Miren AZKARATE BADIOLA

Gizakiak gizatasuna galdu du

Higuina, tristura eta haserrea eragiten dizkidate, azkenaldian, migratzaileen aurkako erasoek eta irakurtzen ditudan albisteek. Ez dakit zehazki zein ordenatan, baina asko kezkatzen nauen zerbait da. Gehiago egongo dira, baina lerroburu hauek azken hamar egunetan irakurritakoak dira: 41 pertsona hil dira Lampedusako uretan, dozenaka familia egarriz hil dira Tunisiako desertuan, kartzela-itsasontzi bat eraiki dute Erresuma Batuan, Texasko Rio Grande ibaian zerra flotagarriak jarri dituzte.

Zein baino zein lazgarriagoa, kontuan izanik pertsona batzuen bizitzaz (askotan, galdua) ari garela hizketan eta beste pertsona batzuek eragindako sufrimenduaz, hain zuzen ere. Zer bihurtu da gizakia horrelakoak burutik pasatu eta ideia horiek burura eramateko? Eta zer bihurtu gara gainontzekoak egunero hau begien bistan ikusi eta ezer gertatuko ez balitz bezala gure bizitzekin aurrera jarraitzen badugu?

Badago telebistan serie bat hasieran hau dioena: «Gizakia da plazerez torturatu eta hiltzen duen animalia bakarra». Egia galanta!

Bizitza hobe baten bila doaz beste herrialdeetara, ez besterik. Eta zerekin topatzen dira? Haiek baino gehiago direla uste duten haien espezie bereko batzuekin, eta haiek akabatu nahi dituzte ez direlako leku eta baldintza berberetan jaio. Nor da zein erabakitzeko “bere” herrialdean nor sartzen den eta nola, eta ez bazaio gustatzen ez uzteko sartzen eta are larriagoa, hiltzen utzi edo hiltzen laguntzeko?

Zergatik onartzen dugu, adibidez, goi mailako kirolean atzerritar bat eta ez herrialde bereko iturgin bat? Zergatik irekitzen diogu atea Ukrainako gerratik ihesi datorrenari eta ez Nigeriako gerratik datorrenari?

Aspaldi galdu nuen sinesmena humanitatean, baina gizakiak bere gizatasuna galdu duela ohartu naiz. •