Arantxa URBE
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Bizitza ote da eskolan handiena?

«Binta eta ideia bikaina» filmeko irudi bat.
«Binta eta ideia bikaina» filmeko irudi bat. (GAUR8)

Nik Binta izena dut eta eskolara joaten naiz». Horrelaxe aurkeztu du bere burua 7 urte inguruko neskatxa irribarretsuak. «Eskolara etorri ahal izateko zortea dut, mundu honetan ezagutzen ez ditudan gauza asko ikasten ditudalako hemen». «Soda nire lehengusinak ez du nik adinako zortea», jarraitu du esaten. Izan ere, aitak ez dio uzten eskolara joaten: Afrikan emakumearen lekua etxean dagoela dio.

Binta eta Soda emakumeak eta beltzak izateaz gain, bere independentziagatik borrokan ari den Casamance herri zapalduko herritarrak dira. Senegal mugakide bakarra duen Casamance herri txikikoak.

Sabu Diattak, Bintaren aitak, lagun baten bidez du gure berri. Kontatu dionez, lurrak eskaintzen digunetik ahalik eta gehien ateratzea ahalbidetzen diguten aparatuak ditugu. Hainbesteko etekinak ateratzen ditugunez, jada ez omen dugu beharrik elkarrekin arduratzeko. Ondasun horri guztiari esker, gainera, aberastasuna galtzeko beldurraren kontra borrokatzeko armak ditugu eskura. Zer pentsa eman dio horrek Saburi.

Parisko haurren ehuneko handi batek sua sekula ez zuela ikusi jakin genuenean bitxikeria iruditu zitzaigun, duela urte mordoxka jada. Adimen artifizialaren garaira iritsi omen gara, eta supermerkatuetan dilistek eta gainerako lekaleek gero eta apal gutxiago dituzte. Kezka sortu dit horrek, ohartzen garenerako ahaztuta izango dugu-eta sukaldatzea. Gero eta gutxiago dakigu bizitzaz eta bizitzan nola moldatu.

Sabu ederki ohartu da “lehen munduak” antolatutako bidea jarraituz gero, elkartasun-sentimendua galtzeko arrisku bizian geundekeela eta pilatutako aberastasunak galtzeko beldurrak gure artean suntsitzera eraman gaitzakeela.

Gerrak antolatzen dituztenak, ordea, eskolan ibilitakoak dira. Baita unibertsitatean ere. Tituludunak dira, beraz, ikasiak. Horrek esan nahi du eskolan zerbait ez garela ongi egiten ari. Bizitzak handiena izan beharko luke hezkuntzan.

Sabuk zerbait egin nahi du hondamendia saihesteko, bere arrantzale eskuetan dagoen zerbait. Ideia bat bururatu zaio. Agintariei eskatu die haur tubab (zuri) bat adoptatzeko baimena; bularra utzi berria, ahal bada. «Hemen pertsona gisa garatu ahal izateko eta gure komunitate apalean zoriontsu izateko beharrezkoak diren ezagutzak eskuratzeko».

Zer da eskola guretzat? Eta gure ikasleentzat eta haien etxekoentzat? Bintak argi azaldu digu zer den haientzat: «Nire aitak dio munduko haur guztiek eskubidea dutela adiskidetasunean, tolerantzian, bakean eta anaitasunean hezteko. Haur guztiek, baita tubab haurrek ere». Coral Elizondo irakasle, psikologo eta ekintzaile inklusiboak gehituko luke eskola konpromiso soziala dela. Era berean, transgresorea beharko lukeela gehituko dugu guk, are gehiago herri zapaldu batean.

Opari bat egin nahi dizuet, nire gogoeta hauek guztiak esnatu dituen filma: BINTA ETA IDEIA BIKAINA (https://www.youtube.com/watch?v=lE8-QeON93Q). Gozatu! •