Iñaki SANZ-AZKUE eta Amagoia MUJIKA TELLERIA

Metak, lausotzen ari den bizimodu baten paisaia

Belar-metak eta iratze-metak. Hernaniko Alkatxurain baserriaren atarian batzuk zein besteak topa daitezke. Gero eta zailagoa da gure parajeetan halakoak topatzea. Bertako baserritarrek ez dituzte egiten historia edo tradizioak gordetzeko, aziendarentzat -jateko eta azpitarako- «aukera onena» delako baizik. Aurten ia geratu dira metak egiteko iratzerik gabe, baina azkenean topatu dute konponbidea.

Patxi Artola 10 urte zituela hasi zen iratzea mozten.
Patxi Artola 10 urte zituela hasi zen iratzea mozten. (Jon URBE | FOKU)

Alkatxurain baserriaren babesean ari ginen berriketan. Belar- eta iratze-metak tarteko, arkeologoa, biologoa eta Patxi Artola, baserritarra, bataz eta besteaz hizketan, harik eta Patxik gertatzen zitzaiona kontatu zigun arte. Harrituta gelditu ginen. «Hori konpondu beharra zagok, Patxi. Horrek ezin dik horrela gelditu…», esan genion.

Eta hala. Esaldi horrekin hasi zen istorio berezi hau. Eta esaldi horrekin bailarako historiak bere bidea jarraitu du. Orain, Patxi eta anaia, Joxe, dira Ereñotzuko Akolako parajeetan iratzea edo garoa, edo haiek esaten dioten bezala, “iñistorra” mozten duten bakanetakoak. Ziur asko, azkenetarikoak metak egiten. Ez dute egiten tradizioak aurrera egiteko harturiko erabaki gisa. Ez historiari jarraipena emateko egindako hautu gisa. Iratzea mozten dute «azpitarako gauza hoberik ez dagoelako» eta meta egin, horiek biltzeko modu onena dela sinetsita daudelako. Txikitatik ezagutu dutena egiten jarraitzen dute. Non eta Ereñotzuko Akola parajearen magalean. Iratzearen lurraldean.

Alkatxurain baserriko atari ederra. Jon URBE | FOKU

Iratzearen lurraldea

Alkatxurain baserria -edo bertakoek ezagutzen duten moduan, Alkatxuin- Ereñotzun dago. Baserri inguruan baso txikiak, landaketak, belardiak eta sagastiak ikus daitezke oraindik, eta harrizko horma zahar txikiaren gainean, gune zelaian, metak. Anaiek egindako belar-metak eta iratze-metak. Izan ere, belardiez gain, baserritik ez oso urrun, Akola izeneko eremuan, iratze-tokiak ere aurki daitezke. Egun Aiako Harria Parke Naturalak barne hartzen duen eremuan, hain zuzen ere.

Gaur ikusten dugun paisaia, ordea, ez da inguruko bizilagun zaharrenek ezagutu izan dutena. Baserria galtzen joan den heinean, joan da ingurunea eraldatzen, eta hala, bizitzeko modu bati loturiko paisaia desagertzen joan da oso urte gutxian.

Alkatxuraingoek bezala, belaunaldiz belaunaldi, inguruko baserriek ere urtero-urtero moztu izan dute, duela gutxira arte, iratzea azpitarako. Horregatik, metak nonahi izaten ziren lehen. Baserri bakoitzean hainbat meta. Ez da harritzekoa, beraz, artxiboko dokumentuak begiratuta, Ereñotzuko iratze kontuak azaltzea, han eta hemen. Izan ere, iñistor kontuek zeresan handia izan dute beti inguru hauetan. Herritarren arteko gatazketatik hasi eta udal erabaki garrantzitsuetaraino. Horiek guztiek paisaia kultural bat sortu dute Alkatxurain baserritik oso gertu. Iratzeari loturiko paisaia bat, oraindik ere izandakoaren arrastoak dituena.

Sailez beteriko mendia

Patxi umea zenean, iratzea mozteko sailez beteriko mendia ezagutu zuen Akolako parajean eta inguruetan. Hernaniko izkina guztietatik etortzen ziren garoa moztera. Baserri bakoitzak bere saila izaten zuen eta hainbesteko bat ordaindu behar izaten zion Udalari horren truke. Sail horien sorrerak, ordea, badu istorio berezi bat, badu historia luzea. Izan ere, iratzea falta zelako, herritarren eskaera bati kasu eginez hartu zuen Hernaniko Udalak Epele eta Usoko bailaretako lurretan baso batzuk moztu eta iratzea mozteko sailak sortzeko erabakia 1890. urtean. Sail bakoitzak bere zenbakia izan ohi zuen, eta zozketak erabakitzen zuen sailen banaketa. Hala, ezinbestekoa zen iratzea izango zuten eta baserritarren artean horren ohikoak ziren gatazkak saihestu. Horregatik, garai hartatik 1970 ingurura arte iratze-toki zabal bat ikus zitekeen aipaturiko bailaretan. Kontakizun, gertaera, gatazka, auzolan eta beste mila istorioz beteriko eremua.

Egun, ordea, basoak hartu ditu iratze-toki horietako asko, eta gelditzen diren garo-lekuak Foru Aldundiak kudeatzen ditu. Horregatik, Patxik zer gertatzen ari zen kontatu zigunean… segituan pentsatu genuen: «Hau konpondu beharra zagok».

Aurten ia geratu dira metak egiteko iratzerik gabe. Jon URBE / FOKU

Iratzerik ezin moztu

Izan ere, Patxik eta Joxek, Alkatxuraingo anaiek, belar- eta iratze-metak egiten jarraitzen dute euren baserrian. Eta horiek egiteko, noski, belarra eta iratzea behar dute. Meta arteko berriketaldian, ordea, Patxik gauza kurioso bat onartu zigun: azkenaldian zailtasunak zituztela garo-metak egiteko. Ez iratzerik ez dagoelako inguruan, baizik eta azken urteetan arazo berezi batekin egin dutelako topo: gaur egun Gipuzkoako Foru Aldundia da Akola inguruko iratze-tokiak kudeatzen dituena. Hala, urtean behin mozten du iratzea horietan, uda eta udazken arteko muga horretan. Azken urteetan, alabaina, gauza berezi bat gertatu da. Alkatxuraingoek iñistorra moztu aurretik pasatzen dira Aldundikoak garoa ebakitzera, eta hala, iratze-tokirik gabe gelditu dira anaiak. Iratzearen lurraldean, ezin iratzerik moztu. Eta iratze gabe, ezin metarik egin, eta meta gabe, ezin ardien azpitarako garorik bildu. Patxik penaz kontatu zigun iratzerik ez zutelako ez zutela egiten metarik. Hala, bere baimenarekin kontaktuan jarri ginen Foru Aldundiarekin. Hitz egin eta… konpondu.

Konponbidea

Aldundiko teknikariekin hitz egin ostean, gaia ulertu zuten eta inguruko basozaina Alkatxurain baserrira igo zen, eta mendira igo, Patxirekin. Han adostu zuten anaiek iñistorra moztuko zuten gune berriaren kokapena eta zabalera. Aurrerantzean eremu hori ez du Aldundiak moztuko, bi anaiek baizik. Duela hamarkada batzuk Hernaniko baserriek, eta tartean, Alkatxuraingoek zuten bezala, orain iñistorra mozteko euren saila dute anaiek.

Mendeetan iratzea moztu izan den tokian jarraitzen dute, beraz, orain Patxik eta Joxek garoa mozten sega motzak astinduz. Nahigabe, Ereñotzuko paisaia kulturalari euren ekarpentxoa egiten jarraituko dute. Eta hala, bide batez, Alkatxurain baserriak izango ditu berriz ere iñistor-metak horma zahar txikiaren gainean. Eta berriz ere, joango gara arkeologoa eta biologoa, meten babesean iratze kontuei buruz hitz egiteko esperantzan. Bitartean, ordea, ezin aukera galdu eta Patxirekin elkartu da GAUR8. Iratzeaz hitz egiteko. Patxiren ahotik gero eta gutxiago ezagutzen den mundu bat azaleratzeko. Metei gorazarre eginez.

Artola sega arraitzarekin zorrozten. Jon URBE / FOKU

Hamar urterako, iratzea mozten

Oraindik ez dira goizeko hamarrak eta honezkero bi ordu baino gehiago daramatza Patxi Artolak iratzea mozten Ereñotzuko Akola inguruan. Atseden hartzen harrapatu dugu zuhaitz baten itzalpean. Beroak oso gogor joko duen eguna usaintzen da. Halaxe sumatu du Artolak goizean goiz esnatu denetik.

Alkatxurain baserriko semea da eta hamar urte zituenerako hasia zen iñistorra mozten eta biltzen. Laster beteko ditu 73 urte. «Iñistorra hemen garai batean Hernanira ere eramaten zuten. Agerre baserriko Eugenio txistua joz etortzen zen goizean, idiekin, iñistorraren bila. Hantxe zuten saila. Karroa kargatu eta Hernanitik joaten zen Agerreraino, Zinkoenetik». Agerre baserria Akolatik urrun samar dagoelako nabarmendu du Artolak kasua. Alegia, iratzea preziatua zen inguruko baserritarren artean.

Alkatxurainen oraindik ere maite dute; animalien azpiak egiteko eta simaurretarako onena horixe omen da. «Azken urte hauetan arbolak aldatu dituzte inguru hauetan eta laharra egin da. Eta laharra badu, iñistorra txarra geratzen da. Iñistorra bi urtera gastatu behar da ardiekin, azpiak egiteko. Baina, nahiz eta metan eduki, laharra han geratzen da, zuri-zuria, eta ardiari ilean itsatsi egiten zaio eta kaltea izaten da».

Abuztu amaieran eta irailean moztu behar da iñistorra. «Ilbeheran moztea komeni da. Ilea ere bai, beti ilbeheran moztu behar da. Ikusi nola daukadan nik ilea, hiltzeko garaia etorri eta oraindik ile mordoa buruan! Beti ilbeheran mozten dut. Eta iratzea, berdin». Sega motza erabiltzen du iratzea mozteko. Belarretarako, luzeagoa. «Izugarri polita da iñistorra moztea. Lehen behiarekin ibiltzen ginen, karroa bete eta etxera. Baina mantsoa da behia. Gero behorrarekin, hura bai azkarra. Orain traktorearekin aritzen gara. Bi traktorekadarekin, meta egiten dugu». Garraiatzeko modua aldatu da, baina ez iñistorra moztekoa. Patxi Artolak hamar urte zituenean eta orain, hirurogeitaka urte geroago, berdin mozten du iratzea.

Lehendabizi arraitza ateratzen du sega pototik. Sega zorrozteko zorroztarria da arraitza. Behin zorroztuta, iratzea mozten hasten da. «Horrela mozten da iratzea eta lanean ari zarela, bista pixka batekin, pila egitea komeni da. Hartara, gero kargatzera etortzen zarenean, sardea sartu eta oso-osorik harrapatzen duzu pila».

Iratzea moztu, baserriko atariraino eraman eta bertan meta egin. Oraintxe Alkatxurain baserriaren atarian dozena erdi bat meta daude; belar-metak batzuk eta iratze-metak, besteak. «Guk meta ahal dela ilbeheran egiten dugu. Ilbeheran eginez gero, berdin-berdin mantentzen da. Ilberrian eginez gero, egosi bezala egiten da eta iñistorra lermatu egiten da, makaldu. Orain baserritar askok esaten dute simaurra ilbeheran atera behar dela eta ni, berriz, beste aldean nago, ilberrian. Guk ardi simaurra ibiltzen dugu. Simaurra plastikoarekin tapatzen dugu. Horrek baporea sortzen du eta baporeak beheran geratu behar du. Hortaz, ilberrian ateratzen baduzu, babarruna eltzean bezala, egosi egiten da. Aldiz, ilbeheran ateratzen baduzu, igoal-igoal egoten da».

Belar eta iratze metak Alkatxurain baserrian. Jon URBE / FOKU

Belar-metak eta iratze-metak desberdinak dira, baita egiteko moduan ere. «Belar-metari beheko partean zarba egiten zaio, egurra jartzen zaio oinarrian. Hori egiten da hezetasuna ez pasatzeko belarrera. Gero, zarbaren gainean, belarra botatzen da. Hori iñistorrari ez diogu egiten, ez du behar. Belarra aziendak jaten du eta ilbehera eta ilberriarekin kontuz ibili behar da belar-meta egiteko garaian. Guk ardientzat egiten dugu. Belar-meta da aziendarentzat dagoen gauzarik onena. Askotan, metarako gauza ez, eta txorrokak egiten ditugu belarrarekin. Hori ez da toki askotan ikusten orain, gure etxean bai. Hori sekulakoa da aziendarentzat, ardiak oso gustura jaten du».

Alkatxurainen probak eginak dituztela kontatu du Artolak. Ganbarako biltegian jasotako belarra jarri bazter batean eta metatik hartutako belarra, bestean. Ardiek beti lehendabizi metako belarra jaten omen dute. «Eta ardiak jakintsuak dira», dio Artolak.

Metak maite ditu eta defendatzen ditu Patxi Artolak. Belar-metan eskua sartu eta belar sorta bat atera du, «usaindu, usaindu. Horrelako usainik ez dago». Eta usain horretan biltzen da hainbeste eskarmentu eta jakintza. «Niri jende askok esaten dit, ‘motel, motel, duela berrehun urteko gauzekin ari zara zu’. Ez dakit, agian duela mila urteko gauzak dira. Baina lehengo zaharrak ez ziren tuntunak eh? Orain sekulako aurrerakuntzak daude eta berrehun behirekin ere, baserri askotan ezin bizi. Lehen, sei behirekin familia handiak bizi ziren. Hobeto al goaz? Niretzat ez».

Patxi Artolak iñistorra mozten eta biltzen du, baina metara ez da bera igotzen. Normalean, etxe guztietan lanak ondo banatuta egoten dira: batzuk behetik gora belarra edo iratzea botatzen eta besteak goian, hori ordenatu eta metari forma ematen. «Nik alerik ez dut egin bizitza osoan. Beti anaia igotzen da, berak egiten ditu. Ni beti beheran. Sardea propio egina daukat, metak egiteko, kirten luzearekin. Eta beti behetik aritzen naiz. Goian beti anaia, bai iñistorrarekin bai belarrarekin. Gure aita ezagutu dut meta egiten, baina denbora gutxian. Anaia hasi zen berehala eta berak egiten ditu beti. Koinatua ere artista izan da metak egiten. Jakin egin behar da».

Eguzkia gogor jotzen ari da, oporrak aipatu ditugu. Ezkondu zenean eztei-bidaian Kanariar irletara joan zen Patxi Artola. Ez omen zuen ondo pasatu. «Askoz hobeto nago ni hemen, iñistorra biltzen. Goizeko seiak laurden gutxiagotan sukaldean nintzen, lapikoko kafea edaten. Eta gero iñistorra biltzera. Askoz nahiago dut hori oporretara edonora joan baino». Hurrengora arte Patxi, hurrengo metara arte.