Garazi GOIA - @GaraziGoia
Idazlea
3 BEGIRADA:

Esperimentuak

Afari-bilera batean hobeto igartzen dira pertsonen xehetasunak.
Afari-bilera batean hobeto igartzen dira pertsonen xehetasunak. (GETTY. PRESS | . PRESS)

Etorkizunerako inbertsioa egin nahi dugula esaten dugu eta Londresko negozio eskola entzutetsuenetara joaten gara «talentu bila». Inkoherentzia eta inklusio-gabeko prozesu bat dela ez dira denak konturatzen, aniztasuna libreki erabiltzen dute beraien erretorikan. Baina tira, populazioaren proportzio txiki bat ordezkatzen duten aldetik, horietako batzuk ere egon behar dira gure lantaldeetan. Horrela justifikatzen saiatzen naiz ni.

Bi urteko MBA ikastaroa amaitzear dauden ikasleen gela batera joan nintzen astelehenean, LBS campusera. Hirurogei bat ikasle zeuden, gehienak 25-30 urte artekoak. Norabidez aldatzea zen batzuen helburua; beste batzuek oraindik egin nahi duten horren bilaketan jarraitzen zuten; hirugarren talde batek negozio dimentsio bat eman nahi zion bere ibilbideari. Eta, noski, 80 mila liberako ikastaroak ematen dien prestigioa (eta zorra) zeukaten denek komunean.

Gure enpresan egiten duguna kontatu eta diferentziazioa azaltzea zen nire egitekoa. Nire istorioa kontatu nien, denok bide ezberdinetatik gatozela, baina gustuko dugun horri heltzean edo gustuko dugun hori zer den konturatzean, teorian behintzat denontzat dagoela lekua esan nien (anbiguotasunez betetako inklusibitatea aplikatuz berriro ere). Indibidualismoa eta lehiakortasuna gailentzen ziren gela hartan arrazionaltasuna hautsi beharra zegoen. Hitzaldiaren ondoren, “networking” saioan, banaka edo talde txikitan interesatuta zeuden haiekin elkarrizketa pertsonalizatuagoak eduki nituen. Elokuentziaz galdera sofistikatuak egiten zituzten. Inork eman ez dien eskubideari helduz, batzuetan harrokeria ukitu batez.

Saioaren ostean, nire lan berdina egin zuten beste hiruzpalau enpresetatik bat aukeratzeko eskatu zitzaien. Eta, behin hori eginda, gure enpresa aukeratu zutenei ikus-entzunezkoen eta telekomunikazioen artean lehentasuna adierazteko esan genien. Hori eginda, 10 pertsonen zerrenda pasatu zidaten giza baliabideetako lankideek. 10 pertsona horiek, ikus-entzunezkoetan interesa zeukaten, gure enpresan lan egiteko kuriositatea, eta nirekin afinitate bat sentitu zuten.

Hamar horiekin afaltzen izan naiz gaur. Inbertsioa egin nahi dugula erakusten jarraitzen dugu. Leku atsegin batean haiekin denbora pasatzeko “esfortzua” egingo dugula, bi orduz. Interesgarria izan da mahai inguruko dinamika. Elkarrizketa normal batean ikusi ezin diren hainbat gauza berehala detektatu ahal dira.

Orain bi aukeratu behar ditut, eta azken elkarrizketa egingo dute etzi nirekin eta beste lankide batekin.

Enpresan denbora bat daramate prozesu hau egiten. Eraginkorra dela esaten didate, justua -bi aldeetako erabakiak daudelako-, eta hainbat asteetako prozesu luzeak ordezkatu dituela. •