Gorka Zozaia
Kimikaria
3 BEGIRADA:

Zientzia, musen tenplutik at!

Elhuyarren Bizilabe egitasmoak zientzia aisian txertatzen du.
Elhuyarren Bizilabe egitasmoak zientzia aisian txertatzen du. (ELHUYAR)

Luzatu egin zait museoak eta zientzia lotzeko apirilean abiaturiko bidea. Nahikotxo ikertu dut eta asko ikasi. Ikasi dut zientzia museoek kultura zientifikoan egin ekarpena eraldatzen joan dela eskolak -eta beste sozializazio entitateek- horrekiko duen funtzioa eraldatu den heinean. 2006rako Londresen hausnarketa horixe egina zuten: zientzia museoak ezin du eskaini ikastetxean egiten ahal dena; garestiegia da! Urtebete geroago aurkeztu zen BTEK, Zamudioko parke teknologikoan kokaturiko Teknologiaren Interpretazio Zentroa, estatu osoan parekorik ez zuena. Badira urte batzuk ateak itxi zituenetik, hain zuzen ere garestiegia zelako berau mantentzea, eta Eureka! bera bertan izanda, museo handi gehiegi zeudelako gure lurraldean. Museo handi horiek finantzaketa pribatua dute sostengu, hemen eta han (Londresen kasuan erregai fosilen enpresa bat du sostengu, eta kritika handiak jaso ditu -boikota, barne- greenwashing-ean aritzeagatik) eta txikiak (hamarnaka ditugu gurean, lehen artikuluan esan bezala), berriz, publikoak izan ohi dira. Museo handien bilakaera, beraz, krisi ekonomikoei lotuta ulertu behar da, horien funtzio soziala eskoletara bideratzeaz haratago.

Bitartean, kultura zientifikoa oso maila baxuetan mantentzen da, modu iraunkorrean. Herrialde baten ikerketa eta berrikuntza gaitasuna -zer esanik ez, haren izaera kritikoa- kultura horrekin zuzen lotuta dago, eta horren erakusle dira bokazio zientifikoak. Horien inguruan egin ikerketek erakusten dute bokazioak ez daudela hain lotuta zientzia ulertzearekin, baizik eta norbanakoaren testuinguruarekin. Hau da, fisika primeran ulertu arren batek ez badu zientzian aritzen den erreferente hurbilik edo zientzia egunerokotasunean, esparru anitzetan, bizitzen ez du bere burua zientzialari ikusiko. Hori dela eta, bokazioak eta, batez ere, kultura zientifikoa hedatzeko, oso estrategia eragingarria da zientzia egunerokoan txertatzea, eskolan eta aisian; Eureka! ixten badigute, atera dezagun zientzia kalera gehiago!

Eskoletara etorrita, poliki-poliki eskoletan inplementatzen ari da zientzia museoek ekarri zuten «hands on, minds on, hearts on» filosofia, LOMLOEren formulazioan proiektuka lan eginez egoera berrietara helarazteko moduko ikasketa esanguratsuak (gaitasunak) lortzean datzana, asko sinplifikatuz. Finean, errealitatea ulertu eta eraldatzeko emozioak mobilizatu eta naturarekin elkarrizketan jartzea da bidea, bakoitzaren testuinguru zehatzetik abiatuta. Ibili naizen institutuetan, oso baliabide egokiak daude horretarako; tresneria apartaz hornitutako laborategiak, esaterako. Egia da oraindik ere zientziaren irakaskuntza matematikaren bidez garatzen diren kontzeptu konpartimentatuak helaraztera mugatzen dela askotan, eta hala ulertzen dela zientzia jendartean gero; sinesmen sistema gisa! Ez dut ukatuko inspirazioa falta zaigunik, imajinazio itzela beharko dugu bestelako mundu bat egiteko gauden lokatz honetatik, baina zientziak ez du musarik behar: jendartearen eskuetan jartzea, ez besterik! •