Xabier Mikel ERREKONDO

Sexkuntza

Irribarretxo bihurria nabari zait gogoratzen dudan bakoitzean irakasle eta apaiz Joxe Mari Aranalde handiak, 14 urte inguru genituela, klasean nola azaldu zigun sexuan harreman naturalak gizon eta emakume artekoa behar zuela izan, hatz lodia eta erakuslea elkartuz sortutako biribilean beste eskuko hatz bizkor luzatua sartzen eta ateratzen zuen bitartean, ebidentzia zientifiko ukaezina balitz bezala.

Aranalderengandik bi belaunaldira Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek “ikaslea erdigunean jarri nahi du”, eta bat nator. Benetako erronka, baina, erdian jartzeaz gain, edukiz betetzea da; horien artean sexualitatea, hegi guztietatik eta askatasun osoz. Ez dut ikusten Bildarratz jaun modernoa irakasten sentitzea dela gakoa; sentitzeak emozioak dakartzala eta, bizitzeak merezi badu, emozioetatik duela merezi, eta emozioek naturalki eragiten dituztela sexualitatea, erotismoa, jolasak, plazerak eta sexua bera, norberak erabaki moldeetan.

“Kantatzen duen herri bat ez da inoiz hilko” abesten genuen Negu Gorriak taldearekin. Bada, pertsona erdigunean, nago hil artean bizitza bizi ahal izateko gako nagusia emozioak sentitzea dela, irudimenez eta askatasunez eta nahi beste eta nolanahi plazerak eta sexua gozatuz.

Sexualitateak Hezkuntzan sufritzen duen tarrata nolabait konpentsatzeko, “Berria”k eman dizkigu orratza eta haria sex-shopen inguruko artikuluarekin; apartekoak, salmenta huts eta hitsetik harago aholkularitza profesionalari lotu zaizkionak. Merezi du gure zorionak horrenbeste.

Hartu iniziatiba, baztertu fosildutako lotsak eta jo denda erotikoetara: Bitxigorria, La Gata con Botas eta abar. Dena dugu irabazteko, are eta gehiago bikotekidearekin joanda. •