Garazi GOIA
Idazlea
3 BEGIRADA:

Txotxongiloak

Rubiales eta Vilda bezalako pertsonaiek tontotzat gauzkate.
Rubiales eta Vilda bezalako pertsonaiek tontotzat gauzkate. (Eidan RUBIO)

Futbolzale izan naiz beti eta futbolean jokatzen ere urteak eman nituen. Hogeita bost urte pasatu dira ordutik eta emakumezkoen futbolean egin diren aurrerapausoak optimismoz begiratzen nituen. Ingalaterran emakumezkoen futbolari eman zaion bultzada izugarria izan da, eskolarteko lehiaketetan, futbol taldeetan baita kulturalki ere. Ameriketako;Estatu Batuetako futbol ligan Abby Wambachek soldata berdintasunaren alde bultzatu zuen mugimendua gertutik jarraitzeko zortea izan dut. Oraindik urruti gaude berdintasunetik eta lan handia dago aurretik, baina bat-batean Rubiales bezalako hala-nolako pertsonaiak azaltzen dira dena kakaztera. Optimismo izpi horiek bertan behera uzten dizkigute, eta kaskarkeria eta ustel usaina ateratzen dira leku guztietatik.

Vildak txalo egin zion Rubialesi, dimitituko ez zuela iragarri zuen areto hartan. Baina, agidanez, txaloak agerraldiko zati bati zuzenduta zeuden, edo horrelako aitzakia ergelen bat entzun diot gaur. Gela osoa txaloka ikustean berak ere txalo egin zuen; bestela, nola izango zen bera txalo egiten ez zuen bakarra? Zer koldarkeria da hori? Ez dakit nor ziren gela hartan zeudenak, baina gehiengo handi batek hitzaldi lotsagarri hura onetsi zuen.

Bide batez, nork idatzi zuen Rubialesen hitzaldI iraingarri hura? Rubialesek inoiz ezabatu ezingo duen kapitulu hori analizatuta, errore zerrenda hain da luzea: auto-errekonozimendu eskasa, erreferentzia falta, nartzisismoa, ezjakintasuna, errespetu falta. Arrasto gorria zeharkatu zuen, behin eta berriz. Euskaraz “hala-nolakoa” edo “kaskarra” esango genuke. Gaztelaniaz edo ingelesez indar handiago du “mediocre” hitzak. Begira nolako jendaila dagoen patriarkatu “mediocre” horretan.

Kapitulu horren ikusle guztiok zeresanik gabe utziko gintuztela uste zuten. Rubiales eta Vilda bezalako pertsonaiek tontotzat gauzkate. Uste dute barkamen saiakera baldar horiek sinetsiko ditugula. Beraien patriarkatuan normalizatuta dago-eta hori. Haien jarrera autoritario, misoginia eta ustelkeria guztiak bezala.

Arazoa handia da. Baina pentsatu une batez, zer gertatuko zen, Rubialesek Jennifer Hermoso futbolariari musu eman izan ez balio. Rubiales Espainiako heroi berria izango zen. Matxismoa hezurretaraino sartuta daukan sistemak berdin jarraituko zuen. Espainiako Futbol Federazioak Vilda eta Rubiales goraipatuko zituen. Espainiako heroi berriak izango ziren. Horrek ematen du beldurrik handiena. Nola hartuko du funtsezko arazoak konpontzeko erantzukizuna? Kuriositatez begiratu nuen Espainiako Futbol Federazioko zuzendaritza batzordea nork osatzen zuten. 42 izen azaltzen ziren zerrendan. Zazpi, emakumezkoak. Hor daukazue beste datu bat. Zenbat lan dagoen egiteke. •