Maddi AIESTARAN

Zorionak, Errekaleor!

Pasa den asteburuan -eta aurretik- lanean aritu zareten auzokide, laguntzaile, teknikari, sukaldari, artista eta lagun guztioi, zorionak. Aurreneko portale hura okupatu zenutenoi, zorionak. Auzo aske batekin amets egin zenutenoi, zorionak. Egunero-egunero auzo aske bat eraikitzen duzuenoi, zorionak. Hala Bediri, zorionak. Jazarpen polizialaren kontra borroka egiten duzuen militante guztioi, zorionak. Auzolana Pilotalekuari, zorionak. Auzo-boterean sinesten duzuenoi, zorionak. Gasteizko Gaztetxeari, zorionak. Udalaren eta poliziaren erasoei etengabe aurre egiten diezuenoi, zorionak. Sumendiri, zorionak. Auzokideen arteko zaintzan sinesten duzuenoi, zorionak. Elkarlan honen parte zareten gainerako eragileei, zorionak. Etxeei bizi-bizi eusten diezuenoi, zorionak. Etxebizitza-eskubidearen alde borrokan ari zaretenoi, zorionak. Pareta hutsak kolorez betetzen dituzuenoi, barrutik eta kanpotik, zorionak. Auzotik joan zinetenoi, zorionak. Auzokideoi, zorionak. Hamargarren urteurrena bertan ospatu duzuenoi, zorionak. Proiektuan sinesten duzuenoi, zorionak. Hamar urte egin dituzuelako, zorionak.

Bakarrik ezin da biderik urratu, bakarrik ezin da auzorik eraiki, eta bizi-bizirik sentitu. Hamar urte egiteko, pausoak hamaika egin behar izan dira. Hamaika begi, esku, iritzi, zalantza, ideia, asanblada, auzolan; hamaika kolpe, zalantza, oztopo, kudeaketa, eztabaida; hamaika egia, eta hamaika gezur. Hamar urte egiteko, hamaika lagunek luzatu duzue bidean eskua; eta horiek guztiak nahi zintuzketet zoriondu. Eskuz esku eta atzapar zitaletatik at, elkarlanean eta autogestiotik, auzoak bizirik segituko du beste hamaika urtez. Zorionak, Errekaleor! •