Gorka Zozaia
Kimikaria
3 BEGIRADA:

Itxaropen berri bat

Lindanoak isomero anitzak ditu.
Lindanoak isomero anitzak ditu. (GAUR8)

Izaten da lantzean behin. Fikzioan, bederen, saga erraldoi baterako lehen hazia eman zuen 70. hamarkadan, inperioen eta erresistentzien arteko guda izarretan betikotuz. Garai horietan, itxaropen berri hori Europako Batasunak Lindanoa nekazaritzan erabiltzeko debekua izan zitekeen, apika. Edo Lindanoaz haratago, Konposatu Organiko Iraunkorrak desagerrarazteko Stockolmeko hitzarmena izan zitekeen mendea hastearekin kantuz iragartzen zen hurrengo geltokia: esperantza. Luze gabe, baina, euskaldunok esperantzara kondenatuta gaudela ikusiko genuen, Barakaldo, Alonsotegi eta Sestaoko herritarrak urez hornitzen zituen Oiolako urtegian orduko legediak onartutakoa 12 aldiz gainditzen zuen kontzentrazioan antzeman zirenean HCHaren isomero anitz, 2008an, EBn debekua indarrean sartu zen urte berean. Paperak dena aguantatzen duen bitartean, konposatu iraunkor, toxiko eta biometagarri hauek bere bidea egiten jarraitzen dute zeharo deskontrolaturiko zabortegietatik erreka eta itsasoraino, bidean bizidunon gorputzak zeharkatuz.

Lindanoaz luze hitz egin da gure herrian, baina merezi du problematika azaltzeak. HCH Hexakloroziklohexenoaren laburdura da, C6H6Cl6 da bere formula kimikoa, eta irudira ekarritako isomero anitzak ditu, lindanoa gama isomeroari deritzolarik. Denek dituzte pestiziden ezaugarriak, beste konposatu organokloratu batzuek bezala, eta masiboki erabili izan dira XX. mendearen bigarren erdian, nekazaritzan nagusiki, baina baita zorriak akabatzeko ere. Lindanoa da isomerorik eraginkorrena -toxikoena, baina era berean gorputzetan gutxien metatzen dena-, eta horregatik zentratu zen beronen fabrikazioan. Arazoa, baina, lindano tona bat ekoizteko, zabor gisa, gainerako isomeroen sei eta hamar tona artean sortu izana da, eta jakina, zabor honen kudeaketa guztiz deskontrolatua izan da. Konposatu toxikook lekuan gorde eta tratatu ordez -ikaragarri garesti litzaiekeena-, han-hemenka bota izan dira, hobietan, meatzetan,... nonahi. Hainbeste, ezen egun erronka nagusi bat errekatan antzematen den HCHaren jatorria antzematea baita. Atera kontuak: lindanoa gurean Barakaldo eta Asuan soilik fabrikatu den arren, zaborrak Murtziaraino iritsi baitira, baita alderantziz ere, Viana zein Iguzkitzara, Samiñanigon sorturikoak.

Bada, anabasa honen erdian, heldu da asteon itxaropen berri bat, lindanoa lurretik kentzeko konposatu bat sortu dutenean Nafarroako Unibertsitateko eta Magna eta Emgrisa enpresetako ikertzaileek. Magnesio oxidoa eta karbono aktiboa ditu osagai konposatu berriak, mikroporoz betea dago, eta bereziki xurgatzailea dela adierazi dute, lindanoaz gain metal astunak berreskuratzeko balio duelako, besteak beste. Konposatu hau ekoizteko eta aplikatzeko ere oso erraza omen da, zuzenean aplika baitaiteke kutsatutako lurzoruan, isolatu gabe, denbora gutxian lindanoaren %70 inguru ezabatzeko gai delarik. Itxaropenak beti pizten du argitxo bat, iluna itsugarria izanagatik. Ez da segurtasunaren berme, menderatzaileek sinetsarazi nahi diguten bezala, baina aitzitik, bizirik gaudela erakusten digu, kaltetuta, baina bizirik! •