkizuna. Historian ezagutu den lehen ministro gazteena da, gainera.

Eta ez du eginkizun makala, Eskozia independentziarantz abiarazteko ardura izango baitu. Paradoxa litzateke Erresuma Batuko alderdi bateko lehen agintari musulman batek Erresuma Batuaren amaiera iragartzea.

Musulmana eta jatorriz pakistandarra. Izan ere, urdueraz zin egin zuen 2011n Eskoziako Parlamentuko legebiltzarkide hautatu zutenean.

Irabazi ondoren, duela 60 urte Pakistandik etorritako aitona-amonak omendu zituen. «Ametsik zoroenetan ere ez zuten imajinatuko biloba Eskoziako hurrengo lehen ministro bilakatuko zenik».

Eraso eta iruzkinak

Glasgow hirian jaioa eta hazia, Humza Yousafek eskola pribatu batean hasi zituen ikasketak, eta ondoren, jaioterriko unibertsitatean zientzia politikoak ikasi zituen eta apelazio zentro batean lan egin zuen, SNPko orduko buru eta Eskoziako ministro nagusi izan zen Alex Salmonden laguntzaile bihurtu aurretik.

Politikagintzan hasi eta berehala, eraso eta iruzkin arrazistak jasan izana salatu zuen; batez ere, 2001eko irailaren 11ko erasoen ondoren.

«Sarean eraso ugari jasan ditut, eta zoritxarrez, batzuetan aurrez aurre ere bai», gogorarazi du.

2021ean, Nadia El-Nakla bigarren emaztearekin batera, salaketa jarri zion beren alaba hartzeari uko egin zion haurtzaindegiari. Zentroak ukatu egin zituen akusazioak, baina ikuskaritzak funtsezkotzat jo zuen salaketa. Bikoteak alaba haurtzaindegitik atera zuen.

Humza Yousaf primarioak irabazi ondoren. (Andy BUCHANAN / AFP)

Bere esperientziak eta jasandakoak gutxiengo guztien eskubideak defendatzera eramango dutela ziurtatu du Eskoziako agintari berriak, tartean homosexualenak eta transgeneroenak. Bere fedearen araberako legerik ez duela egingo agindu du.

Nahiz eta, batek baino gehiagok gogorarazi duenez, 2014. urtean Edinburgoko Parlamentuan, eta agintari musulmanen presiopean, sexu bereko bikoteen ezkontza legeztatzeko bozketa bat saihetsi zuen, Justizia ministro zela.

Aurkaria, ebanjelista atzerakoia

Primarietarako kanpainan zehar, bere burua defendatu zuen, egun hartan beste konpromiso batzuk zituela esanez, eta pilota SNPko presidentetzarako bere aurkari nagusiari itzuli zion, Kate Forbesi. Horrek, Eskoziako Lur Garaietan jaioak eta ama hizkuntza gaeliarra duenak, aho betearekin aldarrikatu ditu gizarte arloko ideia ultrakontserbadoreak, abortatzeko eskubidearen eta homosexual eta transgeneroen aurka, eliza ebanjeliko bateko kide delako. Eskoziako Eliza Askeko kide da Forbes; irabazi izan balu, berak ere profila merezi izango zuen. Hala ere, nahiko estu gailendu zitzaion Yousaf gaur egungo Finantza ministroari, %52-%48 tarte urriarekin. SNP alderdia 1979an sortu zenetik bosgarren agintaria da Yousaf.

Duela hilabete ezustean kargua utzi zuen Nicola Sturgeonengandik oso hurbil egonik, jarraipenaren hautagaitzat jo dute. Errepublikano sutsua, bere aurrekariaren orria atzean uzteko prest dagoela erakutsi beharko du. Hain justu, Eskoziako osasun sistema -azken urteetan ministro gisa zuen tutoretza- eta hezkuntza krisian daudenean.

Gobernuan Yousafek egindako lanak kritika gogorrak jaso ditu. Pandemiaren ostean, Osasun sailburu zela, bere kudeaketa oso kritikatua izan zen aurkarien eta oposizioaren aldetik eta bere ahulgune bilakatu daiteke. Hain zuzen, herritarren %62k larrialdi medikuen zerbitzuaren inguruan egin duen kudeaketa errefusatzen du, eta %40k ez du aginterako «gai» ikusten, YouGov etxeak egindako inkestaren arabera.

Gauzak horrela, bere aurrekoarekin zubiak ez dituela moztuko eta berarekin harreman estuan eta aholku eske jarraituko duela adierazi du, baina bere taldeak gobernantza eta esparru murritzak gaindituko dituela hitzeman du.

Dena den, Humza Yousafek gizarte kontuetan Sturgeonek bultzatu dituen jarrera aurrerakoiekin bat egiten du eta ekonomia arloan erę ezkerrean kokatu daiteke; adibidez, aberatsenen zergak igotzearen aldekoa da. Gizarte arloan ere gurasoak izan berri direnei lanera itzultzeko dirulaguntzak mantendu eta gehitzearen alde ere azaldu da. SNP alderdia azken hauteskundeetan hainbeste saritu duten politiken alde. Beraz, ez da inola ere harritzekoa Sturgeon pozik azaldu izana bere politikak jarraipena izango duelako. «Oso harro nago bere hautaketarekin eta agintari nabaria izango da», adierazi du Sturgeonek.

Primarioetara aurkeztu diren hiru hautagaietatik, bera izan da Eskoziako “Trans Legeari” Londresek ezarri dion betoaren aurka borrokatuko duela konpromisoa berretsi duen bakarra.

«Eskoziarentzat independentzia lortuko duen belaunaldia izango da gurea», aldarrikatu du Yousafek. «Eskoziako herriak independentzia behar du orain, inoiz baino gehiago», gaineratu du. Bere ustez, denbora luzeegia galdu da Erresuma Batuko gobernuak egindako porrotak azpimarratzen, eta ez da nahikoa egin Eskozia independente baterako ikuspegi bat sortzeko. Autodeterminazioaren aldeko herri mugimendu bat abiaraziko zuela hitzeman zuen astelehenean.

Yousaf Eskoziako lehen ministro moduan zin egiten.

Hala ere, hurrengo hauteskundeak independentziaren inguruko erreferenduma balira bezala aurkezteko Sturgeonen asmotik aldendu egin da. Bere asmoa gehiengo zabalak lortzeko lanean jarraitzea omen da, %50aren inguruko babesarekin horrelako pausoa ematea «ez delako nahiko ona».

Londresek Eskoziari bigarren erreferenduma egiteko baimena ukatu zionetik, eta batez ere Auzitegi Gorenak debeku hori onartu zuenetik, behera egin du independentziaren aldeko babesak (%50etik %46ra). “Trans Legearen” inguruko zalapartak ere izan du eragina; batez ere, onartu eta berehala, sexuz aldatu zen bortxatzaile bat emakumeen presondegi batera eraman zutelako eta horrek ika-mika eragin zuelako.

Hala eta guztiz ere, jarrera aurrerakoenei eusteko konpromisoa du Yousafek, nahiz eta, edo agian horrexegatik, fede gizona izan (Ramadaneko baraualdia bete du). «Humzaren kasuan, fedea ez da Eskozia aurrerakoi bat eratzeko oztopoa. Aitzitik, berari ez zaio axola norberaren joera sexuala, genero kontua edo azalaren kolorea. ‘Onartuak’ baino gehiago, ‘goratuak’ izango dira», ziurtatu du Angus Robertson Konstituzio ministroak.

Sunaken nemesisa

«Beti goraipatu beharko genituzkeen gure herrialdeari hainbeste lagundu eta laguntzen dioten etorkinak», aldarrikatu du Yousafek, gobernu britainiarrak Erresuma Batuan asilo-baldintzak gogortzeko duen asmoa kritikatzeko.

Rishi Sunak lehen ministro britainiarra ere etorkinen semea da, eta bere gurasoek Punjaben zuten jatorria, Jousafenek bezala. Hala ere, Sunakenak hinduak ziren (Kenya eta Tanzaniatik etorritakoak) eta eskoziarrarenak, musulmanak (India zatitu zenean, pakistandarrak). Dena dela, kontserbadoreen agintariak ez du inolako lotsarik Afrikatik txalupetan datozen etorkinak Ruandara bueltan bidaltzeko. Yousaf eta Sunak ez dira etorkinen familietatik sortutako agintari politiko bakarrak. Anas Sarwar Eskoziako laboristen burua ere Pakistango familia batetik dator, eta Sadiq Khan Londresko alkate laboristaren gurasoek Erresuma Batura migratu zuten Pakistandik 60ko hamarkadan.

Noizko horrelakorik gure artean?