INFRAGANTI

Patxi Monge eta Gregorio Manzisidor

Master mailan hiruna domina irabazita itzuli ziren Patxi Monge eta Gregorio Manzisidor tolosarrak ekainaren amaieran Kairon jokatu zen hegats igeriketako Munduko Txapelketatik. Uzta bikaina da, baina emaitzei adinako garrantzia ematen diote lehiaketan izaten den giro apartari. Kirol ezezagun honetan murgildu gara beraien eskutik.

Patxi Monge (ezkerrean) eta Gregorio Manzisidor (eskuinean), lehiaketetan erabiltzen duten hegatsarekin.
Patxi Monge (ezkerrean) eta Gregorio Manzisidor (eskuinean), lehiaketetan erabiltzen duten hegatsarekin. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Patxi Monge eta Gregorio Manzisidor tolosarrek bizitza osoa daramate hegats igeriketan. Ekainaren amaieran master mailako (beteranoak) Munduko Txapelketan izan ziren Kairon, Egipton, eta emaitza bikainak lortuta itzuli ziren Euskal Herrira: Mongek urrezko hiru domina irabazi zituen M55 mailan (55 eta 60 urte arteko kirolariak) -kategoria horretako munduko errekorra ere egin zuen 50 metroko apnea proban- eta Manzisidorrek zilarrezko beste hiru domina, M50 mailan.

Baina emaitza konkretu horietatik harago, nabarmentzekoa da Mongek eta Manzisidorrek, beste batzuekin batera, urte luzez hegats igeriketa Euskal Herrian garatu eta ezagutarazteko egin duten lana. Estatu espainiarrean ere aitzindariak izan dira kirol honetan, eta egindako ibilbideaz jardun gara biekin.

Lehenik eta behin, hegats igeriketa zertan datzan azaldu beharra dago. Lehiaketa sistema igeriketa klasikoaren oso antzekoa da egiten diren distantzietan eta eremuetan -hasi 50 metroko probetatik eta 1.500 metrokoetara igerilekuan, eta luzeagoak ere bai ur irekietan-, baina aldatzen dena igeri egiteko modua da: besoak ez direlako mugitzen eta abiadura hegatsa gora eta behera mugituz lortzen delako.

Hegats igeriketaren barruan bi modalitate nagusi daude: ur gainekoa eta ur azpikoa -”eskafandra” esaten diote-. Ur gainekoa arnasa hartzeko hodiarekin egiten da eta ur azpikoa, oxigeno botila bat erabiliz. Botila hori handiagoa edo txikiagoa izaten da egin beharreko distantziaren arabera eta igerilariak eskuetan eramaten du. Apnea proba ere egiten da, baina 50 metroko distantzian bakarrik.

Erabiltzen den materiala oso garrantzitsua da, eta horregatik oso gertutik zaintzen dute lehiaketetan. «Hegatsak 76x76 zentimetroko karratu batean sartu behar du. Hor ez bada sartzen ez da onartzen. Txikiagoa erabili dezakezu, baina handiagoa ez. Txapelketa baino lehen ikuskapenak egiten dira eta dena neurtzen da: arnasa hartzeko tutuaren diametroa eta luzera, eta hegatsaren neurria. Dena ongi badago pegatina bat jartzen dizute, eta pegatina hori ez badaukazu ezin duzu lehiatu», aipatu du Mongek.

Urte luzez lanean

Publiko orokorrarentzat kirol nahiko ezezaguna den arren, Patxi Mongek eta Gregorio Manzisidorrek aspalditik lantzen dute. «Ni hasieratik nabil, eta Gregorio ere urte gutxira sartu zen», ekin dio azalpenari Mongek. «Nik Igarondo elkartean egiten nuen igeri, eta 1977. edo 1978. urte inguruan pertsona batzuk hegats handi batzuekin igeri egiten hasi ziren. Probatu nuenean, asko gustatu zitzaidan ematen zuen abiadura sentsazioa eta ‘honetan jarraitu behar dut’ pentsatu nuen. 1981ean elkartean hegats igeriketako sekzio bat sortu zen. 1996ra arte Igarondon sekzio bezala egon ginen, eta urte hartan talde bat aparte sortu genuen: Igarondo Urpekoak elkartea. Eta gaur arte. Atera kontuak: 45 urte dagoeneko hegats igeriketa lantzen».

Hasiera hartan hegats igeriketa erabat ezezaguna zen espainiar Estatuan eta Patxik sekulako lana egin zuen atzerritik teknika zein material berriak ekartzen. Bi hegats erabili ordez hegats handi bakarra erabiltzen aitzindaria izan zen, adibidez.

Patxi eta Gregorio, Kairoko igerilekuan, lehiakide batzuekin (IGARONDO URPEKOAK)

«Hegats handiekin hasi ginen, zuntzezkoekin, eta guk egiten genituen. Beira-zuntzezko plakak ekarri, moztu eta gure hegatsak egin. Baina txapelketetara kanpora joaten ginenean beste sofistikazio maila bat ikusten hasi ginen. 1983 edo 1984 inguruan errusiarrak, eta ekialdeko beste herrialde batzuk, hegats bakarrekoa erabiltzen ikusi genituen. Hasieran harrituta geratu ginen haiei begira, baina berehala konturatu ginen sekulako abiadura lortzen zutela. Txapelketak amaitzen zirenean materiala saldu egiten zuten, eta gu haiei material hori erosten hasi ginen. 1984-1985 urteetan gu izan ginen hemen inguruan hegats bakarrekoarekin lehiatzen hasi ziren aurrenekoak, baina noski, hasieran, teknika egokia hartu arte, kosta egiten da. Hasieran bi hegats zebilen jendea azkarrago ibiltzen zen eta esaten ziguten ‘ba, hegats bakarreko hori zertarako?’. Eta guk esaten genien: ‘itxaron apur bat eta ikusiko duzue’. Eta teknika hartu bezain pronto gu askoz azkarrago ibiltzen ginen, eta orduan komentarioa aldatu egin zen: ‘ba, bi hegats zertarako?’», gogoratu du Mongek.

Urteak igaro ahala hegats bakarrekoak garatzen joan dira eta gaur egun askoz modu pertsonalizatuagoan erosten dira. «Ukrainako enpresa bati erosten dizkiogu. Esaten diezu hanketako zer neurri daukazun, zer probatan aritzen zaren, zer marka egiten dituzun... eta horren arabera neurrira egiten dizute», azaldu du Gregorio Manzisidorrek. Aldaketa izugarria izan dela nabarmendu du.

Hala ere, Patxik urte haietan ikasitako guztia balioan ipini du. «Ni atzerrira ikastera joaten nintzen. Zer material erabiltzen zituzten ikusi, hona ekarri, probatu, hurrengoan beste zerbait ekarri, hura probatu... Denbora luzea eman genuen horrela eta prozesu horretan asko ikasten duzu. Harremanak egiten dituzu, ekoizleak ezagutu... Une horretan jendeak ez dio garrantzia handirik ematen, baina gero zuri etortzen zaizkizu galdetzera edo aholku eske».

«80 eta 90eko hamarkadetan Patxi Europako edo Munduko txapelketara joaten zen eta emaitza berdin zitzaion: bere helburu nagusia materiala ekartzea izaten zen. Lau edo bost hegats bakarreko, oxigeno botilak... hartuta itzultzen zen. Material hori ez da denda arruntetan aurkitzen, ezin duzu Decathlonera joan eta erosi. Tutuak guk egiten ditugu, adibidez», gaineratu du Manzisidorrek.

Elkarte txikia

Tolosako Igarondo Urpekoak elkarteak gaur egun 60 lizentzia inguru ditu, baina Mongek eta Manzisidorrek aipatu dutenez, kosta egiten da jende berria kirol honetara erakartzea. «40 urte hauetan arrakasta asko izan ditugu. Tolosan Espainiako txapeldun asko izan ditugu, Ordizian ere bai... baina hau kirol minoritarioa da eta urtero asko kostatzen zaigu jendea geureganatzea. Ez da erraza. Nik beti esaten dut gure kirola ikusgarria dela, baina igeriketa klasikoan urtero jende pila bat sartzen da eta gurean, oso gutxi. Hala ere, egon zen inflexio puntu bat, Tolosan kiroldegi zaharretik berrira igaro ginenean. Aldaketaren aurretik 25-30 lizentzia izaten genituen, eta orain 60 inguruan ibiltzen gara. Hor jauzi bat egon zen, baina oraindik beste bat falta zaigula uste dut. Ordizian, adibidez, beste modu batera landu dute, agian hobeto, baina gu saiatu gara haien bidea probatzen eta ez dugu emaitzarik lortu. Kontuan izan behar da Tolosan kirol aukera oso zabala dagoela ere, eta alde horretatik zailagoa dela», dio Mongek.

Kairoko igerilekuan ateratako beste argazki bat (IGARONDO URPEKOAK)

Logikoki, inguratzen zaien jende gehiena igeriketa klasikotik dator, baina azkar konturatzen dira desberdintasun handiak daudela eta askok ez dute jarraitzen. «Nik igeriketa klasikoa egin nuen 18-19 urtera arte, maila polit batean esango dugu, eta orduan probatu nuen hegats igeriketa. Eta hasi nintzenean pentsatzen nuen: ‘ba, nire sasoiarekin, erraz irabaziko diet hauei’. Eta ez. Teknika oso desberdina da eta horretara moldatzeko egin behar den lan fisikoa ere bai», jarri du Manzisidorrek bere burua adibide moduan.

«Jauziak egiten badakizu, bira ematen badakizu... baina birak ere badu bere desberdintasuna. Uretatik irtendakoan egin behar den aurreneko gauza haizea botatzea da, tututik ura ateratzeko. Pentsa: dena emanda zoaz, 50 edo 100 metroko proba batean, 180 pultsaziotara, eta hori gaizki egiten baduzu itogarria suertatu daiteke egoera. Hankak ere oso gogortuta eraman behar dira; zenbat eta gogorrago eraman, orduan eta eragingarriagoa delako indar transferentzia. Baditu bere gauzak. Gu urpeko federazioan gaude, adibidez; ez igeriketakoan», jarraitu du.

«Besoak ez dira erabiltzen, indar espezifikoa desberdina da... Zer abantaila dauka igeriketatik datorrenak? Akuatizidadea. Baina igeriketatik datorren jende askok ezin du tututik arnasa hartu, ito egiten da. Noski, guk esaten diegu lasai hartzeko, denbora apur bat behar dela horretara ohitzeko, baina jendeari kosta egiten zaio», berretsi du Mongek.

«Euskadi mailan Ordizia eta gu gaude. Ordizian jende dezente dabil; 100 lizentziatik gora dituzte, gaztetxo askorekin», zehaztu du Manzisidorrek gai horren harira. «San Juan eta Tafalla nafarrak ere talde indartsuak dira. Euskal Ligan, adibidez, San Juan, Tafalla, Ordizia eta gu aritzen gara. Hilabetean behin txapelketa bat antolatzen saiatzen gara, lekuak txandakatuta», gehitu du. Estatu mailan talde indartsuenak Katalunian eta Valentzian daudela azaldu dute.

Entrenatzeko baldintzak ere ez dira beti erosoenak, nahiz eta elkartea gogotik saiatu igerilari gazteei ahalik eta erraztasun handienak eskaintzen. Azken hilabeteetan, adibidez, entrenatzera Ordiziara joan behar izan dute, Tolosako Usabal kiroldegia itxita egon delako bertako langileen grebaren ondorioz. Baina Tolosan ere lekua ez dute sobera izaten. «Igerilekuan leku mugatua daukagu. Igeriketa klasikoaren eta gure artean lehia dago lekua lortze horretan. Guk 19.00etatik 21.00etara kale bat daukagu haurrentzat, eta 21.00etatik aurrera guk entrenatzen dugu, leku gehiago egoten delako», dio Mongek.

«Entrenatzaile bat daukagu kontratatuta gaztetxoentzat, bi ordu egunero, baina askotan aldatu behar izaten dugu. Entrenatzaile gazteak izaten dira eta beste lanen bat aurkitzen dutenean utzi egiten dute. Eta gero zuzendaritzan bost edo sei pertsona ibiltzen gara denetik egiten», jarraitu du Manzisidorrek elkartearen funtzionamenduaren inguruan.

Manzisidor eta Monge, Tolosako Gure Kaiola elkartean egindako hitzorduan azalpenak ematen. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Eta lagun mina duten Jon Espinaren lana ere nabarmendu nahi izan dute. «Entrenatzaile nagusia dela esan daiteke. Espainiako selekzioan ibilitakoa da, eta apur bat zuzendari teknikoaren lanak egiten ditu: entrenamenduak planifikatu eta abar. Boluntario lana erabat», azaldu du Mongek.

Laguntza apur bat gehiago eskertuko lukete, beraz. «Laguntza aldetik Udalak ematen diguna daukagu, federaziotik zerbait ematen digute, baina nik, adibidez, indibidualki 40 urtean ez dut laguntzarik izan nahiz eta Espainiako txapelketetan urrezko domina asko irabazi ditudan», dio Patxik. «Aurten Torreviejan izan da Espainiako Txapelketa, eta federazioak emandakoarekin autobusa eta gutxi gehiago ordaindu dugu. Gainera, Ordiziakoekin batera joanda, aterpetxeetan lo eginda... Dirua ongi zukutzera ohituta gaude, ez gara bost izarreko hoteletara joaten», gehitu du Gregoriok gaia umorearekin hartuta.

Irati Lakuntza, punta-puntan

Egindako lan isil horrek guztiak, ordea, izaten ditu bere saritxoak, eta horietako bat da gaur egun Irati Lakuntza tolosarra munduko igerilari onenekin lehian ikustea. Iratik zilarrezko domina irabazi zuen 2022an Calin (Kolonbia) egindako Munduko Txapelketan, ur azpiko 400 metroko proban. Eta aurten Hungarian jokatu den Europako Txapelketan ere zilarra golkoratu du proba berean.

«Iratik agerian utzi du nolabait gure filosofia egokia dela. Kirol honetatik ezin da bizi, ez da profesionala eta lan bat egin beharra daukazu, ikasi edo dena delakoa. Baina Iratik erabaki zuen denbora tarte batez honetan buru-belarri aritzea, ikusteko noraino hel zitekeen, eta guk ahal dugun laguntza guztia eskaini diogu bide horretan baldintza egokienak izateko. Eta erakutsi du nahi duenak, talentua izanez gero, elkarte honetan elitera iristeko aukera duela. Luzaroan egindako inurri lanaren emaitza da», aipatu du Gregorio Manzisidorrek.

«Hau kirol minoritarioa da, baina munduko txapeldun izatera heldu nahi baduzu, egunero sei-zazpi orduz entrenatu behar duzu. Eta hori eginda ere inork ez dizu ziurtatuko emaitza onak lortzea. Iratik apustu bat egin zuen. Ikasketak amaitu ondoren oposizio batzuk prestatzen ari da eta epe hori hartzea erabaki zuen noraino hel zitekeen ikusteko. Hau ez da urte batetik bestera lortzen. Eta berak egindakoa ez du Espainian beste inork lortu», gehitu du Patxi Mongek.

Meritu handiena, noski, Iratirena da, baina elkarteko beteranoak harro daude urte luzez egindako lanaren fruitua ikusita. «Ez da gure buruari loreak botatzeagatik, baina uste dut, Espainia mailan talde txikia izan arren, Jon, ‘Grego’ eta hiruron artean, Estatu osoan kirol honen ezagutza handiena guk daukagula, bai material aldetik, bai teknika aldetik», aldarrikatu du Mongek.

Entrenatzeko motibazioa

Zorionez, urtez urte elkartean egindako lanak haien kirol jardunarekin jarraitzeko aukera eman die Patxi eta Gregoriori. Ez diote inoiz lehiatzeari utzi eta master mailako munduko txapelketak motibazio berria izan dira beraientzat entrenatzen jarraitzeko.

«2015. urtea izango zen. Patxi etorri zitzaidan esanez interneten ikusi zuela beteranoen Munduko Kopa bat zegoela Italian eta ia zergatik ez ginen joango. Eta orduan joan ginen lehen aldiz, Ravena hirira. Esan behar da Italian hegats bakarraren kultura handiagoa dagoela eta lehiaketetan ere aukera gehiago zituzten; beteranoen mailak, esaterako. Gainera, oso giro polita sortzen da. Lehiaketa giroa da, baina ez hori bakarrik. Japoniar talde bat etorri zen, 30 bat pertsonakoa edo, italiarrak noski, errusiarren bat... Gustatu egin zitzaigun giroa eta jarraitu egin dugu», oroitu du Manzisidorrek.

Gregorio Manzisidor, uretaratzeko prest, Kairoko igerilekuan. (IGARONDO URPEKOAK)

«Master maila 35 urtetik gora hasten da, baina Euskal Herri edo Espainia mailan ez zen baloratu ere egiten. Nik 40 urterekin senior mailan hartzen nuen parte eta Espainiako selekziora ere joan nintzen absolutu mailan; gainerakoak bezalako beste bat nintzen. Esan dezagun nik oraindik ez nuela nire burua beteranoen mailan ikusten (barreak). Baina iritsi zen une bat, non nekea pilatzen hasi zen, mentalki ere bai, egunero joan behar zenuen... Eta egun batean ikusi nuen World Cup txapelketa bat zegoela master mailan. Gutxieneko batzuk behar ziren, horiek bagenituen maila ona geneukalako, eta hortxe sartu ginen», gehitu du Mongek.

«Gero munduko txapelketa ofizialak hasi ziren, eta aurtengoa hirugarrena izan da. Nazioarteko Federazioak egin zuena izan zen lehenik, Munduko Kopa hori antolatu zen ikusteko master mailak zer erantzun zuen, eta erantzun polita izan zuen. Estatutik hasieran oso jende gutxi joaten ginen: gu biok, katalanen bat... Baina Frantzian master kultura oso sartuta dago eta jende asko mugitzen du; Italian ere bai, Alemanian, Japonian, Kolonbian... Aurten Egipton jende pila bat ikusi dugu: India, Indonesia, Dubai... 42 herrialde, guztira, eta erdiak Asiatik etorritakoak. Eta guk uste genuen Europan bakarrak ginela!», jarraitu du Mongek orduko esperientziaz.

Tolosarraren hitzetan, gakoetako bat kirola inoiz utzi ez izana da. «Emaitza onek motibazioa ematen dizute jarraitzeko. Aurten Espainiako Txapelketan izan naiz senior mailan. Final batean sartzen zarenean, harrituta geratzen dira gazteak. Kontua da guk ez dugula inoiz utzi kirol hau eta emaitza onak lortzeko hori oso garrantzitsua da. Master mailan jende askok esaten dizu 30 urterekin utzi zuela kirola eta 45ekin berriz animatu dela. Eta horrela asko kostatzen da forma hartzea».

Baina, noski, emaitza onak lortzeko gogor entrenatu behar da: «Ni lehen egunero joaten nintzen entrenatzera, baina orain asteazkenetan atseden apur bat behar izaten dut. Astelehen eta asteartean topera eta asteazkenean, atsedena. Kiroldegira joaten garen bakoitzean hiru orduz aritzen gara. Ez hiru ordu uretan, baina, bai, gimnasia asko, luzaketa asko, malgutasuna landu, pisuak egin... Hegatsa mugitzeko indarra behar da. Adinarekin muskulua galtzen duzu eta landu egin behar da».

«Guk askotan esan dugu utzi behar dugula. Baina beti elkartean bueltaka ibiltzen garenez, apur bat entrenatzen hasten zara eta berriz ere lehen bezala jarraitzen duzu. Eta master txapelketa hauek motibazioa dira aurrera jarraitzeko. Ongi pasatzen dugun artean ez dugu utziko», aurreratu digu Gregoriok, jada hurrengo erronka jarriz: 2024ko Munduko Txapelketa Belgraden.