Erika LAGOMA POMBAR
{ KOADERNOA }

Egia

Pilatok galdetu zion: «Orduan, zu errege zara?». Jesusek, erantzun: «Zuk esan duzu: ni erregea naiz. Nik egiaren testigantza ematen dut, horretarako jaio naiz eta mundura etorri. Egiaren alde dagoen orok entzuten du nire ahotsa». Pilatok: «Eta zer da egia?»... (San Juan 18, 37-38)

Urriaren 17ko arratsaldean, leherketa batek sarraskia eragin zuen Gazako Al-Ahliko ospitalean. Bertan, beste bonbardaketa batzuen biktimak eta esparruan babestu ziren familia desplazatu andana zegoen, inguruko leku seguru bakarrenetarikoa zelakoan.

Hilotzez inguratuta, ospitaleko osasun-langileek eta Ministerioko kideek prentsaurrekoa eman zuten gauean: «Aurreikus zitekeen gerra krimena da. Israelek mundu guztiari ohartarazi dio Palestinako ospitaleei eraso egingo ziela, eta horixe egin du».

Israelek gau hartan bertan ziurtatu zuen ez zuela ospitalea bonbardatu. Beren sistemak Gazatik, oso gertuko hilerri batetik, jaurtitako hainbat kohete identifikatu zituela eta eraikinean ez dagoela kalte estrukturalik, ez dagoela misil israeldar batek utzitako kraterrik.

Ongi dakigu egia ez dela elementu absolutua. Ezin dugu egiaren ezagutzara iritsi, ez iristea ezinezkoa delako, ezagutzen dugun hori egia dela onartzea ezinezkoa delako baizik. Hurbildu gaitezke baina.

Egokitasuna: Egiazkoa da guk ezagutzen dugun egiarekin bat badator.

NBEren hitzetan, Palestina lurralde okupatua da, eta aspalditik eskatzen dio Israeli handik erretiratzeko, legez kanpoko kokaguneak geldiarazteko eta estatu palestinar baten sorrera ez oztopatzeko.

Ebidentzia: Egia da agerikotzat hartzen duguna edo faltsua izatea ezinezkoa dirudiena. Israelek ospitalearen hustuketa agindu zuen. Hamasek ez dauka kalte hori eragin dezakeen misilik. Israelek bideo faltsu bat erabili zuen gertakaria gezurtatzeko. Israelgo armadak eremu hori berori bonbardatu zuen…

Koherentzia: Egia da koherentzia duenean eta beste egiekin kontraesanean ez dagoenean.

2014an, Israelgo armadak Nazio Batuen eskola baten aurka hildakoak eragin zituen erasoa gauzatu zuen. Hamas izan zela aldarrikatu zuen. NBEren ikerketak eskolen aurkako eraso guztiak Israelek eragindakoak zirela frogatu zuen.

Baliagarritasuna: Egiazkoa da baliagarritzat jotzen dena edo funtzionatzen duena, arazoak konpontzeko eraginkorra dena. Nazio Batuen Erakunde sortu berri batek, Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Holokaustoaren aurrekariarekin, Ameriketako Estatu Batuek eta Sobietar Batasunak Palestinan estatu judu bat sortzearen aldeko jarrerarekin, 1947an “bi Estatuen irtenbidea” proposatu zuen, Palestina bi Estatutan banatzea. «Bata arabiarra eta bestea judua, Jerusalementzat nazioarteko erregimen berezi batekin». Bistakoa dena ez dut idatziko.

Kontsentsua: Zerbait egia da komunitate baten barruko adostasunaren emaitza bada eta elkarrizketaren emaitza bada. 1948an, David Ben-Gurion sionistak Israelen independentzia aldarrikatu zuen, nahiz eta eskualde hartan, Palestinan, mende luzez bizi izan zen eta bizi den herri bat egon.

Benjamin Netanyahuk, Joe Bidenek, Ursula Von der Leyenek, objektibotasunaren izenean distantziakidetasunez jokatzen duten hedabideek, sasi-tertuliakideek… gogorarazi digute, egia boterearena dela, gainontzekoei haiena inposatzeko gai direnen pribilegioa. Ikusi nahi eta ahal duenarentzat, aldiz, badaude gortinarik gabeko leihoak. •