Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria
3 BEGIRADA:

Euskadi oso fuerte

EAJko politikari eta militanteak hauteskunde gaueko ospakizunetan.
EAJko politikari eta militanteak hauteskunde gaueko ospakizunetan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

«Hemen ezkutuko zerbait dago», argitaratu zuen hauteskunde emaitzen ostean, Dani Parejo futbolariak. Badirudi arraroa egiten zitzaiola, komunikabide kontserbadoreek Espainian eskuinaren abantaila handia izango zela argitaratu ostean, bozketen emaitzetan hori ez islatzea. «Ez dut ezer ere ulertzen», gehitu zuen, Espainiako bandera monarkikoarekin batera.

Telebistan, prentsaren zati handi batean eta, batez ere, sare sozialetan muturreko eskuinaren mezua hain hedatuta ikusita, harrituta eta haserre ere ageri dira asko. Frogatutzat ematen zuten Espainiako Gobernuaren inguruko diskurtso apokaliptikoa (etxe partikularren okupazio masiboa, aberastasun ekonomikoa sortzeko ezintasuna, hiltzaileentzat amnistia...), konturatu gabe kanpaina osoa erdi-gezurretan zein gezur osoetan oinarritu dutela.

Bide batez, jeltzaleak ez zaizkie oso atzetik ibili. Udal hauteskundeen osteko kasketaldiak iraun egin die, eta EH Bildu bihurtu dute haien haserrearen jomuga. Lehenengo, faxistak deitu omen zien bideo bati erreferentzia okerra eginez, eta azken unean, popularrekin egindako akordio imajinarioa salatuz. Ikustekoak ziren Gasteizen gainerako zinegotzien aurpegiak; nahiz eta medioetan EAJk berak salatu zuen, beste zinegotzi guztiekin batera, udaleko lana antolatzeko hartutako ohiko erabaki adostua.

Kanpainak aurrera egin ahala, larrituta, ekitaldiak ikurrinez bete zituzten, eta Euzko Gudariak ere abestu zuten bukaeran. Nolabait pentsatuz, “Euskadi!” oso fuerte oihukatuta, haien boto odolustea geldiaraziko zutela. Euskadi monotono, estereotipatu eta gastronomiko baten aldarriak funtzionatu die azken hamarkadan, baina behin haien kudeaketa eredugarria ez beste guztia dela azaleratzen joan den heinean, puntxa galdu dute.

EH Bilduren inguruan, nabaria da gero eta jende anitzagoaren konfiantza erakartzeko duen ahalmena. Oso profil zabala biltzen du, oinarrizko minimo batzuen inguruan: hala nola eskubide zibil eta politikoak hedatzea, eskuina geldiaraztea eta elite ekonomikoaren nahiei aurre egitea. Hamarkadetan zehar Euskal Herriak eduki duen barne pultsu ezkertiarra, urte luzez EAJk bere burua “ez eskuineko” bezala aurkeztea ere eragin duena, EH Bilduren inguruan elkartzen ari da orain. Harrituta ageri zen Espainiako iritzi publikoa, adardun deabruak beharrean, eztabaida publikoetan jende zentzuduna aurkitu dutenean eta hitz egiten utzi dietenean.

Agian gure belaunaldia ere zahartzen ari dela adieraziz, lagun eta ezagunen artean komentatu dugun beste auzia gazteena izan da. Orokortuz, zer nolako gaitzustea adierazten duten politika gogora dezakeen edozeren aurrean eta, posizionatuz gero, zein lasai errepikatzen dituzten muturreko eskuinaren mezuak. EH Bilduren aldeko botoa ematen duten auzoetako seme-alabek ere oso arrotz ikusten dituzte independentismoaren proiektua, euskararen eguneroko erabilera normalizatua eta Euskal Herria Pirinioen bi aldeetan bizi delako ideia. Muturreko eskuinaren mezuak hain normalizatuta egonda, arraroa egiten zaie hainbeste jendek ez aldarrikatzea haien burua, Raxoik esango lukeen moduan, “espainiar eta oso espainiar”. Eta hor badago lana egiteko. •