Maitena Usabiaga
Sexologoa, psikologoa eta Zesua zentroko arduraduna
3 BEGIRADA:

Egiak

Denok ditugu esan nahi ez ditugun egiak. Agian partekatzeak askeagoak egin gaitzake.
Denok ditugu esan nahi ez ditugun egiak. Agian partekatzeak askeagoak egin gaitzake. (GAUR8)

Behin baino gehiagotan hitz egiten dut film bati buruz. Ikusten dudan bakoitzean gero eta gehiago gustatzen zait, ñabardura gehiago ikusten eta ulertzen ditut. Une bakoitzean desberdin sartzen da barruan, une bakoitzean ezberdin begiratzen baitut. Zein da zure egia? Dio behin eta berriz. Zein den nire egia? Galdera motza eta konkretua, zuzena. Niretzat, zaila. Eta erantzuna? Puf.

Baionak zuzendutako filmaren protagonistak ezin du bere egia atera, mingarriegia egiten zaio. Egia ateratzen bada, hondoratu egingo dela uste du, mamu guztiak esnatu eta infernura eramango dutela. Zure egia esateak, zulora eraman zaitzake. Horrela, nahiago izaten dugu ez arriskatu eta gertatzen, sentitzen duguna barnean gordetzea. Askotan, nahiago dugu hil, egia onartu baino. Eta ez naiz heriotza literalari buruz soilik ari, modu asko baitaude hilda sentitzeko. Zarena sakrifikatzeaz ari naiz, sentitzen duzunari kasurik ez egiteko hautua hartzeaz, zaurgarritasunaren aurrean ez ikusiarena egiteaz…

Egiak esateak beldurtu egin gaitu. Eta beldurrak kontuz esaten digu: «Ez egin hori, ez aldatu, ez joan hortik, arriskutsua da dena, kontuz, ez egin, hemen gelditu, ezin duzu hori esan, ezin duzu hori pentsatu, ez egin, kontuz!». Mezu hauek garrantzitsuak dira eta, era berean, ez dira existitzen diren mezu bakarrak. Beldurrak alde batetik soilik ikusten ditu gauzak. Ez du perspektiba osoa. Eta gu beldurra baino gehiago gara. Eta zer nahi duzue esatea, beldurrarekin ere ahal ditugu gauzak egin. Beldurtuta ausartak izan gaitezke.

Ikarak ez digu informazio osoa ematen. Ez digu esaten barruan duzun hori ateratzean izugarrizko askatasuna sentituko duzula, pisua zuen korapiloa askatu egingo dela. Listo, esan duzu, ez dago borrokarik. Onartzeak ematen duen lasaitasuna ezin da beste ezerekin alderatu. Sentitu al duzue noizbait? Espero dut baietz.

Eta agian pentsatuko duzue, zein egiari buruz ari da hitz egiten hau? Asko maite duzun pertsona batek min egin dizula onartzea. Bai, zuri hori pasa zaizula onartzea. Aukeratu zenuen pertsona horrekin zoriontsua ez zarela adieraztea. Duzun sufrimendua bukatzea nahi duzula ondorioak edozein direlarik. Nahiago duzula heriotza etorri eta gaixotasunak sortzen duen sufrimendua bukatzea. Mina sortu duzula onartzea. Ezin izan zenuela salbatu ikustea. Zure bizitza akatsez beterik dagoela konturatzea. Eta beste mila egiaz ari naiz.

Beldurra eskutik hartu eta abentura hau bizitzea erabakitzen baduzu, adi egon. 12.07an bisita bat izango duzu. Munstro baten itxura du, handia da, asko ezagutzen zaitu eta ipuin desberdinak kontatuko dizkizu. Eta zuk kontatuko diozu azken ipuin bat, zure egien istorioa. Lasai, munstroa ez dator mina egiteko, zure laguna da, zure bidelaguna. Denok ditugu esan nahi ez ditugun egiak. Agian partekatzeak askeagoak egin gaitzake. Agian ohartuko zara zure egiak eta nireak, antzekoak direla.

Eta zeintzuk dira zure egiak? •