Hieroglifikoen hizkuntza euskaratik eta euskaraz deskubritzeko gonbita
Karlos Almorzak lan handia egin du azken 15 urteetan antzinako egiptoera, eta bereziki idazkera hieroglifikoa, euskaldunei gerturatzeko. Egiptoera-euskara hiztegia osatu eta hieroglifikoak hobeto ulertzeko mahai-jolas bat ere asmatu du. Oinarrian, gako nagusi bat: badira idatzi, bai, baina irakurtzen ez diren hieroglifikoak.
Aranzadi elkartearen egoitzan egin dugu hitzordua Karlos Almorza Arrieta historialariarekin (Andoain, 1959). Bere ikerlari jardunean beste hainbat arlo ere landu dituen arren, egiptologiari eskaini dio, batez ere, bere ibilbide akademikoa. Doktoretza tesia egiteko "Faraoien garaiko egipzieraren eta euskararen lan konparatiboen historia" aukeratu zuen gaitzat, adibidez, eta egiptoera-euskara hiztegia sortu zuen. Hori bakarrik ez, hieroglifikoen hizkuntza hobeto ulertzeko mahai-jolas bat ere sortu zuen –"Egiptoar hieroglifikoen sekretua? Nik ezagutzen dut hieroglifikoen sekretua"–, antzinako egiptoarrek idazteko zuten modua euskaraz errepikatzeko aukera ematen duena.
Lan horietan bertatik bertara ikus daiteke Almorzaren ekarpen nagusia. Izan ere, egiptologia irakasteko metodo tradizionaletan ez bezala, andoaindarrak hasiera-hasieratik nabarmendu du egiptoarren antzinako idazkera-mota hieroglifikoan idazten diren baina irakurtzen ez diren hainbat hieroglifiko daudela, elementu hori hizkuntzaren definiziora ekarrita. Eta horrekin batera, aldez aurretik beste inork erabili ez duen metodo lagungarri bat aplikatzen du: irakurtzen ez direnak kolore desberdinez nabarmentzea (determinatzaileak berdez eta laguntzaile fonetikoak, gorriz). Almorzak dio bere helburua dela egiptoerara jakin-minez hurbiltzen den pertsona oro «ate onenean» jartzea, mundu horretara sarbidea erraztea.
Ildo horretatik, Jean-François Champollion okzitaniarrak, 1822an hieroglifikoak lehen aldiz deszifratu zituen ikerlariak, definizio hau erabili zuen: «Idazkera hieroglifikoa oso sistema konplexua da; izan ere, aldi berean, figuratiboa, sinbolikoa eta fonetikoa baita, testu batean, esaldi batean, baita hitz batean ere». Almorzak, aldiz, beste aldaera hau proposatu du: «Egiptoko idazkera hieroglifikoa sistema konplexua da, eta testu, esaldi zein hitz bakar batean erabil ditzake idazten eta irakurtzen diren hieroglifikoak (piktogramak, ideogramak eta fonogramak) edota idatzi bai baina irakurtzen ez direnak (laguntzaile fonetikoak eta determinatzaileak)».
Definizio horietan aipatzen dena apur bat azaltzeko, garrantzitsua da ulertzea hieroglifiko bera batzuetan piktograma edo ideograma izan daitekeela (ikusten dena adierazi nahi du, edo iradokitzen duen ideia), beste batzuetan fonograma izan daitekeela (letra bat, baita bi eta hiru letraren batura ere), determinatzaile moduan erabil daitekeela (hitz baten amaieran jartzen da hitz horren esanahia zehazteko) edo laguntzaile fonetiko bezala (alboan dituenak, bi edo hiru letraren baturak direla jakinarazteko).
Esan bezala, Champollionek hasieratik nabarmendu zuen hieroglifikoen konplexutasuna. Aditu handia izan behar da idatzi hieroglifiko sorta bat ikusi eta, zentzuaren arabera, bakoitzak esanahi bat edo bestea duen ulertzeko, baina Almorzaren kolore sistemak aukera ematen du, aditu handia izan gabe, hasieratik ideia orokor bat egin ahal izateko.
Roseta harriaren garrantzia
Testua laguntzen duten adibideetan argi geratzen da zein garrantzitsua den idatzi bai baina irakurtzen ez diren hieroglifikoak identifikatzea. Horixe izan zen historian zehar hieroglifikoak deszifratu nahian ibili ziren ikerlari guztien buruhaustea. Eta hori argitzeko gako nagusia Roseta Harria ezaguna izan zen. Harri hau Nilo ibaiaren deltako Roseta hirian aurkitu zuten 1799an eta gaur egun Londreseko British Museum-ean dago.
Roseta Harrian antzinako Egipton erabilitako hiru idazkera-motetan idatzita dago kontakizun bera: hieroglifikoz, demotikoz (hieroglifikoen eboluzio bat) eta grekoz –beste bat ere existitzen zen, hieratikoa, demotikoaren antzekoa zena–. Grekoarekin konparazioa eginez, ikerlariek ikusi zuten idazkera hieroglifikoa ez zela soilik piktogramaz edo ideogramaz osatua (marrazki bat = hitz edo ideia bat), ezta erabat alfabetikoa ere (marrazki bat = letra bat). Champollionek Roseta Harrian grekoz 486 hitz identifikatu zituen eta, kontakizun bera egiteko, 1.419 hieroglifiko behar ziren, ordea.
Gaur egunetik ikusita harrigarria badirudi ere, egiptoeraz behar baino hieroglifiko gehiago erabiltze horrek asko laguntzen du hitzak irakurtzen. Izan ere, hieroglifiko idazkera-motak ez zuen hitzen arteko espaziorik, ez komarik, ez punturik; beraz, zerbait behar zuten jakiteko non hasten ziren hitzak edo non bukatzen, eta funtzio hori, beste batzuen artean, laguntzaile fonetikoek eta determinatzaileek betetzen zuten.
Kontuan izan behar da antzinako Egipton biztanleen %1ak zekiela idazten eta irakurtzen asko jota, eta hieroglifiko idazkera horrek ere balio zuela nolabait jende arrunta liluratzeko. «Jainkoek jendearen eguneroko bizitzan eragin handia zuten garai hartan eta idazkera berezi hau ere testuinguru horretan ulertu behar da. Garai hartan azalpen argirik ez zuten fenomeno natural guztien atzean, adibidez, jainkoen boterea ikusten zuten herritarrek», azaldu digu Almorzak testuingurua hobeto ulertzeko.
Luze joko luke lerro hauetan Champollionek idazkera hieroglifikoa deszifratzeko erabili zuen metodoa hasieratik amaierara deskribatzea. Baina nabarmendu behar da prozesu horretarako ere oso garrantzitsua izan zela determinatzaileen identifikazioa.
Berak ezagutzen zituen zenbait faraoiren izenak, beste leku batzuetan idatziak ikusiak zituelako, eta konturatu zen Roseta Harrian faraoien izenak kartutxo moduko batez inguratuta agertzen zirela. Hortik abiatu zen lehen hieroglifikoak identifikatzen eta apurka-apurka zerrenda luzeago bat osatzen.
Ulerterraza eta dibertigarria
Esan bezala, Karlos Almorzak hieroglifikoak euskarara ekarri zituen bere egiptoera-euskara hiztegian, 1.000 sarrera inguru biltzen dituenean, eta sarrera bakoitzari determinatzaile eta laguntzaile fonetikoak kolorez nabarmendu zizkion. Horrez gain, ideia muturrera eramanez, "euskarazko hieroglifikoz" osatutako jolas bat sortu zuen, gaztetxo euskaldunek idazkera hieroglifikoak nola funtzionatzen duen errazago ulertzeko.
Lehenik, alfabeto bat sortu zuen gure letra bakoitzari marrazki edo hieroglifiko logiko bat emanez: armiarma bat "a" letrarentzat, bota bat "b" letrarentzat... Ondoren, euskaraz asko erabiltzen diren bi letraren 12 batura aukeratu eta horietako bakoitzari marrazki bat esleitu zion: 2 zenbakia "bi" esateko, X bat "ez" esateko.... Eta beste 12 batura sortu zituen hiru letrakoak: 6 zenbakia "sei" esateko, olatu baten marrazkia "ola" esateko... Jokalariek hieroglifiko beltzekin osatu beharko dituzte hitzak, baina berdeak (determinatzaileak, Egipton erabiltzen zituzten berberak) eta gorriak (laguntzaile fonetiko moduan jartzeko) ere badaude, idatzitakoa hobeto ulertzen laguntzen dutenak eta prozesuan jolasei atea irekitzen dietenak.
Guztira, 60 kubo ditu jolasak, 360 marrazki, eta sinestezina da horiek erabiliz zenbat hitz eta esaldi egin daitezkeen: milaka. Almorzak 12-15 urte inguruko gaztetxoekin proba egin izan du hainbat ikastetxetan eta, dioenez, nahikoa dute goiz bat idazkera hieroglifikoaren gakoak ulertzeko eta jokoarekin bikain moldatzeko (informazio osoa esteka honetan).
«Nik sortutako jolasaren berri izan zuten eta eskolan hura erakusteko eskatu zidaten. Nik baiezkoa eman nien, baina probatzeko, batez ere. Probatu egin nahi nuen ia gazteek ulertzen zuten proposamena. Eta ikusi nuen 12-13 urte inguruko gaztetxoek berehala ikasten dutela», dio Almorzak. Adin horretatik beheragoko haurrentzat, agian, horren egokia ez dela gehitu du.
EUSKALDUNAK GREKOZ IDAZTEN EZKABAN
Idazkera hieroglifikoaren funtsa hobeto ulertzeko bi adibide aipatu ohi ditu Karlos Almorzak. Bata ezagunagoa da, baina urrunagokoa: ingelesek nazien mezuak kodetzeko Enigma makina nola deskodetu zuten alemanez jakin gabe –interesa duenak hainbat film eta dokumental aurkituko ditu sarean–. Bestea gertuagokoa da, baina ezezagunagoa: 1936ko altxamendu militarraren garaian Ezkaban preso zeuden euskaldunen artean grekoz idazten zituztela mezuak.
Azken hau kasu oso berezia da. Karlos Almorza Ezkabako presoek grekoa ikasteko idatzi zuten liburua ikertzen hasi zen, “Tratado de Gramatica Griega” izenekoa, eta konturatu zen euskara ikasteko liburu baten aurrean zegoela. Hitz eta esaldiak gazteleratik grekora itzulita zeudela zirudien, baina errealitatean euskarazko hitz eta esaldiak ziren alfabeto latindarraren ordez alfabeto greziarra erabilita. Hizkuntzaren kodetze sistema aldatuz agintarien debekua ekiditen zuten.