Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria
PANTAILA TXIKIAN

Arkitektura eta telesailak

Ez nuen sekula imajinatuko arkitekturarekiko interes berezirik izango nuenik. Are gutxiago, gaiari buruz idatziko nuenik, baina berriki ikusi dudan «Arkitekten» telesailak behar hori sortu du nigan. Lasai, ez naiz eraikuntza motei buruzko teoria aspergarriez ariko; gaia nire eremura eraman dut eta arkitektura telesailen munduan nola jorratu den aztertzen aritu naiz. Honako hauek, topatu ditudan izenburu interesgarrienak.

”Arkitekten”

FILMIN

Telesail honen “erruz” aukeratu dut gai hau. Gustatu ez zaidanarekin hasiko naiz: motzegia da, eta 80 minutuko film bat izan zitekeena lau ataleko telesail formatuan zabaldu izana ez dut oso ongi ulertu. Hori aipatuta, Berlingo Zinemaldian telesailik onenaren saria eskuratu zuen ekoizpen norvegiar hau oso interesgarria iruditu zait, kontatzen duenagatik, baita azaltzeko moduagatik ere. Hirietako bizimodua errotik aldatu den gizarte bat aurkezten du; ia inork ezin du etxebizitza bat erosi, eta dirudunak salbu, gainerakoek kalean edo zokoetan bizi behar dute. Etxebizitza eskasia eta automatizazioa puntu gorenean direla -droneak txakurrak paseatzen, adibidez-, Julie arkitektoak ideia ausarta proposatuko du: lurpeko aparkaleku hutsak bizitegi eraikin bihurtzea.

Etorkizun distopiko batean girotuta dagoen arren, bertan ikusten diren gertaera ugari ezagunak egingo zaizkizue. Tonu satirikoa erabiliz, gizartea hartzen ari den norabide kezkagarriari buruzko galdera sakonak egiten ditu eta gustatuko litzaigukeena baina gertuago dagoen etorkizun beldurgarria islatzen du. “Sci-fi” ekoizpen mota hauetan ohikoa dena baino aurrekontu eskasagoa izan duten arren, ezin hobeto zukutu dituzte baliabideak ekoizpen diseinu futurista eta dotorea gauzatzeko. Ikusi beharrekoa.

“The Imagineering Story”

DISNEY+

Tranpa apur bat eginez jarraituko dut tartea, ez baitakit oso ziur izenburu hau arkitekturaren eremuan ofizialki sartu daitekeen, baina honatx gomendioa. Disney-ren munduaren fanatikoa bazara eta diseinuaren eta arkitekturaren zale amorratua, “The Imagineering Story” da ikusi behar duzun hurrengo telesail dokumentala.

Sei ataletan, Walt Disney Kaliforniako Disneyland parkea eraikitzera eraman zuen istorioan barrena bidaia egingo duzu. Atal horietan, Disney Imagineering-en kameren atzealdea edota parke eta resorten proiektu arkitektonikoak diseinatu eta garatzeko zentroa ezagutuko dituzu, besteak beste. Zenbait artista eta ingeniariren eskutik, munduko parke tematiko garrantzitsuenaren atzeko sormen-prozesua ere ezagutuko duzu. Parke hauek bisitatu ditugunontzat polita da ikustea zer nolako lana dagoen horren atzean. Bestalde, kontuan hartu beharreko zerbait: dokumental hau Disney-k egina dela eta Disney-rentzat. Zer esan nahi du horrek? Lanari ez diola balioa kentzen, baina ez duzula neutraltasun zipitzik topatuko. Zenbait unetan hartutako erabakien inguruko autokritika apur bat ere ikus daitekeen arren, nabari da lan honek erakusten duen guztia “politegia” dela eta alderdi negatiboak ez direla apenas azaltzen.

“Bauhaus: Die Neue Zeit”

FILMIN

Bauhaus Alemaniako arte, diseinu eta arkitektura eskola ezagun bat izan zen. Sei ataleko serie hau haren sortzaileen arteko harremanari buruzkoa da. Bauhausen emakumeak eta gizonak berdin tratatzen zituztela zabaldu den arren, telesailak zalantzan jartzen du hori hasieratik. Paul Klee, Vasily Kandinsky, Mies Van der Rohe... izen ezagunak pasatu ziren hortik, bai irakasle gisa bai ikasle gisa aritu zirelako. Eta emakumeak? Eskola horretan edonork eman zezakeen izena, eta zenbait emakumek hori bera egin zuten, baina orduan mugak etorri ziren. Izan ere, paradoxikoki, Walter Gropius lehen zuzendariak sexuen arteko berdintasuna aldarrikatzen zuen arren, eskolari historikoki lotutako izen gehienak gizonenak izan dira. Emakumeak salbuespen gisa aipatzen dira.

Sorreran, estatutuen arabera, emakumeak onartzen ziren, eta berritzailea zen hura, izan ere, ordura arte, arte eskoletan soilik onartuak izaten baitziren, baina arkitektura eta beste tailer batzuetan izena ematea debekatua zeukaten. Arkitekturaren munduan garrantzitsua izan zen Bauhaus eskola, baita bertan parte hartu zuten emakumeak ere. Telesailak hala erakusten du hori; horregatik aukeratu dut. Baina egiari zor, seriea ez da bereziki ausarta, gai hori nahiko azaletik jorratzen duelako. Bertan azaltzen diren emakume artisten inguruko tramak maitasun istorioen norabidea hartzen baitu, emakumeen jardun artistiko eta profesionala apur bat bazterrean utzita.

“Abstract: The Art of Design”

NETFLIX

Diseinatzaile berritzaileenen adimenean murgiltzeko aukera izango duzu dokumental sorta honekin. Ilustrazioa, artea, diseinu grafikoa, argazkilaritza, arkitektura… diseinuaren gaia jorratzen du oro har, eta ez soilik arkitekturarena, baina mundu hori gustuko baduzu, ziur gozatuko duzula. Protagonista bakoitzaren esperientziatik eta bizitza pertsonaletik abiatuta, zenbait istorio ezagutuko dituzu zein baino zein mamitsuagoak: Bjarke Ingels arkitekto daniarra; Christoph Niemann ilustratzaile alemaniarra; Ilse Crawford historialari, editore eta barne-diseinatzaile ingelesa; Es Devlin artista eta diseinatzaile eszenografikoa eta Paula Scher diseinatzaile estatubatuarra, besteak beste. Pertsona horiek diseinatzaile gisa eta batez ere pertsona gisa ezagutzeko aukera paregabea da ekoizpen hau. Hasi eta amaitzen diren istorioak izan arren, guztien itxura estetikoa eta horien arteko lotura asko zaindu direla nabari da, eta horrek bisualki jarraikortasuna ematen dio proiektu osoari.

“The World's Most Extraordinary Homes”

NETFLIX

Izenburu hau aurrekoak baino askoz arinagoa eta sinpleagoa den arren, aproposa iruditzen zait egunerokoaz deskonektatzeko. Eduki mota aldetik, telebistako biki horiek egiten dituztenen zaku berean sartuko nukeen arren, honek askoz nortasun handiagoa duela uste dut eta bisualki landuagoa dago. Piers Taylor arkitekto sarituak eta Caroline Quentin aktoreak munduan zehar bidaiatuko dute muturrera eramandako arkitektura lanak ezagutzeko; izan leku bitxietan eraiki dituztelako, izan lan harrigarriak direlako. Aurkezleek era nahiko didaktikoan eta arinean azalduko dizkigute etxe bakoitzari buruz dituzten iritziak eta eraikuntzari zein diseinuari buruzko datu bitxiak. Elkarrizketak ere egiten dizkiete arkitekto arduradunei.