Koldo SAGASTI

Hogei urte bada zerbait

Bizitzan zehar badira gure istorio pertsonala markatzen duten gertaera bereziak. Denboraren joan-etorrian jabetu ohi gara adinean aurrera goazela gure bizitzako mugarri horiek duela hogei urtetik gora gertatu zirela ohartzen garenean. Nire ibilbide militantea baldintzatu zuen pasadizo horietako bat 2001eko uztailean jazo zen, Genovan. Orduan, munduko zortzi herrialde boteretsuenetako agintarien goi-bilkura antolatu zen Italiako ipar kostaldeko hiri hartan, eta erantzunean, gizarte zibileko ehunka eragilek mundu osoko ekintzaileei dei egin zieten planetako patua jokatzen ari ziren handi-mandi horien kontra protesta egitera. Milaka pertsona mugitu zituen ekimenak helburu argi batez: agintarien bilgunearen inguruko segurtasun esparrua, gune gorria zeritzotena, urratu eta bilera zapuztea. Hara iritsi ginen askok gerra testuinguru batetik sekula izan ginen gertuena aurkitu genuen Genovan. Mamu-hiriaren ikuspegia eta hura mendean hartuta zuten milaka militar, polizia eta gerra-ibilgailuak ondorengo egunetan etorriko zen sarraskiaren iragarle izango ziren. Egoerak gainezka egin zion kontingente militarrari eta ondorengo hiru egunetako istiluetan zientoka lagun atxilotu eta beste bat hil egin zuten, Carlo Giuliani, 23 urteko ekintzaile italiarra.

Batailatxo hura azken egunotan ekarri dut berriz akordura, jakin dudanean milaka manifestari haietako bat, ni neu izan zitekeena, Italiara entregatua izateko arriskuan dagoela, hamabi urteko kartzela zigorra betetzeko. Vicenzo Vecchi Genovako protestetan atxilotu zituzten ehunka ekintzaile haietako bat izan zen, epaile italiar baten ebazpenaren arabera gertakizunekiko “konplizitate morala” zuen, manifestazioetan parte hartu izate hutsagatik, eta Mussoliniren erregimen faxistaren garaiko lege bat baliatuta “suntsiketa eta harrapakeria” delitua egotzi zioten. Gaztea, orduan, Frantziara erbesteratu zen eta orain, hogeita bat urte geroago, Italiak haren burua eskatu du, behinolako kartzela zigorra bete dezan. Bi hamarkada pasatu dira, baina askori bizitza markatu ziguten gertaera haiek oraindik ere eragiten dituzte zehar kalteak. Ez dadila izan Vicenzo horietako bat. •