Dabid LAZKANOITURBURU

Ura ere gerra tresna bilakatu da Ukrainan

(GAUR8)

Kajovkako presak biltzen zituen 18 milioi metro kubiko ur Dnieper ibaian behera barreiatu dira, presak eztanda egin ondoren, eta sekulako kalteak eragiten ari dira. Krimea urik gabe uzteko asmoa egotzita, erantzukizuna Ukrainarena dela argi omen du Moskuk. Kievek Errusiak kontrolpean zituen instalazio hidraulikoak barrutik eztandarazi dituela salatu du –bere Armadaren kontraerasoaldia oztopatzeko asmoz­–.
Hotzean aztertuta, bi aldeentzat kaltegarriak lirateke eraso honek eragin dituen ondorioak. Ukrainarrentzat, ez omen dielako Dnieper ibaia zeharkatzeko aukerarik ematen, bazterrak eta, oro har, Jerson ingurua erabat lokaztuta geratuko direlako. Errusiarrentzat, batez ere krimearrentzat, udara bezperan berriro ere Errusiaren ur horniduraren mende geratuko omen direlako. Eta batzuentzat zein besteentzat, hondamendiak eragina izango duelako Errusiaren kontrolpean dagoen baina Ukrainari argindarra ematen dion Zaporizhiako zentral nuklearrean. Ura ala axolagabekeria bilakatu da gerra tresna?