Nagore Belastegi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
KOLONBIA, HARI BATEAN

Hegazkin istriputik hilabete pasatu da eta lau haurrek oihanean galduta segitzen dute

Duela hilabete eta astebete, hegazkin batek istripua izan zuen Kolonbiako oihanean, zazpi bidaiari zeramatzala. Hiru helduen gorpuak berreskuratu ziren arren, lau haurrenak ez dituzte oraindik aurkitu, eta bilaketa bideratzen ari diren taldeek uste dute bizirik egon daitezkeela, oinatzak aurkitu dituztelako.

Istripua izan zuen hegazkina, topatu zuten lekuan. Uste dute haurrak atzeko aldean zihoazela eta horregatik daudela bizirik.
Istripua izan zuen hegazkina, topatu zuten lekuan. Uste dute haurrak atzeko aldean zihoazela eta horregatik daudela bizirik. (ARMADA KOLONBIARRA | AFP)

Maiatzaren 1ean Cessna 206 hegazkin bat desagertu egin zen Kolonbiako hegoaldean, Amazoniaren gainetik hegan ari zela. Zazpi bidaiari garraiatzen ari zen, eta egunetan aritu ziren haren bila, azkenean istripua izan zuela jakin zuten arte. Hegazkina topatu zutenean, astebete geroago, hiru helduak hilda aurkitu zituzten, baina lau haurren berririk ez zegoen. Hilabete pasatu ostean haurren gorpurik aurkitu gabe jarraitzen dute; beraz, uste dute bizirik egon daitezkeela. Gainera, aste luze hauetan zehar, hipotesi hori babesten duten pistak aurkitu dituzte.

Hamaika hilabete zituen Cristin Neriman Ranoque Mucutuy (maiatzaren 26an urtebete egin zuen), 4 urteko Tien Noriel Ranoque Mucutuy, 9 urteko Soleiny Mucutuy eta 13 urteko Lesly Mucutuy dira desagertuta dauden haurrak -uitoto etniakoak-, herrialde osoan itxaropenaren pizgarri direnak. Familiaren lehen bidaia zen honako hau, eta aitari bisita egitera zihoazen, Araracuaratik San Jose del Guaviarera. Hegazkinak aurreko aldearekin jo zuen lurraren kontra, eta uste dute txikiak bizirik egon daitezkeela atzeko partean zihoazelako.

Palma Rosa nekazaritza-etxalde inguruan, Solano (Caqueta) herrian, agertu zen hegazkina, hiru gorpurekin, eta hor inguruan hasi ziren indar militarrak txikien bila. Hasieran 100 kide ziren, hiru txakurrez lagundurik. Lanbroak eta euriak ez zioten bilaketari mesederik egiten.

Handik bi astera makilez eta adarrez egindako babesleku bat aurkitu zuten, baita guraize batzuk eta ilea biltzeko gomak ere, fruta zati batzuekin batera. Txakurretako batek biberoi bat ere aurkitu zuen. Aztarna horiek ikusirik, adingabeak bizirik zeuden susmoa indartu egin zen, eta ez hori bakarrik, bizirik irauteko gaitasuna frogatzen ari zirela ere bai. Hori dela eta, bilatze lanak indartu egin ziren, eta erreka baten alboan haur batena izan zitekeen oinatza ere topatu zuten.

Aurkikuntzen ostean, eta gehiegizko itxaropenaren erruz agian, Kolonbiako Familien Ongizaterako Institutuak (ICBF) haurrak onik aurkitu zituztela baieztatu zuen, eta Kolonbiako presidenteak albistea Twitter bidez zabaldu zuen. Hala ere, ondorengo egunean txioa ezabatu zuen eta, indar militarrek ICBFk esandakoa baieztatzea lortu ezinik, bilaketarekin jarraitzen zutela onartu behar izan zuen.

Zurrumurruak familiei min egin zien, eta haiek errespetua eskatu zuten eta informazio faltsu gehiagorik ez zabaltzeko. «Ongizate fisiko eta emozionala ez da jolasa», adierazi zuten. «Hedabideen partetik jasaten ari garen jazarpena, adierazpenak lortzeko, gure eskubideak urratzeaz gain, gure mina areagotzen du», azpimarratu zuten.

Era berean, eragileei eskatu zieten hegazkinaren istripuaren arrazoiak iker zitzaten, kontu hori, behintzat, argitzeko.

Amonaren mezuak

Maiatzaren 18an atera zituzten helduen gorpuak istripua izan zuen hegazkinetik. Hildakoak Hernando Murcia Morales pilotua, Magdalena Mucutuy Valencia galdutako haurren ama eta Herman Mendoza Hernandez ziren. Azkenekoa Kolonbiako Amazoniako Herrien Erakunde Nazionaleko (OPIAC) lider uitotoa zen, «bizitzarekin, kulturarekin, alaitasunarekin eta maitasunarekin» konpromisoa zuen pertsona bat, «desberdintasunak errespetuz jorratuz, herri indigenen arteko senidetasuna babesten zuena».

Ordura arte 100 pertsona ari ziren lanean, eta beste 50 gehitu zitzaizkien istripuaren osteko hirugarren astea betetzear zegoela. Haurren aita eta ingurua ezagutzen duten indigena taldeak ere batu ziren bilaketara. Horrez gain, hiru helikoptero erabiltzen hasi ziren, 1.500 metro hartzeko gaitasuna duen bozgorailu bana daramatenak, haurren amonak uitoto hizkuntzan grabatutako mezuak zabaltzeko. «Lesly, mesedez, zuen amona Fatima naiz. Geldirik egon behar duzue Armada zuen bila dabilelako. Geldirik egotea eskertuko nizuke. Mikrofonoak entzuten badituzu, hor bertan gelditu zaitezte, zuek aurkitu eta etxera bueltan ekartzeko», zioen biloba zaharrenari zuzendutako mezuak.

Oihanean zehar utzi zituzten laguntzeko sortak (ARMADA KOLONBIARRA / AFP)

Amonaren mezua gutxi balitz bezala, arrosa kolore bizia zuten paper informatiboak ere bota zituzten oihanean, haurrek aurkituz gero, zer egin jakin zezaten: «Zuen bila gabiltza. Ez mugitu gehiago, erreka batetik gertu egon. Zarata atera. Egin kea. Salbatu egingo zaituztegu. Gertu gaude. Amona Fatima eta zuen familiak zuen bila dabiltza», zioen mezuak, espainolez eta uitoto hizkuntzan idatziak.

Hegazkinak istripua izan zuen lekutik hiru kilometrora FARCen kanpamentu hutsa aurkitu zuten, baina txikiak horiekin egotea berehala baztertu zuten. «Ia ezinezkoa da bertan egotea operazio humanitario batean ari garelako lanean, bizitzak salbatzen», esan zuen Pedro Sanchez militarren buruzagiak.

Sanchezek agerraldi hura aprobetxatu zuen esateko pista berririk ez zutela aurkitu, baina oihanak «bizitzeko behar den guztia» eskaintzen duela: «janaria, ura, babeslekuak eraikitzeko aukera...». Dena dela, txikiei laguntzeko asmoz, larrialdiko ehun kit inguru barreiatu zituzten inguruan. Ura, gazura, janaria eta pizgailuak sartu zituzten haietan. Hala eta guztiz ere, ez dute ahazten haurrak indigenak direla eta badakitela oihanean nola murgildu.

Era berean, haurrak aurkitu arte bilaketekin jarraituko zutela adierazi zuen, eta itxaropena ez zutela galduko. Oihaneko baldintzek -euria eta animalia basatiak barne- bilatze lanak zaildu ditzakete, eta horregatik «zentimetro bakoitza» zehatz-mehatz behatuko zutela gaineratu zuen.

Oihanaren babesa

Maiatzaren 22an indigena talde handiago batek bat egin zuen bilaketa taldearekin. «Ama Lurra gure zain dago, guk harekin dugun harremanarengatik; guk beti eskatzen diogu baimena», esan zuen bere sinismenei helduta Miguel Romario murui etniako kideak. Berarekin batera siona, nukak eta coreguaje etnietako kideak ere baziren, eta elkarrekin oihanaren bihotzera sartu ziren adin txikikoen bila.

Militarrak, haurren bila (ARMADA KOLONBIARRA / AFP)

Indigenek, haurren amonak barne, uste dute oihanak harrapatuta dituela, istripuaren ostean trauma bat jasan zutelako eta haien espirituaren parte bat gorputzetik atera zitzaielako. «Horregatik jarraitzen dute oinez, ez dira gelditzen, kontzientzia galdua dutelako», azaldu zuen Romariok. Hori dela eta, alde egindako espirituari eskatu zioten haurrengana itzultzeko, kontzientzia berreskura dezaten.

Indigenek baimena eskatu zioten oihanari bilaketa hasi aurretik, eta oihanak erantzun egin zuen. Izan ere, handik bi egunera nukak etniako kide batzuek pista berriak aurkitu zituzten: erabilitako fardelak, haur baten kirol zapatilak, telefono mugikorreko osagarri bat, biberoi baten tapa eta toalla bat, hegazkina erori zen lekutik kilometro erdira.

«Itxaropen Operazioa»

Manuel Ranoquek, haurren aitak, hitza hartu zuen azken aurkikuntzen ostean, itxaropenez betea. «Jendeari eskatu nahi diot pazientzia eta fede handia izateko. Laster haurrak onik aurkituko ditugu eta oihan honetatik aterako gara», esan zuen konfiantzaz betea. Era berean, onartu zuen bera ez zegoela ondo, «kolpe gogorra» izan delako, baina itxaropentsu agertu zen: «Nire seme-alabekin berriro elkartuko naiz, fedea dut. Oso motibatua nago eta badakit laster lortuko dugula».

Bilaketari buruz esan zuen zaila izaten ari zela oihaneko klima dela eta, oso hezea delako. Hala ere, adierazi zuen «zailena» hegazkina aurkitzea izan zela, ordura arte ez zekitelako bidaiariren bat bizirik zegoen edo ez; hasieran ezin zuen sinetsi haurrak onik zeudela, hegazkina nola zegoen ikusita. Ordurako bilatze lanek ‘Itxaropen Operazioa’ izena zuten.

Maiatzaren 25ean Nazio Batuen Erakundeak ere bere baliabideak eskaini zituen, eta beste helikoptero bat martxan jarri zuen. Era berean, informazioa jasotzeko telefono linea bat zabaldu zen, norbaitek informazioa izanez gero, helarazi ahal izateko.

Bost egun geroago teknika berriak erabiltzen hasi ziren: idatzitako zein bozgorailu bidezko mezuez gain, argia islatzeko gailuak eraman zituzten oihanera. «Leku estrategikoetan kokatu dira, eta helburua da haurrek gauez argiak ikusi eta soinuak entzun ahal izatea, horiengana joan daitezen», adierazi zuten indar militarrek. Egunean zehar ere ikusi ahal dira argiak, eta mila metroraino iristen dira.

Helikopterotik jasotako irudiak, non argi ikusten den zein itxia den Amazoniako oihana (ARMADA KOLONBIARRA / AFP)

Istriputik hilabete bete zenean emaitzarik ez zuten lortu, haurren berririk gabe jarraitzen baitzuten, baina aurkitutako pistek aurrera egiteko animoak eman dizkiete. «Oso gertu gaudela uste dugu», esan zuen Pedro Sanchez militarrak. «Ziur gaude beraiekin gurutzatu garela, baina haurrek bueltak ematen jarraitzen dute», esan zuen oihaneko baldintza zailak nabarmenduta. Izan ere, inguruko begetazioa hain itxia da ezen eguzkiaren argia ia ez den lurrera iristen; ikuspena 20 metrokoa besterik ez da.

Bere ustez, litekeena da San Jorge ibairantz joan izana, eta bertan ez dago inolako komunitaterik. Bertatik iparraldera joango ziren, aurkitutako aztarnen arabera. Hori kontuan izanik, uste dute bilaketa eremua txikiagoa dela.

‘Itxaropen Operazioa’ izenari huts egin gabe, etengabe errepikatzen dutena esan zuen beste behin: «Bizirik daude, kontrakoa frogatzen den arte». «Hilda baleude, aurkituko genituzke usainak animalia basatiak erakarriko lituzkeelako, eta gu haraino gidatuko gintuzkete», gehitu zuen ICBFko zuzendari Astrid Caceresek.

Maiatzaren 30ean beste oinatz bat aurkitu zuten lokatza zegoen tarte batean, eta tamainagatik ahizpa zaharrarena dela uste dute, nahiz eta ezin izan duten egiaztatu. Ordurako ia 300 pertsonek osatzen zuten bilaketa taldea.

 

«MAYDAY, MAYDAY...»

Gailuak motorrean akatsa izan zuela jakin zuten ikerketa egin ostean. Hernando Murcia pilotuak larrialdiko deia egin zuen: «Mayday, mayday, mayday, mayday, mayday, mayday, motorra ez dabil ondo, lur sail bat bilatuko dut», esan zuen, lurra hartzeko leku bila zebilela adierazteko. Kontrol dorreak bi pista gertu zituela esan zion, baina 15 minutuz kontaktua galdu zuen ondoren.

Geroxeago, Murciak berriro deitu zuen kontrolera eta San Jose del Guaviaren lurra hartuko zuela esan zuen. «Motorrak potentzia hartu du berriro, San Josetik 120 milia nautikora nago». Eta gehitu zuen: «Sei bidaiari ditut, hiru ordurako autonomia daukat».

Militarrez eta indigenez osatutako bilaketa taldea (Paulo LOPES / EUROPA PRESS)

Zortzi minutu geroago beste komunikazio bat egin zuen: «San Josetik 109 milia nautikora nago, baldintza bisualak onak dira. 5.500 oin mantentzea eskatu nahi dut». Baina jarraian etorri zen ezbeharra, hiru minutu eta erdira azken komunikazioa egin baitzuen: «Mayday, mayday, mayday, motorrak berriro du akatsa... Ibai bat bilatu behar dut... Ibai bat dut eskuinean...», esan zuen, bertan ur hartzeko intentzioa adierazteko. Baina ez zuen lortu.