Gilen TXINTXURRETA BEITIA - @GilenTxintxu
Arkitektoa
3 BEGIRADA:

Bienala

Sevillako Real Fabrica de Artilleria.
Sevillako Real Fabrica de Artilleria. (Gilen TXINTXURRETA)

Urriaren hasieran arkitekturak oholtzara jauzi egiten du arkitektura astearen aitzakian, eta bere baitan denetariko ekintza eta biltzarrak antolatu ohi dira, egindako lana goraipatu eta egiteke dagoenaren inguruan hausnartzeko.

Ausaz, Sevillan egotea suertatu zait bertan XVI BEAU (Bienal Española de Arquitectura y Urbanismo) ospatu zen bitartean, eta hitzaldi zein esposizioez gozatzeko aukera izan dut.

Maria Gonzalez, Juanjo Lopez de la Cruz eta Angel Martinez andaluziarrek zuzendutako bienalak arkitekturaren ikuspuntutik orainari begiratu nahi izan zion, gizarte modura dauzkagun erronkak eta larrialdi klimatikoa irizpide hartuta. Datu gisa: Urriak 5, 38 gradu Sevillan.

Arkitektura-bienala izanik, agerikoa dirudi planteamendu horrek, baina sarri bere izanaren funtsa den errealitate fisikoa eraldatzeko gaitasunaz ahaztu egiten da arkitektura, eta besteren batek planteatutako beharrei erantzutera mugatzen da. Arkitekturak izaera propositiboa ere badu, diseinuaren bidez giro bizigarri eta hunkigarriak sortzeko gai den diziplina izanik, eta bienalak hori egiten jakin duten 20 proiektu saritu ditu.

Hitzaldiei amaiera emateko, Andreu Escriva (València, 1983) ingurumen aditua gonbidatu zuten diziplinaz kanpoko begiradaz arkitekturaren mundu endogamikoa apur bat ziztatzeko, eta, aurkeztutako proiektuak goraipatu bazituen ere, haietako askoren eskala txikiak mende berriaren erronkei aurre egiteko egokiak bai, baina nahikoa ez zirela planteatu zuen. Esaldi biribil batekin bukatu zuen: «Larrialdi klimatikoari aurre egiteko erremintarik onena Plan Orokorra da». Plan Orokorra hirien garapena zein funtzioen banaketa arautzen duen dokumentua da, sarri luzeegia, sarri konplexuegia, eta azken urteotan, aurrera eramateko gero eta zailagoa. Baina, Escrivak arrazoi handiz esan bezala, hiriaren antolakuntzak haren funtzionamendua baldintzatuko du, eta, kutsadura funtzionamendu horren ondorio izanik, hura murrizteko lehenengo tresna da.

Saritutako Carles Enric (Bartzelona, 1980) eta Iago Fernandez (Vigo, 1983) arkitektoek baieztapenari ñabardurak gehitu zizkioten. Plan orokorrak beharrezko diren moduan, interbentzio azkarrak, arrakalak aprobetxatzen dituztenak eta planen malgutasun faltari ihes egiten diotenak ezinbestekoak dira proiektu aktibatzaile eta kontzientziatzaileak sortzeko. Eraldaketa handiagoen hazia landatzearen beharra defendatzen zuten, palanka proiektuen beharra. Katalanak azaldu zuenez, Bienalean saritua izan zen bere proiektua 6 urteren ostean oraindik onartu ez zen Plan Zuzentzaile batetik sortu zen: ubide zati txiki baten berreskurapen azkar eta merkea Bartzelonako Vallbona auzoan. Proiektu txiki horrek planak berak baino askoz eragin positibo gehiago sortu du jadanik inguruan.

Eztabaidatik harago, bi diskurtsoak bateragarriak dira, estrategiak eta planak beharrezkoak dira epe luzeko helburu eta jomugak argi izateko, baina tentuz ibili behar gara, plan horiek askotan egunerokotasunaren eta epe labur eta ertainaren gestioa asko konplikatzen baitute. Makro eta mikro begiradak sintonian egon behar dira, eta arkitektura onak gaitasun hori izaten du, proiektu konkretua testuinguru zabalago batean modu egokian txertatzekoa. Bienalean saritutako proiektuak eredugarriak dira zentzu horretan, eta, eskala baino, imitaziorako modelo egokiak izatea da haien meritua.

Arkitekturak ingurua aldatzeko duen gaitasuna izan zen bienalak zabaldu nahi izan zuen ideia, eta, proiektu sorta bikain baten bidez, espainiar Estatuko arkitekturak duen dinamismo, ideia freskotasun eta kalitatea goraipatu ziren. Baina-rik jartzekotan, euskal arkitektura falta finalisten artean. Niri zer pentsatua eman zidan. •