Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / Redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria
{ DATORRENA }

Iraungitze-datarik gabeko formula: hitza eta erabakia

Urtemugaz eta hitzordu bereziz beteriko asteak ditugunean zaila bilakatzen da hautuak egitea. Are nekezago bilakatzen da, hala eta guztiz ere, erromantizismoan erori gabe, iraganeko pasarte esanguratsu horiek utzitako irakaspenen uzta biltzea.

Irailaren 11tik hasita, Salvador Allenderen betaurreko hautsiek justizia soziala eta herrien askapena sustatzeko prozesuak zein hauskorrak diren erakutsi digute. 50 urte geroago, ordea, zumardiak berriro ere libre zeharkatzeko tipi-tapa ari dira txiletarrak. 1973ko estatu kolpea bultzatu zuten interesen defendatzaile gorenak inoiz espero ez zuen erasoa jasan zuen egun berean 2001. urtean. Ameriketan bezala munduko beste bazter askotan ere askatasun haizeak seko oztopatzeko, aldi oro, gerra esportatu duten AEBek etxean jaso zuten balizko bake egoera batean inoiz harturiko kolperik latzena. Milaka eta milaka herritar hil, torturatu, kartzelatu eta, kasu batzuetan, desagerrarazi zituzten erregimenen babesleak Peter Ustinov dramaturgoak «pobreen gerra» bezala definitu zuen terrorismoaren atzaparkada pairatu zuen. Su eta hauts artean desagerturiko herritar soilez osaturiko argazki bilduma ezarri zuten haien senideek New Yorkeko Dorre Bikiak ziren inguruetan. Hala, Txilen, Argentinan eta hainbeste herri martiritan islatu zen oinazearen irudiarekin, distantziatik bada ere, mosaikoa partekatu zuten.

Haien herrialdean bizi diren eta munduan barreiaturik dauden txiletarrek ere mende erdi bat atzera begiratzeko ariketa konplexuari ekin diote. Orduan herrialdea birrindu zuen gaitza berriz ere ez suspertzeko osagarririk eraginkorrena den memoria landuz. Kartzela eta erbesteratzea izan dira status quo injustua aldatzeko atrebentzia agertu dutenek ordaindutako prezioa. Oso urruti ez dugu joan behar, burdinazko barroteek gure paisaian duten presentziaz jabetzeko.

Izan ere, Meliton Manzanas torturatzailearen eta nazien kolaboratzailearen figura desitxuratuz ber-biktimazioa betikotzen duen memoriala bere aginte eremuan zabalik delako aparteko tripako minik azaltzen ez duen Iñigo Urkullu lehendakaria eskuin muturraren ur nahasietan sartu da arraun egitera etorkizunera begirako memoriaren bandera astindu beharrean.

Irailaren 11. Diada. Iraganean bezala orainaldiaren ertzetara erbesteratzearen lainopean heldu da Katalunia. Herriaren hitzari bide ematearren jazarpena pairatu duen “proces” delakoaren azken erbesteratuak «ja soc aqui» noiz esan ahalko duen esperoan. Gatazka guztietan, indarkeriaren logika -horrek dakartzan oinaze guztiak aintzat harturik- baztertzerakoan, konponbideak loratzeko aukerak azaltzen dira.

Espainiar estatuan sortu den abaguneari betaurreko hautsien ordez begirada zabalarekin so egiteko interes osoa du bere lurraldearen zati bat Penintsulan duen herriak. Elkarrizketa eta demokrazia. Hitza eta erabakia. 25 urte igaro dira Lizarra-Garaziko Akordioaren bidez hazia ezarri zenetik. Adostasun agenda eguneratu eta zabaltzeko ordua da. Tourra zein Vuelta kari errepideetatik behin eta berriro hauspotu den nazio identifikazioa baino GPS fidagarriagorik, zer? •