Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad
«DESERROTUAK»

Klima aldaketak behartutako lekualdatzeen interpretazio kritiko bat

Zehar Errefuxiatuekin elkarteak gure eredu neoliberalak kolapso ekosozialean eta biztanleriaren desplazamendu behartuetan duen eragina aztertu du. «Deserrotuak» txostenean lau adibide bildu ditu: Kolonbia, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Senegal eta Yemen. Testigantza bat ere bai, Serigne Mbaye ekintzailearena.

Kongoko langileak, kobre eta kobaltoa lantzeko artisau meatze baten ondoan.
Kongoko langileak, kobre eta kobaltoa lantzeko artisau meatze baten ondoan. (LIVINGSTONE | AFP)

“Deserrotuak” manifestua klima larrialdiak eragindako migrazioak salatzeaz harago doa. Zehar Errefuxiatuekin elkarteak sustatuta, Euskal Herriko eta nazioarteko 70 erakundek baino gehiagok sinatu dute, jatorrizko herrialdeetan bizitzea eragozten duten eta planeta suntsitzen duten politiken aurka.

Manifestuan azpimarratzen denez, sistema kapitalista da behartutako desplazamendu horien arrazoi nagusia. «Enpresa transnazional askok Hegoaldeko lurraldeak okupatu, eta bertako baliabide naturalak eta bizimodua suntsitzen dituzte. Gainera, indarkeria erabiltzen dute biztanleak lekualdatzera behartzeko». Elkarteak kanporatzea eragiten duten arrazoietan erantzukizunak hartzera eta leku seguru bat eta nazioarteko babesa bermatzera deitu ditu Iparraldeko estatuak.

Gaian sakonduz, “Deserrotuak” txostena landu du Zehar Errefuxiatuekin taldeak. Raquel Celis, Anca Cretu, Alessandro Brentana eta Beatriz de Lucasek idatzi dute, kide gehiagoren laguntzarekin.

Ihes egiten dutenen alde

«Argi dago bizitzari gerra deklaratu dion sistema baten barruan, pertsonak eta komunitateak desplazatzen direla. Ihes egiten duten pertsonen alde gaude, baina, era berean, ezin dugu esan errealitate hori ezagutzen dugunik», aitortu dute sarreran. «Nola ulertu euren esperientziak horiek ebatsi gabe? Txosten hau ez da konponbidea. Halere, haien errealitatea da idaztera bultzatzen gaituena».

Urtero, batez beste, 20 milioi pertsona lekualdatzen dira muturreko gertakarien ondorioz, ekaitzak eta uholdeak direla eta, batez ere. «Behartutako desplazamenduak dira, baina ondasunak eta lurraldeak kentzeko eta metatzeko estrategia bat ere bai».

Eredua erakusteko lau kasu ikertu dituzte.

Kolonbiako Antioquiako komunitate indigenako kide bat. NRC

Kolonbia

Hidroituango Kolonbiako enpresa hidroelektrikorik handiena da. Empresas Publicas de Medellin (EPM) enpresa transnazionalak kudeatzen du. Antioquiako Gobernua bertako bazkide da, eta nazioarteko finantzatzaileen artean dago BBVA. Martxan jarri zenetik, eskala handiko energia industriak tokiko meatzaritza eta nekazaritza ordezkatu ditu.

Nubia Ciro soziologoaren arabera, espoliazio eredu jakin bat erabiltzen da jendea kanporatzeko eta proiektu estraktibistak ezartzeko. Bera ere jaioterritik bidali, eta presaren aurka egiteagatik jazarri dute. Egin dituen ikerketek diotenez, Ituangok, hildako, desagertu eta lekualdatzeen artean, 10.000 pertsona galdu zituen 1996an lehen sarraskia gertatu zenetik 2015era arte.

2018ko «gertakizuna»

Hidroituango presa Caucako arroilan dago, Ituangoren eta Puerto Valdiviaren artean, Antioquia Departamentuaren iparraldean. 79 kilometroko luzerako urtegia du, eta guztira 4.550 hektarea betetzen ditu urez. Ibaiaren ibilgu naturala artifizialki erabili eta oztopatzeak 26.000 hektarea baino gehiagotan eragiten du.

Eskala handiko proiektua 1990eko hamarkadan hasi zen, Alvaro Uribe, 2002 eta 2010 artean Kolonbiako presidente izan zena, Antioquiako gobernadore zenean. Uribe funtsezko eragilea izan da Hidroituangoren garapenean.

Behin baino gehiagotan akats tekniko arriskutsuak gertatu dira presan. 2018ko “gertakizuna” esaten zaiona izan da larriena: hustubideetako batean zegoen tapoiak urtegia kontrolik gabe haztea eragin zuen eta, ondorioz, ur emaria horma baino handiagoa izateko arriskua sortu zen, horma hori oraindik amaitu gabe baitzegoen. Valdivia, Caceres eta Taraza udalerrietatik 15.000 pertsona atera behar izan zituzten. 2.455 familiak urtebete inguru behar izan zuten etxera itzultzeko, eta 74 azpiegitura suntsitu ziren.

Elkarrizketatutako erakunde guztiak bat datoz: indarkeriaz baliatzea eta gizarte sarea haustea estrategia gisa erabiltzen dira herritarrak desjabetzeko, kontrolatzeko eta erauzketa proiektuak bultzatzeko. Ondorioz, pobrezia eta behartutako lekualdatzeak areagotzen dira. Gaur egun, lurraldearen erdia erauzketa enpresen esku dago. Hidroituango ezartzeak eragindako eskubide urraketen artean, lurraldea eta giza eskubideak defendatzen dituzten emakumeen aurkako indarkeria nabarmentzen da.

Kongoko emakumeak minerala garbitzen. LIVINGSTONE / AFP

Kongo

Kongoko Errepublika Demokratikoa (KED) munduko lurralde aberatsenetakoa da baliabide naturaletan. Kobalto, koltan, kobre, urre, diamante eta uranio ustiategiez gain, Kongo ibaia dauka: munduko bigarren ibairik emaritsuena da eta herria zeharkatzen du nekazaritzarako baliabide ezin hobea eskainiz. Azken hamarkadetan, mineralen merkataritzak ezegonkortasuna, ingurumenaren galera, giza eskubideen urraketak eta behartutako desplazamenduak ekarri ditu.

Erregai ez-fosilak erabiltzen dituzten teknologiak hazten ari dira, eta “trantsizio mineralak” deiturikoak behar dituzte turbina eolikoek, auto elektrikoen bateriek eta bertze gailuek: kobrea, nikela, manganesoa, litioa eta kobaltoa.

KEDk rol garrantzitsua dauka hor, munduko kobalto iturri handiena baitu. Mineral hori, kobrearekin batera, herrialdearen hego-ekialdean erauzten dute, Lualaba eta Haut Katanga eskualdeetan. KEDtik esportatzen den kobaltoaren %20 artisau meatzeetan ustiatzen dute. Eskualde horretan, 110.000 eta 150.000 meatzari artisau artean daude, eta ustiapen industrial handiekin batera lan egiten dute.

Zazpi urteko haurrak

“Creuseurs” izenez dira ezagunak. Lur azpiko tuneletako harkaitzak eskuz ateratzen dituzte, tresna xumeekin, baldintza ezin kaskarragoetan, segurtasun neurri gutxirekin (izatekotan), eta ingurune arriskutsuetan. Soldata oso baxuen truke egiten dute lan, eta ez dute ez ur edangarririk, ez osasun zerbitzurik. Meatzari artisauen artean, zazpi urte eskaseko haurrak ere badaude.

Koltan-meatzeen gaineko kontrola izateko borroka KEDko ekialdeko gatazkarako gakoa da. Lau milioi hildakotik gora eragin ditu gatazka horrek azken hamarkadan.

KEDn erauzitako mineralen %90 meatzaritza artisautik dator. Diru iturri nagusia da askorentzat, 1990eko hamarkadan estatuko meatzaritza enpresa nagusiak porrot egin zuenetik. Herritarren meatzaritzarekiko menpekotasuna areagotu egin zen Kongoko Bigarren Gerraren ostean (1998-2003), Lauren Kabila presidenteak beren kabuz aritzera gonbidatu zituenean.

255.000 kongoar aritzen dira kobaltoa erauzten. Gutxienez 40.000 adin txikikoak dira. Kobaltoaren erauzketak, fundizioak eta beste jarduera industrial batzuek ingurumena, meatzeetako langileak eta inguruko eremuetan bizi diren pertsonak kutsatzen dituzte. Osasunean dituzten eraginak larriak dira, bereziki haurdun dauden emakumeengan eta haurrengan.

Kongoko erakunde aunitzek, ordea, espazioak topatu dituzte isildutako jendarteari ahotsa itzuli eta horien alde ekiteko. Horietako bat da Ekialdeko Kongoko Hedabideetako Emakumeen Elkartea.

Yemengo haur bat ura garraiatzen, Taez hirian. Ahmad AL-BASHA

Yemen

Yemengo ekosistema egoera larrian dago, aldaketa klimatikoak basamortu bilakatu du. Faktore ugari daude elkarri eragiten diotenak, eta baliabide naturalak agortzea eta ingurumena suntsitzea dakarte horiek guztiek. Horri herrialdean bizi duten gerra latza gehitu behar zaio. XXI. mendeko krisi humanitario larrienetako bat bizi dute.

Testuinguru horretan, hainbat eragileren ardura azpimarratu du Zehar Errefuxiatuekin elkarteak; tartean, ekintza militarren atzean dauden enpresena: ingurumena kaltetzea gerra arma gisa erabiltzen ari baitira, herritarrak hiri eta kanpamentuetara desplazatzeko. Ezinezkoa da eremu horietan ura, janaria, sendagaiak eta energia eskuratzea.

Yemengo klima erdi lehorretik hiperlehorrera aldatzen da urtero. Urtaro euritsua dute udaberrian eta udan, baita tenperatura altu iraunkorrak ere. Yemengo hidrologiaren muturreko izaera dela-eta, lehorte arriskua handia da, eta ur edangarria ez dago beti eskuragarri. Ura lortzeko aukerak eta saneamendu sistemak urriak dira, baita 2015ean gerra lehertu baino lehen ere.

Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen (FAO) datuen arabera, Yemenen ur berriztagarria izateko batez besteko aukera, lur gainekoak zein azpikoak sartuta, munduko baxuenetakoa da. Herrialdeak ur eskasia kronikoa du. Hidrologiaren eta azpiegitura hidriko modernoaren garapen mugatuaren ondorioz, populazioa, neurri handi batean, ur sistema formal eta informalen mende dago: tokiko putzuak, ur hornitzaile pribatuak, hiriko lurpeko uraren erauzketa, euri uraren bilketa eta erabilera, urtaroko ureztatzea eta eskala txikiko gatzgabetzeko tokiko sistemak.

Ehun erasotik gora

2015ean gatazka lehertu zenetik, ehun eraso baino gehiago jasan dituzte uraren azpiegiturek. Gehienak Saudi Arabiak eta Arabiar Emirerri Batuek osatzen duten batasun militarrak egin ditu huthien kontrolpeko eskualdean. Ondorioz, aunitzez lagun gehiago dago edateko ura eta saneamendua jasotzeko aukerarik gabe. Koleraren gisako eritasunak ere hedatu egin dira. 2019. urtearen erdialderako, kolerak 3.000 lagun hil zituen, gehienak adin txikikoak, eta 1,5 milioi lagun gaixotu ziren.

Testuinguru gogor honetan, Yemengo emakumeek tokiko gatazken bitartekaritzan eta ur eta osasun baliabideak eskuratzeko negoziazioan egindako lanaren adibide pila bat dago. Aunitz hobetu dituzte bizi baldintzak. Emakume ekintzaileek gidatutako lehendabiziko erakundeetako bat da “Food4Humanity”.

Senegalgo Dakartuna elkartearen atunontziak, geldirik. CEPESCA

Senegal

Mendebaldeko Afrikako urak munduko arrantzategi aberatsenetako bat dira, baina bertako ondasun naturalak azkar ari dira agortzen. Historikoki, Afrikako komunitate aunitzen arrantza jarduera bizi ziren lurraldera mugatu da, bizi baldintza jasangarriekin. Hori guztiz aldatu da, ordea, haien uretan nazioarteko eragile berriak agertu zirenetik.

Senegalgo kostaldeak 700 kilometro baino gehiago ditu, eta, bertatik igarotzen den ur hotzaren korrontearen ondorioz, aberatsa da arrantza ondasunetan. Oparotasun horri esker, 825.000 lagun bizi dira sektoretik, bai arrantzale gisa, bai zeharkako lanetan. Eskala txikiko flotak dira nagusi.

Atzerriko ontziengandik gero eta presio handiagoa dute, ordea. Europar Batasuneko arrain eskariak eskualde mailan dauden ondasunak gainditzen dituenez, akordioak sustatzen ditu, bertako ontzidia kanpoko uretara sar dadin. Legez kanpoko arrantza ere egiten dute Europako ontziek.

“Deserrotuak” txostenean salatzen denez, artisau arrantzan oinarritutako komunitateak beren bizimoduari eus- teko borrokan ari diren bitartean, Europak suntsipen ekologikoa eta itsas ondasunen banaketa bidegabea bultzatzen ditu. Lakua da arrantza industrializatuaren sustatzaile nagusietako bat: EAEko enpresek mundu mailako atunontzi izoztaileen %10 inguru menderatzen dute, eta munduko bost atun espezie komertzialenen harrapaketen %66 baino gehiago egiten dituzte.

Egoera zentzugabeak

Senegaldar jatorriko pertsona migratuek europar ontzietan lan egiteak egoera zentzugabeak sortzen ditu; pertsona horiek utzi behar izan duten jaioterrira lanera itzuli behar izaten baitute. Senegaldar ugarik EBrekin egindako arrantza akordioekin lotzen dute bere bizimodua suntsitu izana. Horrek, era berean, Europarako bidaia arriskutsuetara bultzatzen ditu dozenaka gazte.

Horren aitzinean, badira arrantzale talde batzuk, zeinak arrantza eremuak babesteko antolatu diren, atzerriko inbertsioaren eta gehiegizko arrantzaren aurka eta garapen alternatibo eta iraunkorraren alde. Jendarteko eragileak eta langileak ere batu dira, arrantza jarduera tradizionalekin jarraitzeko aukera gutxi dituzten familiei laguntzeko.

Serigne Mbayek, ekintzaile senegaldarra: «Migrazio klandestinoa geldiaraztea aitzakia baino ez da»

Serigne Mbayek (Kayar, Senegal, 1975) migrazio bidea partekatu du noizbait arrantzaleak izan ziren eta gaur galtzerdi eta aterkiak saltzen dituzten herrikideekin, euria faltan sumatzen den hiri bateko kaleetan. Bere jaioterriko arrantza tradizioaren eta bere barnealdeko aitaren nekazaritza tradizioaren artean hazi zen, arrantzaren eta jukaren oparotasunaren garaian. Itsasoa eta lurra antzutu zituztenean, gauza bera lortzeko gero eta urrunago nabigatu behar izan zuen. Madrilgo Sin Papeles elkarteko kidea izan da, Kale Saltzaileen Sindikatuaren aurpegia, eta Mame Mbayeren heriotzaren aurkako protesten burua. Errefuxiatu klimatikotzat du bere burua. Tenerifera iritsi zen patera batean, eta arrazakeria instituzional eta poliziala jasan ditu. Arrantza top mantagatik, eraikuntzagatik, zaintza lanengatik... aldatu behar izan zuen. Administratzaile aritu izan da, eta nekazaritza kooperatiba bat eta jatetxe begano bat sortu ditu.

Migrazioaren kontrolaren eta merkataritza akordioen arteko loturak salatu dituzu.

2006az geroztik, txalupen krisiarekin, Espainiako Guardia Zibila Senegalen dago, nahi duen tokian: airean, lurrean zein itsasoan, migrazio klandestinoa “gelditzen” eta bertako militarrak eta poliziak trebatzen laguntzeko aitzakiarekin. Helburua, ordea, akordioak sinatu eta ezar ditzaketen enpresa multinazionalei sarrera erraztea da. Polizia, Guardia Zibila, armada frantsesa... nire herrialdean daude baliabide horiek babesteko. Senegalgo agintariak konplize dira.

2019an, zure jaioterrian, Kayarren, arrain irina eta olioa ekoizten espezializatutako Barna Senegal euskal enpresa ezarri zen. Tokiko komunitateak protestan ari dira. Zein eragin ditu?

Diru askorekin iritsi eta jendearen pobreziaz eta zaurgarritasunaz baliatzen da. Legez etxebizitzarako ziren lurretan ezarri da. Lizentzia hori ustelkeriaren bitartez lortu zuten. Hori bera da lehen arazoa. Arrain irina eta olioa egiten dute Iparraldeko herrialdeetako animalientzat, tokiko biztanleak arrainik gabe geratzen diren bitartean. Industria oso kutsagarria da. Ezin da aire garbirik arnastu. Pixkanaka jendea hiltzen ari da. Jendea nazkatuta dago.

Hau irakurtzen ari direnek Barnako egoitzatik pasatzen direnean esan dezatela Kayar herriak torturak jasaten dituela. Jendea horren aurka altxatzen ari da, lantegi horrek ospa egitea nahi dute. Badira dirua jasotzen dutelako babesten dutenak. Zarata dagoenez, izena aldatzen saiatzen dira, euren burua Touba Proteine Marine deitzen.

Gainera, lantegi horiei ez zaie axola arraina freskoa, ona, txarra edo txikia den. Ahal den kopuru handiena lortu nahi dute: hartzen duten guztia gordetzen dute.

Arraina prozesatzen duten emakumeak funtsezkoak dira Senegalgo arrantza ekonomian. Nola eragiten die?

Nire ama zen arrainaren eraldaketan aritzen diren herriko emakumeen taldeko lehendakaria. Jasotzen duten arrain kopurua nabarmen gutxitu da. Eta fabrika horien etorrera izan da edalontzia bete duen tanta; ezinezkoa da haiekin lehiatzea, eta horrek ehuna suntsitu du. Emakumeek jasan dute eragin handiena. Gizonak joan egiten dira, eta emakumeak erantzukizun eta lan izugarriarekin geratzen dira.

2021ean, Senegaldik etorritako pertsonen asilo eskaerak lehen hamar nazionalitateen artean zeuden. Hori aurretik ez zen inoiz gertatu. Nola interpretatzen duzu?

Jendea etortzera bultzatzen duen zenbait arazoz jabetzen ari da, hori positiboa da. Aldi berean, jauzi masiboaren narratiba ikusten ari gara; iristen diren paterak, inbasioa, alarmaren narratiba hori. Baliabideetan jarri behar dugu arreta: hemen ditugun baliabideak nondik datozen jakin behar dugu. Ez badugu ongi egiten, jendea kanporatzen dugu. Beste mezuak mundu osoari eragiten dion zerbaitekin du zerikusia: klima aldaketarekin. Hegoaldeko herrialdeak aspaldi hasi dira eraginak jasaten.